Zenbat hunkitzen gaituen euskaldunak gure mintzairak! Zenbat defendatzen dugun, egoera zailean bizi baita, baina bestalde ere norberak berea hoberena duelakoan!
Azken aldian euskara batua ala euskalkiak, hautu bat egin behar balitz bezala, eztabaida latzak irakurri izan ditut interneten.
Eztabaidan ulertzen dudana da, baikotza bere eremuan gotorturik dela, bestearen tokian ezarri gabe: Euskalkiak desegin nahi umen dituzten “euskarabatuzaleak”, eta batzuk badaitezke, eta parean, euskalkien txokokeriarengatik, euskara batua baztertzen dutenak; eta horietarik ere baditeke.
Ene partetik, konparaketa ona ez bada ere, aitortzen dut izigarri gustukoa dudala, atzerrira joateko parada ukan dudalarik, jendearekin bertako hizkuntzan mintzatzea eta heiekin etxekotasun pixka bat sendituz komunikatu ahal izatea. Ingeles hizkuntzan ari direnekin ere, dakidan heinarekin, maite dut entseatzea asmatzen ea irlandar edo eskoziar mintzamoldea duten ala Estatu Batuetakoa…
Haurtzaroan ikastolan ikasirik, xoko desberdinetatik jin jendea izanik han, euskalki desberdinak beharrian ukan izan ditugu ttipitik Seaskako ikastoletako ikasle ohi gehienek. Xiberoko Botzako lankide ohiak ere aste guziez bilkuretan xibereraz entzun izanak anitz ikasarazi zidan garai batez.
Euskalki batean edo bestean ari den jendearekin naizelarik, oharkabean pasatzen naiz gehienetan batetik bestera. Plazera da, jendeenganik hurbil senditzeko manera baita, naturalki jiten zaidana. Ez dut pretentsionerik xibereraz edo lekeitieraz mintzo naizela errateko, baina ulertzen ditut eta ariketa polita zait. Beno, batzuetan arazoak sortzen zaizkit euskalki desberdinetako mintzakideak baldin baditut… burua kokatzen bezala zait!
Baina aldi berean, eta atzerriko hizkuntzen adibidera itzuliz, frantsesa eta espainola edo gaztelera ere ikasi genituen ikastolan, eta horietan xuxen irakurtzen eta idazten ikasi ere. Ez zait bururatuko frantsesez edo gaztelereaz, lagunartean mintzo naizen bezala idaztea. Bereziki erregistro formaletan, hots gutunen idazteko edo laneko, frantsesak baditu bere arauak eta frantsesdun jendea, bere hizkuntza zuzen idazteari biziki lotua zaiola jakina da. Adibidez, prentsan akats bat delarik, jendeak laster azpimarratzen du, edota trufatzen da!
Beraz arrangura bera dut nik euskararekiko. Euskarak baditu arauak eta idazterakoan Euskara Batuak laguntzen gaitu. Euskalki desberdinak ez dakizkitenekin komunikatzeko ere baliagarri da eta berezi bereziki, gaur egun, euskaldun-berrien kopurua handitzen ari delarik, bai helduen artean baina are gehiago haurren artean, Euskara Batuak laguntzen ditu ez erotzen! Euskalki guziak batean ikastea ezinezkoa baita! Beraz eman diezaizegun aukera bat familian beste euskaldunik ez duten haurrei eskola elebidunetan, eta gau-eskoletan diren helduei ere, “Euskara bat” ikasteko. Gero ukanen dute astia euskalkien ikasteko… gazteek argot gisa baliatu nahi badituzte ere, adibidez!