Aurtengo maiatzaren 19an, Berriak argitaratu zigunez, txosten berezi bat kaleratu du Espainiako Atzerri Ministerioak nazioen eskubideak gaitzat zuena, bereziki Euskal Herria eta Kataluniako kasuak aipatuz.
Txosten horren arabera, konkista bat eta oinarrizko eskubideak zanpatzea beharrezkoak dira herri batek autodeterminazioa eska dezan, eta ez da aldebakarrekoa izan behar delako eskaera hori.
Asmo horri jarraituz Euskal Herriak autodeterminazioa eta horri buruzko eskaera bat egiteko eskubiderik ez luke, eta naski Katalunian udazkenean eginen den erreferrenduma ez litzateke zilegi.
Dudarik gabe gauza bera gerta litzateke Galiziari dagokionez. Baita sezesio eskubidea onartzen duen konstituziorik munduan ez dagoela diosku ere txostenak.
Mamian ala azalean ikertzen badugu ere, guztiz fundamenturik gabea da txosten horrek jarritakoa.
Lehenik, herri batek bere askatasuna edo emanzipazionea eskatzen duelarik, beti bere borondatez egiten du, menperatzen duen estatuak eskatu diezaion haiduru izan gabe.
Gaiari dagokionez, herri edo estatu menperatzaileak higitu gabe gelditu nahi du, dagoen egoera babestuz eta mantenduz.
Herri baten zapaltzea eta okupazioa ez da beti konkista militar baten ondorioa, baizik-eta ezkontza edo itaun baten emaitza edo prezioa izan daiteke. Bretaina duela bost mende ezkontza baten ondorioz “frantsesa” bihurtu zen; Korsika erosi zuen duela bi mende baino gehiago Frantziako Erreinuak; Algeria aldiz, armen indarrez konkistatu zuen Frantziak. Bainan hiru kasu horietan “legez kanpo” dago Korsika edo Bretainako independentzia, eta Algeriarena “Frantzia bat eta ezin zatituzkoa zelako” konstituzioaren arabera legez kanpokoa zen ere.
Estatu berdina, lege berdinak eta akats berdinak dudarik gabe. Azken bi mende horietan nazio askapen mugimenduen historia ikertzekotan halako adibideak ehunka eman ditzakegu.
Euskal Herriaren kasuan indarra eta diplomazi larria nahasturik izan dira Nafarroan eta “Vascongadas” deitu probintzietan hurrenez hurren.
XIX-garren mendean indarren bitartez galdu ziren foruak Hegoaldeko lau probintzietan eta Francoren altxamenduaren garaian indarrez kendu zuten Espainiako nazionalistek legez Euskal Herriak lortu zuen Estatutua.
Katalunia eta Espainiaren arteko harremanak ez dira historian zehar indarkeriarik gabe geratu: Lleida indarrez konkistatu zuen Filipe IV Espainiako erregeak 1644 eta 1646 bitartean; 1652-an Barcelona bereganatu zuten Espainiako osteek; 1710 ean Kataluniari beste eraso bat egin zion Felipe Vak; 1938an frankistek zanpatu zuten Katalunia.
Txosten berdinak dionari aitzi, munduko konstituzio batzuek sezesio eskubidea, onartzen dute; bere konstituzioaren arabera, Texas AEB- etatik bana daiteke. Sobiet Elkargoaren garaietan, edozein errepublikak Elkargotik ateratzeko eskubidea bazuen. Naski, eskubide horiek teorikoak dira, eta hala gertatzekotan, Washington edo Moskuren erreakzioa zer izanen den edo zer izanen zen hurrenez hurren zaila da azaltzea, bainan guztiz faltsua da eskubide hori esistitzen ez dela aldarrikatzea.
Nazioarteko zuzenbidearen arabera dauden mugak ezin omen dira aldatu diote Espainiako adituek. Bainan ez ote da hori “preso” dauden herrien askapenari uko egitea?
Politika ezezkor hori Afrikan egiten da, non joan den mendean eraturiko Estatu berriek metropolis ohiekin mugak ez aldatzeko tratuak egin zituzten; hildo honetatik joanez kolonioalismoak ezarritako mugak zaintzen dituzte Nigeriak, Boli-Kostak eta hainbat Estatuk, benetako nazioen batasuna eta berjabetasuna oztopatzen dutela.
Espainiak argitaraturiko txostenak argi adiarazten digun gauza bakarra zera da: nazio baten definizio juridikoak Madrileko goiko administrazotik etortzekotan bakarrik balio du, bainan horrela Galizia, Euskal Herria eta Kataluniari nazio izaera ukatzen zaie.