2016tik Ipar Euskal Herriko mendiguneko eragile gehientsuenek ofizialki eskatua zuten Eskualdeko Parke Natural (EPN) bilakatzea. Urte hortan berean Akitania Berriko Kontseiluak bere baimena eman zion eskaerari. Hara zer hainetaraino heldua den egitasmoa.
Akitania Berriko Kontseiluak Euskal Herriko Parke naturalari bere baimena emanez geroztik azken larrazken ondarra arte iraun duen oportunitate inkesta eramana izan da. Molde arras parte hartzailean euskal mendiguneko hainbat aktore eta sozioprofesionalek ondorioztatu dute EPN sailkatze hori zela molderik egokiena eta eraginkorrena aipatutako mendi lurraldearentzat. Iragan abendoko Eskualdeko Kontseiluaren osoko bilkurak aho batez bozkatu zuen EPN horren eraikitzearen bigarren faserat iragaitea.
2019 urte hastapen huntarik pasatzen gira beraz fase berri eta erabakigarri batetarat: Euskal Mendia EPNaren bide orria edo xarta idaztearena. Fase berri hortan bide lagun gertatuko dira bereziki Eskualdea, Euskal Herri Elkargoa eta hunen partaide diren ibarretako batzorde edo komisione sindikalak (Xiberokoa, Oztibarrekoa, Garazikoa eta Baigorrikoa…). EPN tresna izan beharko da beraz, tresnarik egokiena euskal mendiguneak ezagutzen dituen hainbat desafioeri aurre egiteko, izan ahulezia sozioekonomiko edota demografiko, bainan baita ere balorizatzeko bere hainbat aspektu baikor : ingurumena, ondarea, bizi kalitatea edo mendi eremuen edertasun naturala… EPN baten sortzeak hamabost urterako perspektiba batean kokatuz segurtatu behar luke hainbat arlotako ekimenak indartzea epe ertain eta luze baterako logika batean, orain arteko aldian aldikoa saihestuz.
Jendea/Ingurumena/ Kultura triptikoa
Erran beharra dago EPN horren xarta idazteko orduan, ez girela zerotik abiatzen. Alabainan, Iparraldeko mendigunearen geroaz eztabaidatzen eta sakonki aztertzen hasi zen 2003an jada EHko Garapen Kontseilua. Ordukotz mamitu eta publiko egin zuen “Euskal mendiaren garapen iraunkorrerako xarta” deitu dokumentu baliosa. Ondorio gisa 2007an mendigune tokiko eragile publiko eta pribatu guziak biltzen hasi ziren lurralde horren geroaz elgarrekin trukatzeko eta erabakitzeko. Europar Leader programa baten bidez lehentxeago idatzitako xarta haren hainbat helburu operatiboak gertatu ziren, 2007 eta 2014 arte hortan Leader tresna baitezpadakoa gertatu bada ere, bere mugak eta ahalmen eskasiak ere agertu zituen eta beste etapa baterat pasatzeko gogoa eta beharra sentitu zen mendiguneko eragile ezberdin horien aldetik.
2014an beraz, Euskal Mendiaren gobernantzaz txosten bat atera zen, zoinek argiki aholkatzen zuen Euskal Mendia izeneko EPN bati buruz pentsatzen eta bide egiten hasi beharko zela. 2018 urte bukaeran agertu den oportunitate fase eta estudioak baieztatu baizik ez du aintzinetik egindako diagnostikoa. Oportunitate estudioak lehen planoan jarri du ezinago argiki Jendea/Ingurumena/ Kultura triptikoa, hau izaiten ahal delarik biharko EPNaren nortasun agiria. Mendigunearen edertasun naturalaren heineko hauskortasuna edota ahulezia bat ere erakusten du haatik. Alde ezkor horrek ondorio zuzena jada duelarik mendigunearen modelo ekonomikoaren iraunkortasunean baita bere ondarearen zaintzean. Mendiguneko laborantza modeloak ere orain arte jakin izan badu erresistentzia egiten beste gune batzueri konparatuz, nekezia agerikoak baditu instalatze arloan eta segidarik gabeko etxaldeen zerrenda doi bat luzeak begi bixtakoak eta ezagunak dira gaurtik.
Desafio gogorrak
Ordulariaren kontrako lasterketa abiatua da eta gainditu beharreko desafioak sailkatuak ditu EPNaren oportunitate fase estudioak. Mantendu hitzaren inguruan oinarritzen dira gehien bat: mantendu ondarearen eta ingurumenaren aberastasun naturala, mantendu laborantza etxaldeen heina eta zergatik ez gorantz joanez ere, mantendu artzaingoaren inguruko egiteko molde agropastoralak, mantendu mendigune bizi eta bizikor bat, mantendu demografia, mugikortasuna eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna. Desafio horieri lotu daiteke ere koherentzia osoz, garapen ekonomiko jasangarri baten bizkortzea, urrats berean aldaketa klimatikoaren ondorioak ahal bezain bat murriztuz.
Orohar beraz Euskal Mendia izeneko EPNak bere baitan har lezazke Ipar EHko 158 herrietarik 111. Xiberoko Santa Grazitik Lapurdiko Sararat hedatzen den eremuak Nafarroarekin eta Gipuzkoarekin ere hainbat elkarlan bultzatzen ahal lituzke geroan, gisa hortan eskela estrategiko bat ere baluke Pirineo mendigune osoa kontutan hartuz. Molde partehartzailea eta konzertazioa desmartxaren erdian oinarritzen da. Ondoko aste eta hilabeteetan proiektuaren sakontze eta eztabaidaguneak areagotuko dira mendigune eremu osoan, agian parte hartze zabalarekin eta proiektuaren helmugaraino bide egiteko gogo biziarekin.