Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal Monetaren elkartea, Hego Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera. Cynthia Lamothe, Euskal Moneta elkarteko Gidaritza Batzordeko kideak Enbataren galderei erantzun die.
Gogoeta: Nondik heldu da Hegoaldera garatzeko xedea?
Cynthia Lamothe: Oroitarazi behar da elkartearen sorreran, estatutuetan idatziz integratu zela aukera hori. Egia da lehen urteetan, ipar euskal herrian proiektuaren gauzatzea eta egonkortzea genuela helburu. Baina hegora pasatzeko ideia ez da sekula baztertua izan.
Duela zenbait urte, COVID pandemiarekin, egoera ekonomikoaren azterketa bat egin genuen eta pentsatu memento aproposa zela mugaz gaindiko tresna amankomun bat sortzeko. BIHAR formakuntza elkartearen baitan eta Euskal Elkargoak, Akitania Berriko Eskualdeak, Gipuzkoako Diputazioak eta Udalbitzak diruztaturik, ikerketa lan bat abiatu zuen ikertzaile eta aditu talde batek (Hemen, Bihar, MIK, Université de Bordeaux – CNRS, UPPA, UPNA): « Barter » sistema baten eginkortasuna aztertu zen, enpresen arteko trukaketa ekonomikoak laguntzeko xedearekin. 2023ko udan argitaratutako lehen emaitzen arabera, baldintza guziak ez ziren beteak mugaz gaindiko Barter euskaldun bat sortzeko.
Baina ez zen dudarik mugaz gaindiko tresna amankomunak bazuela zentzua eta balio zuela gogoeta sakontzea. Zentzu horretan, lantalde bat sortu dugu egitura desberdinetako ordezkariak bilduz, eta erabaki dugu urrunago eramatea gure ideia.
Gaur egun zertan zarete?
Erran bezala, lehen lantalde bat indarrean sartu da proiektua zehazteko. Pentsaezina da Euskoaren esperientzia errepika daitekeela deus aldatu gabe. Baina erran gabe doa, Euskoak duen esperientzia elementu klabea dela.
Orain ber mahai inguruan ezarri ditugu Baztango herriko etxea, Garalur garapen agentzia, Olatukoop kooperatiba eta Euskal Moneta noski. Oinarri amankomunak adostuak dira eta aitzina segitzeko erabaki dugu lanpostu baten sortzea. Horretarako, diru laguntzak eskatu dizkiegu baliozko partaide batzuei eta erantzun baikorrak ukan ditugu ere bai. Hala nola, tokiko instituzioek laguntzen gaituzte diruz: Nafarroako gobernuak, Euskal Elkargoak, Gipuzkoako diputazioak, Udalbiltzak…
Gure plangintza segituz, lanpostua sortu da eta udaberri honetan lankide bat hasiko da, denbora osoz, gurekin proiektu hau garatzen.
Geografikoki zertaz mintzo gara mementoko? Zazpi probintzietan garatuko den proiektua da?
Goizegi da horrela aurkezteko. Mementoan gure lehen helburua da esperimentazio piloto bat bultzatzea Donostialdean eta Baztanaldean. Lehen erronka izanen da enpresen sare bat osatzea baita biztanleen artekoa ere. Urratsez urrats aitzinatzeko asmoa dugu. Bi lurralde horietan ikusi beharko dugu zer harrera egiten zaion proiektuari eta baldintzak beteak baldin badira espero dugu erabilpen fase batera pasatzea. Esperimentazio fasearen emaitzen arabera, noski, buru xoko batean dugu tokiko moneta hegoalde osora hedatzea.
Eta konkretuki ondoko hilabeteetako lana zein da?
Baitezpadakoa da behar den oinarri sendoa eraikitzea. Beraz urte bateko fase garrantzitsua irekitzen da orain, non identifikatu behar ditugun proiektuarekiko interes bat ukan lezaketen eragile guziak: enpresa pribatuak, instituzioak zein entitate publikoak, garapen agentziak, elkarteak, herritarrak… Horiek dituzte beharrak, oztopoak, ideiak, etabar adierazi eta banatu beharko, egitasmoa gauzatu ahal izateko. Horretarako, ondoko hilabeteetan, Olatukop eta Garalurren bilkura publikoak, komunikazioa eta saretze lana egitea izanen da lehentasuna. Euskal Moneta hor izanen da laguntzaile edo aholkulari gisa. Tokiko moneta bat, izenak dion bezala, tokiko proiektua da. Beraz hegoaldeko eragileek dute asmatuko beharrezkoa duten tresna eta beren errealitate ekonomikoari eta sozialari erantzun diezaiokeen moneta sortuko.
Noiz baliatzen ahalko dira Euskoak Euskal Herri osoan?
Goizegi da galdera honi erantzuteko. Ulertu duzuen bezala, gogoeta fase batetik, orain, terrenoko lan batera pasatzen ari gara. Baina oraindik proiektuaren ezaugarritze fasean gara eta proiektua egunerokoan biziaraziko dutenen saretze lanean. Orain arte kontaktatu ditugun eragile guziek begi onez ikusi dute proiektua, beraz baikor izan gaitezen. Baina harrera ona izatea garrantzitsua baldin bada ere, oraindik etapa gakoak gainditzekoak dira. Euskal Moneta sortzeko Ipar Euskal Herrian denbora hartu zen duela 10 urte baino gehiago. Hor ere urte batzuk beharko dira lehen “Hegoaldeko euskoak” ikusteko ostatuetan, saltegietan edo zerbitzuetan.
Euskoa Hegoaldeari begira jarri da baina badu zer egin Ipar Euskal Herrian oraindik, ezta?
Bai dudarik gabe. Garapen handia ezagutu dugu sortu ginenetik baina oraindik bide luzea egitekoa dugu Euskoaren erabilera sustatzeko. Gaur egun, 4 milioi eusko baino gehiago ibiltzen dira Ipar Euskal Herrian zehar. Erronka handiak ditugu gero eta jende gehiago interesatzeko Euskoari. Tresna egokia da tokiko ekonomia sustatzeko, bertako produkzioa eta kontsumoa laguntzeko. Oroitarazi behar da ere, Euskoaren proiektuaren oinarrian direla trantsizio ekologikoa eta euskararen garatzea. Balore guzi horiek, gaur egun bizitzen dugun testuinguruan, garrantzi berezia dute. Ez da dudarik Euskoa etorkizunerako tresna bat dela eta denen esku dela haren garapena laguntzea.