Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Euskararen erakunde publikoak Ipar Euskal Herrian heldu diren 25 urteetarako euskarak izango dituen perspektiba soziolinguistikoei buruzko ikerketa argitaratu berri du; agorrileko Enbatan aurki dezakezue puntu garrantzitsuak laburbiltzen dituen sintesi pollit bat. Azken denboretan entzuten dira oihartzun, iragarpen edo hauteman ezezkorrak euskararen etorkizunari begira. Kosta ahala kosta, iruditzen zait euskaldunek baikor baizik ezin dugula egon gure hizkuntzaren geroa aipatzean.
Bai noski, alde ilunak aurki daitezke, zerrenda luzea da ere… EEPren inkestak ongi erakusten du urtero 3.000 erdaldun etortzen direla Ipar Euskal Herrira, horrek kezka handia sortzen du, pentsatzen ahal baita erdaldun uholde batek euskaldun berrien emendatze ttipia gaindituko duela. Hegoaldean ere, iturri batzuek aipatzen dute beherakada demografikoaren aitzinean, 200.000 jende beharko direla kanpotik etorrarazi, langileriaren eskasa betetzeko. Hor ere, aipatzen dira gune euskaldun azkar batzuetan lehen arraildurak agertzen direla; gaztelera sartzen da orain arte gure hizkuntzarentzat eremu gotorrak ziren tokietan. Gure historia berrikusten badugu, ohartzen gara erdaldun horietan euskaltzale amorratuak bilakatu direnak aurki ditzakegula. Irakaskuntzan, ikusten ditugu « kanpotik » etortzen diren jende batzuek beren haurrak murgiltze ereduan naturalki ematen dituztela. Ez genuke jendeen buruan ezarri behar atzerritik etortzen direnak lanjer bat direla euskararentzat…
« Murgiltze ereduko eta sare elebidunetako
ikasleen inguruan diren ahaideek
masa kritiko ederra osatzen dute
euskararen aldeko oihartzun sozial azkarra eramateko. »
EEPk plazaratu duen inkestan elementu zinez interesgarria aurkitzen da, hau da ikuspuntu kuantitatiboa. Ez da beti errex euskara ikasten duten jendeei sentiaraztea hasi duten abenturaren garrantzia. Inkestak bere perspektibak aurkezten ditu erakutsiz zenbat euskaldun berri behar diren urteka balio absolutuan. Norberak ikus dezake bere ekarpenaren garrantzia. Euskararen garapena edo euskaldun berrien kopuruaren garapena ondoko urteetan hainbat elementuri lotua da baina argi da indar kolektiboa beharrezkoa dela. Ez dut aipatzen euskalgintzak azken hamarkada hauetan daraman lana, baina bai inkestak azpimarratzen duen bezala, euskararen inguruan diren jendeak.
Gelditzen dira sakondu edo piztu behar diren « sare » batzuk. Adibidez, murgiltze ereduko eta sare elebidunetako ikasleen inguruan diren ahaideek masa kritiko ederra osatzen dute oihartzun sozial azkarra eramateko. Informazio eta sentsibilizatze kanpainak beharrezkoak dira eta ongi esplikatu behar da arrazoi desberdinengatik garrantzitsua dela euskara ikastea eta euskaraz bizitzea. Sentsibilizatzea baino gehiago aipa dezakegu, kontzientizatzea dela heldu den etapa, errexena ez dena baina urratsez urrats bakoitzak bere mailan aitzinaraz dezakeena. Hainbat eragilek euskararen aldeko borroka daramate egunero, herriari dagokio ere mugimendua azkartzea eta bultzatzea EEPren inkestako gertakizun baikorra gauzatzeko.