COVITE (Colectivo de Víctimas del Terrorismo del País Vasco) erakundeak eraginda, ETAk genozidio baten erantzupena duen ala ez aztertu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Baita COVITE berak La Haye-ko auzitegian bertan aurkeztu nahi du kerela hori.
Historian, zoritxarrez genozidio asko izan arren, halako kasua lehen aldiz epaiturik izan zen Nurembergen, naziek bigarren gerla mundiala galdu zuteneko. Beranduago hauzi gehiago eginak izan dira Jugoslavia ohia, Ruanda eta Sierra Leoneko gerlak zirela-eta. Kasu bakoitzean boterean ziren estatu buru ohi edo politikari boteretsuen aurka antolatuak izan ziren hauzi horiek. Bainan sekulan talde armatu baten aurka, erabili zituen bideen gogortasun maila zer nahi izan baitzen ere.
Edozein talde ethniko, errelijiodun edo arrazakoren bat osoki edo zatika desagertarazteko neurri politiko, demografiko eta militarrak antolatzea da genozidioaren definizio legezkoa. Definizio beraren egileek, naski, boterean dagoen gobernu bati leporatzen diote genozidioaren antolatzea.
Ethnismoari buruzko adituek hiru mailako genozidioak aurkezten dituzte: demografikoa; kulturala eta fisikoa.
Herrialde bateko ekonomia suntsituaz sortzen da ethnizidio demografikoa, lanaren eske badabila, bere sortherria abandonatu behar baitu bertakoak.
Genozidio kulturala bertakoa ez den hizkuntza eta ohituren ezarketan datza.
Genozidio fisikoa hilketa erraldoien antolatzean datza.
Azken hogoita hamar urteetan aitortu eta epaitu ez den genozidio bat egin zuen Indonesiako Gobernuak Ekialdeko Timorean. Munduko Bankuak bermatu zuen Transmigrazio deitu egitasmo bati jarraituz, bertakoen fisikoki eta kulturalki suntsitu nahi zituen Djakartak, Javako hizkuntza, eta ohituraz ezarriz; Javako uhartean jende gehiegi bizi zelarik, javatarren Timoreratzea bultzatuz ; HIESAren aurkako txertoak ematen zizkietela sinhetsaraziz, bertako emazteak antzu bihurtuz bertakoen kopurua belaunaldiz belaundi desagertu arte. Dakidanez genozidio horren aurkako zigorrik ez da sekulan ebatzi. Tibetean Txinarrek egiten dutena ez da hobeago, bainan Txina potentzia ekonomiko berri bat eta negozio askoren lurraldea bihurtu den ber, ez da nihor protestarik aurkeztera atrebitzen.
ETAk berrogoi ta hamar urte haietan egindako gatazka, borroka armatua izan da. (Esan dezagun zehazkiago berrogoi, lehen atentatu fisikoa 1968 garren urtean gertatu baitzen.) Orokorki begiratuta, atentatu ziblatuak egiten zituzten ETAkideek: ministro frankistak, guardia zibilak, sektore anti euskaldunaren bunkerra den militarrak, bertako eta kanpoko poliziak, eta Euskal Herriaren aurkako politikan ari ziren hautetsiak eta politikariak. Gertatu ziren ekintza horiek laudagarriak ez zirela aitortu behar da naski, bainan hori gertatu zen jalgipide politiko eta legezkoak itxirik zirelako: konstituzioaren inposaketa; nazio bezala Euskal Herriaren ukapena; berreskuladuntzeari emandako mota guztietako oztopoak; herriak ukatzen zituen proiektu erraldoien inposaketa. Bainan ez zen batera sekulan izan ez-euskaldunaren suntsitzea ETA ren asmoa, etzen ere Espainia edo Frantzia kulturalki desagertaraztea.
Aljeriako FLN ak ETArena baino gatazka armatu bortitzago bat antolatu zuen, bainan Frantziako gobernuak ez dio sekulan genozidioaren delitua Ben Bella lehen presidenteari egotzi. Munduko herri guztiek torre bizkien suntsiketa gaitzesti zutelarik, ez zuen nihork Al Qaedak genozidio bat egin zuela aipatu. Aspalditik Espainiak ixil arazi zuen Gernikako bonbardaketa (Oraindik ez zait iruditzen PPak osoki gaitzetsi duenik) ez da, nik dakidanez, genozidiotzat jota izan, baizik eta Estatu terrorismotzat.
Kondairan zehar aldiz Frantziari eta Espainiari Euskal Herriaren aurka eginiko genozidio kulturala , demografiko eta fisikoak lepora diezazkiekegu : Frantziako iraultzaren denboran Iparraldeko biztanleak Landesetara herbesteratu izana ; Espainiako gerla zibila ondoren espaniar asko lanarako Euskal Herrira joaitea eragitea ; Nafarroa konkistatu ondoren, Cisneros kardenalak euskaldunak andaluziarrez ordezkatu nahi izana.
Ondorioz zuzengabekeria bat litzateke ETA ren genozidioa aipatzea ; erakunde horrek egindako gaitzespen eta ukapena litzateke alde batetik eta historia modernoan gertatu eta gertatzen ari diren benetako genozidioen garrantzia eta larritasunaren minimizatzea.
Bake prozezua urratsez urrats egiten den eta desarmatzearen hasiera egiaztatzen den garai hauetan, Espainiako justizia agintariek eta terrorismoaren biktimen maniobreak urrats politikoen oztopatzeko beste neurriak baizik ez dira.