Azken hilabeteetan, Lapurdin bereziki, euskal kantagintzako kantari eta talde erreferente batzuen emanaldietan gertatzen dena da hor: kantaldia hasi aitzin, aurkezle bat igotzen da taula gainera (beharrezkoa ote?), eta bost minutuko mintzaldia egiten du… frantses hutsez! Ohikoa bihurtzen ari den joera da, antolatzailea izan elkarte pribatu bat edo herriko besta komite bat.
Lapurdiko hiri txiki batean gertatua da hau ere: besten hasiera ekitaldian, auzapezak mintzaldia frantses hutsez ematen du, nahiz eta auzapez hori bera publikoki euskararen alde agertzen den beti. Euskaldunak gutxietsiak, ahantziak, mespretxatuak, irainduak eta zaurituak sentitzen dira horrelakoetan. Aski da. Alarma pizteko tenorea da.
Hasteko, euskal kultura ekitaldiak antolatu behar badira, ezin dira horrela tratatu kultura horren oinarri nagusia den hizkuntza eta kultura horren kontsumitzaile diren euskal hiztunak.
Aurkezleak hitza hartu behar badu, har dezala euskaraz. “Eta frantsesek ez badute ulertzen?”, ihardetsiko luke norbaitek. Frantsesez ere mintzatu behar badu, mintza dadila gero, eta laburrago.
Dena den, kantaldien aitzinetik aurkezleak hitza hartzea Ipar Euskal Herriko ohitura da, bertze lekuetan ez da halakorik egiten… Antzokiko argiak itzaltzean, ederrago da zuzenean kantari taldea igotzea taula gainera.
Bigarren kasua da Herriko Etxe batek antolatzen duen ekitaldi edo bestari agurra frantsesez egitea. Euskararen aldeko diskurtso publikoaren sinesgarritasuna dago jokoan, hor. Ez du balio prentsaurrekoetan, hauteskunde kanpainetan, manifestazioetan edo ekitaldi politikoetan agertzea euskararen alde, gero, bere herriko bestetan frantses hutsez mintzatu behar badu. Ez da koherentea. Eta auzapez horrek abertzaleekin egin badu udal akordioa, arazoa handiagoa da: edo ez ditu errespetatzen bere koalizio-kideak, edo koalizio-kide horiek ere ez diote
behar bezainbesteko garrantzia ematen euskara errespetatzeari.
Euskarak ez ditu behar atxikimendu sinbolikoak, sostengu erreala eta konkretua behar du. Euskara badagoenean, frantsesaren ondotik dago, eta idatzizko testuetan ere, frantsesaren azpian edo eskuinean, beti ere hizki meheagoz eta argiagoz idatzia. Mendebaldeko guztiek bezala, ezkerretik eskuinera eta goitik behera irakurtzen dugu. Museo batean, adibidez, azalpenak irakurtzen hasi, eta gaineko paragrafoa irakurri ondoan ohartzen gara azpian euskaraz bazela gauza bera… Berantegi! Alabaina, Ipar Euskal Herriko euskaldunek frantsesa ere badakigu, eta beraz lehenik frantsesez eman bazaizkigu azalpenak, euskarazko azalpenak zertarako heldu dira gero? Frantsesik ez dakigulako, ote?
Euskararen alde egin nahi bada, zinez, ezin zaio lekua egin printzipioagatik, horrek ez baitu balio euskara erabilgarri bihurtzeko; egin behar zaio bete-betean. Adibidez, email kolektibo bateko mezua bi hizkuntzetan dagoenean, lehen bertsioa euskaraz jartzen dute batzuek, baina erdaldunei hastapenetik abisua emanez erdarazko bertsioa beherean dagoela. Hori da euskara lehenesteko modu egoki bat.
Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea politikoki zuzena bihurtu da, gehienak horren alde daude, itxura guztien arabera. Erraza da Frantziari eskatzea, badakigunean ez digula emanen; ez da aski Frantzia gaiztoa dela salatzea, hori egiteak bakarrik ez dituelako ezabatzen gutariko bakoitzaren ardurak. Euskarari guhaurrek eman behar diogu balioa, zor zaion lekua eginez. Publikoan mintzo direnek eta, oroz gainetik, agintariek berek errespetatu behar dute euskara, beren eguneroko ekintzetan.
Ez dut uste dena 2 hizkuntzetan ezarriz euskarari zor zaion tokia segurtatzen dugunik. Ene iduriko elebitasunaren arazoa konplexuagoa da. Haren izenean dena itzulia da eta euskara frantsesaren itzulpen txar bat bihurtzen da. Gaur egun euskaraz pentsatzen dute egunerokoan erabiltzen dutenek baizik,( euskaraz idazten edo erakasten dutenek, euskal kazetariek) beharbada.
Euskara hutseko eremuen dretxoa eta beharrezkotasuna da gaur ukatua eta hori biziki grabea iduritzen zait. Euskara dakitenak orain itzulpengintzarat kondenatuak dira frantsesek dena ulertu ahal izateko eta euskaldunek erabiltzen ez duten hizkuntza bat agerian ikus dezaten.