Korrikaren 20. edizioa martxoaren 30ean hasi zen Otxandion, eta hamaika egun, 2.557 km, zazpi herrialde eta milaka korrikalariren ondotik, Iruñara heldu da atzo. Momento hunkigarri eta ederrenetariko bat izan da ere jarraian entzuten ahalko duzuen Joseba Sarrionandiaren mezua ezagutzera eman denekoa: « Euskara altxor unibertsala da ».
20. edizioa berriz ere kolosala izan dela erran dute antolatzaileek. Duela bi urteko balorazioaren izenburua hauxe izan zen ”inoizko handiena”, eta aurten ere hori erran dute 20.Korrikaz hori baino gehiago adieraziz: inoizko handiena izateaz gain, indartsuena izan da: Otxandio herriak erakutsi zuen giharra, Korrika sortzaileen garra tinko iritsi da gaurdaino, besteak beste auzapezen kilometroa, Santiagoko zubia… Kilometro jendetsuak izateaz gain, indartsuak izan dira, inoizko Korrika anitzena ere izan da, inoiz baino eragile sozial, politiko eta administratibok bat egin dutelako Korrikarekin antolatzaileek egin duten bilanan.
Bukaerarekin ere hitz bera erabili nahi izan dute: handiena izan da, baina zalantzarik gabe, indartsuena, Sarasate pasealekuak inoiz ezagutu duen argazkirik biziena, sendoena!
Beraz, Korrika honetan ere koska bat gora egin dute eta partehartzea aintzineko edizioan baino handiagoa, anitzagoa, indartsuagoa izan dela baieztatu dute Korrika 20. antolakuntzatik.
Beraz, AEKtik, Korrikaren indar erakustaldi horren olatuarekin, AEKtik gonbite zuzena egin nahi dute herritarrei, bat egiteko, euskarara- ere gehitzeko, euskara ezagutuz eta erabiliz, gizarte orekatua eta kohesionatua lortzeko bide bakarra delako.
Era berean, euskararen normalizazioari dagokionez, engaiamenduaren eta auzolanaren ordua da:
- Euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatu da 20. Korrika honetan, eta hori izan beharko litzateke lehenbiziko pausoa; epe motzean Euskal Herri osoan doan ikasteko aukera zabaltzea, eskubidezkoa delako, behar dugulako.
- EHko administrazioek eta euskalgintzako eragileek, elkarrekin, hasi eta adosteko bidea egitea. Horretarako tresna egokia Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa dela uste dute Korrikaren antolatzaileek, beraz, etorkizuneko epeak, helburuak eta gutxienekoak zehazteari ekitea litzateke bigarren eskaera eta erronka