Asier Blas Mendoza-ren Iritzi artikulua Argia.eus-en
Espainiar Gorteetarako hauteskundeak parte-hartzea handia dutenean ezkerraren mesedetan izaten da eta horrela izan zen atzokoan ere bai. Azken egunetan nabaritzen zen boto-emaileen mobilizazio handia egongo zela, 2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako usaina zuen apirilaren 28koak. Orain 18 urte Mayor Orejari beldurra izan zen mobilizazioaren motorra EAEn, atzokoan maskararik gabeko eskuin muturrak piztu zuen abstentzioan zegon ezkerreko boto kritikoa Espainian.
Boto erabilgarria PSOEn kontzentratu da Unidas Podemosen kaltetan, halere, koalizio ezkertiarrak uste baino hobeto eutsi dio testuinguru zail batean. Eskuinak izan duen boto galera txikia hiru puntukoa izan da portzentajean, baina eserlekuetan sekulakoa beherakada izan da hiru hautagaitzetan sakabanatu delako botoa. Voxek ez ditu espektatibak bete, bere programa neoliberalak ez dio laguntzen Europako beste eskuin muturreko alderdiek izan duten arrakastaren tamaina errepikatzen. Bestalde, Ciudadanosek ia PPri aurre hartu dio, horregatik, sozialisten eta laranjen arteko ententea ez da bideragarri bezala ikusten Riverak eskuinaren lidertza eskuratu nahi badu behintzat. PSOEk politika sozialetarako ezkerrera begiratu beharko du lagun bila, halere, noizbehinka salbuespen gisa salduta Ciudadanosen makulua bilatuko du politika ekonomikoetarako eta estatu arrazoi nazionalista defendatzeko.
Kataluniak eta Hego Euskal Herriak demostratu dute errealitate oso berezituak direla Espainiako Estatuan. Biak izan dira eskuin muturraren aurkako lubakiaren abangoardia
Bitartean, beste behin Kataluniak eta Hego Euskal Herriak demostratu dute errealitate oso berezituak direla Espainiako Estatuan. Biak izan dira eskuin muturraren aurkako lubakiaren abangoardia. EAJk 100.000 boto baino gehiago irabazi eta bueltan da EAEko eta Hego Euskal Herriko lehenengo alderdi gisa. PSOEk antzeko igoera izan du, halere, EAEn espero zitekeen igoera baina txikiagoa izan du Elkarrekin Podemosek emaitza txukunak izan dituelako. Gurean ezkerreko boto emaile bat ez dago prest sozialistengana bueltatzeko. EH Bilduk emaitza onak izan ditu bai diputatutan bai eta bozetan, 250.000 botoko marka gainditu du. Koalizio abertzaleak, EAJk bezala, kanpainako ardatz gisa izan du Madrilen eragiteko borondatea boto erabilgarria erreibindikatuz. Funtzionatu du, EH Bilduk Elkarrekin Podemosetik botoa berreskuratu du eta Voxi zegoen beldurrari esker abstentzio kritikotik atera ditu boto emaile dezente.
Azkenik, Hego EHko galtzaile nagusiak eskuineko alderdi espainolistak izan dira. EAEn ordezkaritzarik gabe geratu dira boto emaile kopuru txiki bat hiru aukeretan sakabanatu delako eta Nafarroan eutsi badiote UPN, PP eta Ciudadanos koalizioari esker izan da. Halere, orohar eskuinak behera egin du bototan eta portzentajean. Nafarroko boto emaileen gehiengoak ez du eskuinera begiratu nahi.
Euskal Herriko Mendebaldeko hiru probintzietan gertatutako emaitzez pozik nago, baina pixka bat triste geratu naiz Nafarroan Nafarroa Sumak ukan duen emaitzarengatik . Dena den Nafarra Suma osatzen duten hiru alderdien artean, tirabirak izanen direlakoan nago, behin baino gehiagotan PP eta Cs alderdiek Nafarroako « privilegioak » kendu nahi dituztela iragarri dutelako, eta UPN ari, foralista den puntutik hautxe ez zaio batere gustatuko.