Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Nafarroa Garaian euskararen kontra egin duten manifestazioak badu, bistan da, asmo elektoral bat. Urte baten buruan Foru Erkidegoko bozak dituzte, eta UPNk, PPk eta PSNk amesten dute oraingo gobernua hortik kentzea. Beldurra piztu nahi dute euskararik ez dakitenen artean, sinetsaraziz oraingo gobernuak zailduko diela lanerako bidea, euskararik ez badakite. Nafarroa Garaiko gehiengo zabala erdalduna dela erranez, “erdaldunen eskubideen” alde ari dira. Demagogia hutsa baino anitzez larriagoa da. Funtsean, hizkuntza gutxitu baten kontra ari dira. Gutxiengoen –hobeki erran, minorizatuen– eskubideen kontra. Eta hori onartezina da, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren arabera ere.
Entzuten baditugu, pentsa genezake euskaldunak baldin badira, Gipuzkoatik datorren “kolonizazio” baten ondorioz daudela. Erran gabe doa ez dutela aitortzen euskara dagoen egoeran dagoela, mendeetako jazarpena jasan duelako. Eta oraindik bizirik dagoela, sekulako indarra izan duelako, zapalkuntza horri ihardoki ahal izateko. Duela ez hain aspaldi, oraino, euskara mintzo zen Nafarroako eremu gehienean. Geroztik egin du ikaragarri gibelera. Eta hain zuzen, Lehen Karlistalditik landa Espainiak Nafarroa Garaia eta hango euskaldunak lehertu zituelako, hizkuntza eskubide oro ukatu eta errepresio bortitza jasanarazi. 1936ko gerlan, jazarpena gupidagabea izan zen. Frankismoak milaka lagun hiltzera kondenatu eta fusilatu zituen Nafarroan. Xabier Irujok baieztatu duen bezala, Hego Euskal Herrian genozidio bat egin zuen Espainiak, 1936tik 1945era; eta Nafarroa Garaia izan zen ondorio larrienak pairatu zituena. Euskara ahul dago Nafarroa Garaian, mendeetako etnozidioaren ondorioz. Beraz, orain euskararen kontra egitea, etnozidio eta genozidio bidez sortutako egoera baten alde egitea da. Genozidioaren onarpena eta etnozidioaren jarraipena. Hala nola, giza eskubideak urratzea.
Bistan da, hori ukatzen dute. Hots, negazionismoa egiten dute. Genozidioak berekin dakar negazionismoa ere. Erraten dute Nafarroa ez dela Euskal Herria, hori abertzaleen asmakizun hutsa dela. Azken urteetan borroka handia daramate Espainiak, UPNk eta PSNk, denen buruetan sartzeko “Nafarroa ez dela Euskadi”… ez “Basque Country”, ez “País Vasco”, ez “Euskal Herria”… Borroka ideologiko bat dago hor. Eta euskararen kontrako manifestazioa borroka ideologiko horren parte da.
Zorigaitzez, borroka ideologiko hori irabazten ari dira. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ere zedarritu dute “Euskadi”. Orain, badakigu: Kanbo ez da Euskadin. Euskadi beti izan da Euskal Herriaren sinonimo; orain EAE baizik ez omen da. Gertatzen dena da, agintari horiek “Euskal Herria” hitza ere saihesten dutela; eta horren ordez, aipatzen dira “euskal lurraldeak” edo “euskararen lurraldeak”. Zergatik? “País Vasco”-ren itzulpena “Euskal Herria” delako, baina ofizialki (Espainiaren nahiaren arabera), “País Vasco” EAE delako, eta Nafarroa Garaia ez delako “País Vasco”. Beraz, espainoletik itzultzearen ondorioz, orain, euskaraz mintzatzean ere, Euskal Herria desegituratu zaigu.
Behin eta berriz azpimarratzen direnean ere “hiru lurraldeak” (edo “zazpi lurraldeak”: zenbat ote dira?) edo hiru “errealitate administratiboak”, eta estrategia politiko guztia horretara bideratzen denean, batasunaren kaltetan, borroka ideologiko horretan gaude. Eta galtzen ari gara.
Gure narrazioa edo “errelatoaren” auzia ere hori da: nazio bat garen ala ez garen, nazio zapaldu eta zatitu bat garen ala ez; euskara nazio horren hizkuntza den ala ez, lurralde osoan… Guretzat argi da erantzuna. Baina argi mintzatu behar da.