ENBATAk 60 urte
Erramun Bachoc Soziolinguista eta EKE-ko lehendakari ohia
Frantziak ez daki zer egin bere hizkuntz aberastasunarekin. 1999ko erroldan frantsesak bazituen 150 hizkuntza-lagun, denak gainbeheran salbu eskoletako ingelesa eta herri hizkuntza zenbait, adibidez euskara. Hain zuzen zertan ginen euskaldunak 1963an, Itsasuko Zina egin zelarik?
Euskaldungoaren teilatua
Inkesta soziolinguistikoak 5 urtetarik egiten dira 1991ean hasirik 2016a arte eta 16 urte eta gehiagoko herritarrekin. Zorionez 25 urte hauek erakusten digute mende bateko hizkuntz bilakaera. Alabaina lehen inkestako lekuko zaharrena 1910ean sortua zen eta azken inkestako lekuko gazteena 2000. urtean. Inkesta bakoitz emaitzak baditugu 10 urteko epeetan, beraz euskaltasunaren teilatua egin dezakegu, 24 urteko adinarteak hartuz. Badakigu 1924an sortuak euskaldun zirela %37. Buraso bilakatu direlarik 1949 inguru, euskara eman die «baby boom» famatuko %27ri. 1976 inguru belaunaldi honen haurrak euskaldun dira %11etan. Hemen da Iparraldeko euskaldungoaren zilo beltza.
Baina, belaunaldi erdaldundu honekin 16-24 urtekoak euskaldun dira %18 eta 3-15 urtekoak ikastoletan eta gela elebidunetan euskara ikasten dute %41k. Beraz 60 urteren gainbeheraren ondotik, 40 urte hauetan euskara petik gora doa.
Zer gertatu zen?
Euskararen gibelapena ehunekotan jendetzaren garapenak esplika dezake. Alabaina saldo naturala ken % 0,1 delakotz garapena etorkinei esker gertatzen da eta gehienak erdaldunak dira. Gerla ondoko euskaldungoaren gainbehera bortitza esplikatu behar dugu. Euskaldun laborari gazte askok 5 urteko presondegiak Alemaniako etxaldeetan iragan zituzten ea laborantxa modernoa bizi zuten. Haurrei eman diete uste zuten modernitatea. Enbataren tema eta hegoaldearen adibidea beharko dira abertzaletasunaren baloreez jabetzeko.
Estatu frantsesak zer dio?
Historian zehar bi ikusmolde agertzen dira. Frantses Iraultzaren hastapena eleanitza zen eta ideiak herri hizkuntz guzietara itzuli behar ziren. Baina Gregoire apezaren inkestak erakutsi diete ezin zela. Orduan Konbenioak frantsesa askatasunaren hizkuntza hautatu zuen eta beste hizkuntzak kondenatu «ezjakina, sineskeria eta intoleran-tziaren hizkuntzak» omen zirelakotz. Politika honek iraunen du Jules Ferry (1879) baino urrunago. Haatik bigarren ikusmoldea agerzen da Deixonne legearekin (1951), herri hizkuntzak eskoletan baimendu baitzituen ama-eskolatik unibertitateraino.
Frantziako konstituzioan ere bi jokamoldeak baditugu. 1992an 2. artikuluak dio «frantsesa dela Errepublikaren hizkuntza ». Eta artikulu hau indartu zuen Toubonen legeak frantsesa egiten duelarik «irakaskuntzaren eta lanaren, harremanen eta zerbitzu publikoen hizkuntza» halere errespetatuz herri hizkuntzen arautegia. Bestalde 2OO8ko 75-1 artikuluak dio «lurralde hizkuntzak Frantziaren ondareak direla» baina ez du ez eskubiderik ez eginbiderik sortzen.
Zein da abertzaletasunaren lekua euskararen garapenean?
Abertzale da herria maite duena eta hobetu nahi duena, adibidez berebertasuna handituz. Euskaldun guziak ez dira abertzale eta abertzale guziak ez dira euskaldun. Beraz euskalgintza gauza berezia da abertzaletasunari begira. Baina badu antzekotasun bat, borondatea, gogoa. 1930ean euskalgintza publikoa Euskltzaindiak eta Euskaltzaleen Biltzarrak egiten zuten. Eta euskaren transmisioa familiren lana zen. Baina 1939an gerla zen eta ondorio bortitzak euskararentzat.
Euskararen berpiztea bolontario engaiamenduak egin zuen, geroztik garrantzia erakutsi duten gertakari batzuen ondorioz. Adibidez Deixonne Legea (1951), ustekabe bozkatuak, herri hizkuntzak eskolan sartu zituen ama-eskolatik unibertsitateraino eta euskal ikaskuntza aitzinarazi: 1959 geroztik Ikas elkarteak tresna pedagogikoak sortzen ditu, 1969an lehen ikastola, 1979an AEK helduen euskalduntzeko. Mitterrand hautagaiaren egitasmoetan sartzen ziren euskararen irakaskuntza, irrati libreak, euskal departamendua. 1981ean Euskara eta Euskal Kulturaren Lehen Ihardunaldien ondotik Pizkundea sortu zen. Negoziaketa eta Deiadar manifen ondorioz urratsak egin ziren euskararen alde: Euskal estudioen institutoa 1981ean, euskal irratiak 1982an, eskola elebidunak 1983an, Euskal Kultur Erakundea eta Euskal kulturaren aldeko sindikata 1990ean.
1994an Euskararen Bigarren Ihardunaldiak Euskararen txostena onartu zuen Eurokartaren idurikoa. Euskal Konfederazioa sortzen da euskaraz bakarrik arduratzen dena. 1995ean Garapen kontseiluak euskararen antolaketa onartzen du. Kontseilua antolatzen da, 7 herrialdeetan euskara akulatzeko «Bai euskarari» estrategiarekin.
2002an Batera federazioak bildu zituen abertzaleak, laborari, unibertsitario, hizkuntzalariak. Bost «Deiadar» berantago punduan jartzen dira Laborantza Ganbara, (EEP) Euskararen Erakunde Publikoa bere hizkuntza politikaren proiektuarekin (2006) eta Euskal Elkargoa (2017). Egitura honek euskara eta gaskoia onartzen ditu herri hizkuntza bazala eta araberako laguntzak bozkatzen. Frantziako legea ez baitzen funtsezkoa, mobilizazio horietan Europako legedia onarritzat hartu genuen (Arfe 1981, Kuijpers 1987, Kililea 1994 eta Europako Konteiluaren eurokarta (1992).
Orduan nola esplika euskararen berpiztea?
Jakin behar da eskola egiturak doi bat konplikatuak direla. (EEP) Euskararen erakunde publikoak ematen dituen zenbakiak 2OO4tik hasten dira, sorkuntzaren urtea baitzen. Beraz 2004an lehen mailan 593O (%21a) euskal ikasle baziren, sail guziak metatuz. 2019ko sartzean 10 711 (%41a) dira. Bigarren mailan euskal ikasleen kopurua 1 934ra igan da kolegioetan eta lizeotan 818ra.
Seaskak aipamen berezia merezi luke, bere barne arrakastaren gatik azterketa ofizialetan %98tan ongi heltzen baita. Gainera baditu kanpoko eraginak: gela elebidunak sortu ziren ikastolen arrakasta beheratzeko, eta ikusiz murgilbidearen arrakasta publiko eta giristino ama-eskoletan aurten badira 19 murgil esperientzia bakoitzean. Gaur egun oro har Frantzian Ipar Euskal Herria lurralde bakarra da burasoen %41ek elebitasunaren hautua egiten baitute Lehen Mailan.
Euskalgintza eta abertzaletasunaren arteko berdintasuna hau da oinarrian borondatea dagoela eta beraz mugimendua, maiatz guzietako Seaskaren Herri Urrats, urte et’erdi ko AEKren Korrika eta Iparraldeko 10 Deiadar manifak. Bestalde euskalgintzan ari garenok beti erakunde bat sortzen dugu Herria aberasteko. Lehen diglosia bentzutzeko hizkuntzalari katalanen ofiziltasuna eta orain Mikel Zalbideren diglosia baketsua, hizkuntz bakoitzak bere rola betez arnasguneetan. Jakitetik erabilera pasatzen gara euskaraldiak eramanez, euskaldun osoek «ahobizi» euskaraz hitz egiteko eta euskalduntzen ari direnek «belarriprest» euskara entzuteko. Herria eta euskara elkarrekin doaz.