Apirilaren 12-an hasi da hauteskunde kanpaina Euskal Herriaren Hegoaldean eta Espainiako Estatuan. Franco desagertu zenetik, hauteskundetarik gogorren, zailen eta korapilatsuetarik dela nabaritzen dugu demokrazia eta herri eskubideen alde garan guztiok. Hauek dira aurtengo testuingurua zaila bihurtzen duten faktoreak.
• Eskuin muturreko VOX alderdia agertzea eta Andaluziako azken herrialde bozketan boto asko garaitu izana.
• Katalunian sortu, baina Kataluniaren kontra den Cs alderdiaren erasoak.
• PP-ko mintzaldi erasokorrak.
• PSE alderdiak Konstituzioaren mugetatik atera nahi ez izatea.
Aipatutako alderdi horiek guziek, itxuraz PSE salbu, Estatu Zentralistaren alde daude, eta Espainiaren menpean dauden hiru nazioentzat nahiko periltsuak dira haien egitarauak: bai autonomi estatutuentzat, baita herrialde bakoitzeko hizkuntzaren babesa eta berreskurapenarentzat ere.
Horri gehitu behar zaio Espainiako eskuinak Euskal Herrian bertan egiten dituen probokazioak:
• Altsasuko manifestazioak;
• Altsasuko Koska ostatua jabearen borondatearen kontra PP-ak erabili izana prentsa konferentzia bat egiteko;
• Gasteizen, Bilbon eta Errenterian eskuin aldeko alderdiek egin manifestazioak;
• Kataluniako abertzaleen aurkako epaia;
• Aspalditik Gasteizko Gobernuak ukan beharko zituen eskumenen transferentziari buruzko etengabeko negoziazioak;
• Euskal presoak aldeztu zituzten abokatuen aurkako gurutzada.
Horri guztiari aurten alderdien arteko ahozko eta prentsazko eraso guztiak gehitu behar dizkiogu, argi eta garbi etika normalaren mugetatik igarotzen direnak; beste askoren artean PPko gazteriak Sanchez lehen ministro sozialistaren kontra muntatu zuen « Agencia Falcon » delako hori.
Espainiako Estatuko hautesle gehiengoa aspertu eta nazkatzen dute politika beheko ekintza horiek, non askok euren inguruko gizon politikoengan konfiantza gero eta gutxiago baitu. Abstentzio kopuru handiago bat izateko arriskua badakar egoera politiko horrek eta botoen emaitzak herriak benetan pentsatzen duenetik urrun izan daiteke. Aurtengo Andaluziako herrialde hauteskundeek horren irudi bat eman digute: abstentzioa %42 izatea eta PP-Cs-VOX hirukotekoa lehen marran izatea.
Nafarroari dagokionez, Nafarroa Suma koalizioaren osatzeak frogatzen du bertako eskuina ahuldurik dagoela eta euskal abertzaletasunaren aurka fronte baten egin nahi izatea.
Aspalditik, borroka armatua bukatu delarik, gertatzen da arestian deskribaturiko egoera. Abertzaleen aldetik bide politikoan eta negoziazio hutsetan sartzeko borondatea argi dago. Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko abertzaleek Europan eta Madrilen ordezkaritza bat osatu nahi izatea gauza ona da alderdi guztietako espainolismoaren aurka politikoki ekiteko. Naski, datozen lau urteetan Madrilen nork gobernatuko duenetik doa hori guztia. PSE-a espainolista izan arren, bera PODEMOS-ekin koalizio baten egitera iristen bada, ez da gerta daitekeenetik okerrena izanen. Euskal Herriko abertzaleek batasuna gehiago lortu beharko dute Cs eta are gutxiago VOX Hego Aldean sar ez ledin eta PP alderdiari emandako boto kopurua ahal bezain gutxitzea. Bitartean naski orain Euskal Herriak dituen hiru entitate administratiboetan euskararen aldeko ekitaldi eta neurriei gogor jarraitzea.