Garikoitz Goikoetxea-ren elkarrizketa Jon Sarasuari BERRIAn
Euskara indarberritzeko bidean beste atal bat irekitzeko garaia da, Sarasuaren arabera. Batez ere lan munduari erreparatu dio, hezkuntzan egindako inbertsioaren ostean giltzarria delakoan.
Arantzazu, Urbia eta Aizkorri darabiltza irudi gisa euskara indarberritzeko bideaz aritzeko: Arantzazutik Aizkorrirako igoera hasi zela duela 50 urte, eta «Urbiako lainopean» doala martxa. Bidea egin dela, baina egiteko dagoela, eta hemendik aurrerakoa argitzea falta dela. Hiztunpolisa liburua kaleratu zuen orain bost urte pasatxo Jon Sarasuak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Gaur egungo egoeraz aritu zen urtarrilean Topaldian. Diagnostiko hori izan du hizpide elkarrizketa honetan.
Kezka batzuk agertu zenituen Hiztunpolisa liburuan; besteak beste, garai politiko berrian aukera batzuk gal zitezkeela euskararentzat. Zertan dira kezkak?
Hori zen kezketako bat: iragana ikusirik, abertzaletasunaren arteko lehia politikoak zenbateraino zapuztuko zituen euskararen arloko ekinbideak. Egia esan, azken bost urteotan kezka horren zati bat saihestea lortu dugu. Orduan gustura sinatuko nuen hau. Iraganean, izan ere, aukera batzuk zapuztu dira horregatik, nahiz eta ez diren oso publikoak izan.
Orain urte gutxi gertatu da hori?
Bai. Logika bat dauka: lehia oso estua badago eta susmoa badago apustu estrategiko bat egiteak beste kultura politikoa elikatzen duela, ez da apustu egiten. Arrisku bat dago: populazioaren batezbestekoak era subliminalean sentitzea euskararen aldeko apustu sendoa hautu elektoral jakin baten gertuko aldarrikapena dela.
Zoru komunaren ideia askotan aipatu duzu. Ari da hori sortzen?
Asentatzen ari da lurra, baina nire kezka beste bat da oraintxe honetan: zoru komuna ez dadila izan batezbesteko epel batean geratzeko, baizik eta ekinbide soziolinguistiko sendoak abiarazteko, belaunaldiko aurrerapausoak.
Arrisku hori sumatzen ari zara? Harremanak hobetu diren honetan, dagoenean goxo geratzea.
Arrisku erreala izan daiteke, bai. Apurtxo bat gusturago gaude denok: hitzarmenak honekin eta harekin, sektorea hobetoxeago tratatuta… Hori ona da. Baina giro berri honekin hau landu behar da: politika kontinuistak baino anbizio soziolinguistiko handiagoko ekinbideak martxan jartzea.
Liburuan askotan aipatu zenuen bisioaren gaia: «lausotuta» zegoela bisioa. Argitzen ari al da?
Batez besteko euskaldunak —edo, areago, euskaltzaleak— ez daki geure burua non irudikatzen dugun hemendik 20-30 urtera: zer den benetan nahi duguna eta gertatuko dela uste duguna. Bi horiek konbinatu behar ditu bisioak. Hori lausotuta daukagu. Airean dauzkagu galdera asko: zein da gure hedabide plana?, eta gure hezkuntza estrategia? Arlo gehienetan dauzkagu birpentsatzeko gaiak, betiere boutade handirik bota gabe: adar horiek aspalditik datoz martxan, eta begirunea eduki behar zaio orain artekoari.
Lan munduaren garrantziari buruz ohartarazi duzu bereziki.
Zentraltasuna eduki behar du datozen hamarkadetan. Aukerak eta tresnak ditugu halako operazio erraldoi bat martxan jartzeko.
Lan eremuan, oro har? Egoera desberdina da batetik bestera…
Arlo desberdinak daude. Administrazioa da bat, eta hor helburu sendoak jar litezke adar guztietan, orain arteko erdi noraeza gaindituta hogei urte barru beste panorama bat izateko. Industria eta zerbitzuak lirateke beste bi arlo lodiak; horietan prozesu orokor mailakatu bat irudikatzeko moduan gaude. Hogei urteko esperientzia prestaketatzat hartzeko eta olatu mailakatuak antolatzeko garaia heltzen ari da. Datorren hamarraldiko ekinbide zentrala izan liteke. Uste dut orain arte izan ez ditugun baldintzak ditugula.
Ezagutza gorantz doa, baina belaunaldi berrietan euskaldun gehienek eskolan jaso dute euskara, eta erraztasunik ez dute. Erabilerarentzat oztopo da hori.
Ezagutzaren unibertsalizaziorantz goaz. Baina, bai, erretratu robot oso hedagarri bat dago: euskara hezkuntzan eman zaion pertsona bat, bukatu ondoren ez duena familian, lagunartean eta lanean erabiltzen. «Hezkuntzan ikasitako hizkuntza hura» bihurtu zaio euskara. Lan arloan abiarazten bada olatu orokor eta mailakatu bat, hiztun mota horri irekitzen zaio erabilera esparru bat, eta agian hortik zirkulua ireki dezake. Zenbaitentzat, euskarara lotzeko kako bakarra izan liteke.
Lan arloan «olatu erraldoia» sortzeko zimendurik sumatzen duzu?
Hasteko, kontakizun bat behar dugu: 40 urtean inbertsio handia egin dugu hezkuntzan, baina ez du inolako zentzurik aurrean lan mundu erdaldun eta erdalduntzaile baten horma badago. Belaunaldi horiei iruzur ez egitekotan, eta orain artekoari zor diogun begiruneagatik, apustu sendoa egin behar da. Beste galdera bat sortzen da: teknikoki badakigu egiten? 25 urte daramatzagu enpresak euskalduntzeko metodologietan. Teknikari batailoi bat dugu. Dibisio bihurtu behar du? Horrekin batera, behar da erakundeek apustu serioa egitea —handiek eta udalek—, eta euskalgintzaren aktibazioa, tokiko euskalgintzarena eta masa zibil osoarena. Artikulazio horretan asmatu behar dugu: akordio politikoa, euskalgintzaren aktibazioa eta beso teknikoa.
Adostasun politiko zabala eskatzen du proposatzen duzunak.
Bi kultura politiko abertzaleak gertu egon daitezke gogoeta horretatik, eta abertzale gisa definitzen ez direnak ere irits daitezke horraino. Euskararen Legea sortzeko kontsentsua baino errazagoa iruditzen zait. Logikoa da: ahalegin eta inbertsio horrek ez du askorako balio, orain ez badugu inbertsio hau egiten. Orain da garaia. Badugu aukera. Askotan ez dugu sinetsi eragiteko zer gaitasun dugun indarrak alienatuta.
Eragiteko gaitasun horri dagokionez, sendo ikusten duzu euskalgintza, edo hobeto egon da?
Hobeto egon da. Gizarte antolatuaren sareari bi dimentsiotatik begira dakioke. Batetik, azpiegituren dimentsioa: azpiegitura tekniko eta gauzatzaile izatea —hiztegiak, hedabideak, euskaltegiak…—. Bestetik, mugimenduaren dimentsioa: jendea aktibatzen duen eta euskararen ametsa barreiatzen duen mugimendu soziala. Lehen dimentsioan indartsu dago —ahal bezala—; bigarrenean, ahul. Uste dut hori dela datozen hamarraldietako lantegietako bat: euskararen inguruko mugimendu zibil, beregain eta autonomoa, alderdi politikoetatik aparteko doinua barreiatuko duena.
Hiruki bat irudikatuta, hara: batetik, alderdiak, instituzioen bidez lanean; bestetik, euskalgintzako azpiegitura zibilak, garapen adarretan lanean; eta hirugarrenik, bultzaka, mugimendu zibila, euskararen ametsa taupatzen.
Alde horretatik, baduzu kezka euskara elkarteen jardunaz: zerbitzu emaile bilakatu ote diren.
Elkarteen arrisku nagusia hori da: zenbateraino zaren gizarte mugimendu, zenbateraino azpiegitura tekniko subsidiario. Ez da mespretxatu behar ez bat ez bestea, elkarteen ekarpenetako bat izan baita azpiegiturak sortzea. Baina euskara elkarteen egitekoa da aktibazioa egitea mugimendu gisa, ametsa barreiatzea, eta, batez ere, itsasargi eta gogoeta gune izatea herrian. Zer gertatu da askotan? Funtzio hori ahuldu egin dela, eta azpiegitura teknikoa nagusitu.
Udalen azpikontrata bihurtzea?
Segitu behar da funtzio teknikoak betetzen, baina euskara elkarteen erronka nagusia da nola lortzen duten mugimendu sozial izatea.
Ametsa barreiatzeko zeregina aipatu duzu. Amets hori badago? Adostuta dago amets hori?
Nahimena badago. Beharbada, ametsa lausotu xamar dago, eta oharkabe moduko bat: uste genuen Aizkorrira 50 urtean igoko ginela, eta Urbiako lainopean gaude. Horren aurrean, bi gauza esan behar dira. Batetik: «Urbiara igotzea sekulakoa izan da, eta meritu handikoa». Eta bestetik: «Urbiako lainopetik, goazen Aizkorrira, ametsa berrasmatuta: norantz eta nondik joango garen».
Maiz nabarmendu duzu euskalgintzak «ahots propioa» behar duela. Ari da horretan?
Azken urteetan ari gara aurrerapauso batzuk ematen, baina mesfidati jarraitu behar dugu geure buruarekin. Adibidez, Euskaraldiarekin. Aukera batzuk zabaltzen dituen pista bat da Euskaraldia, baina mesfidati ere begira diezaiokegu: ez dadila izan politika sendoagoen ordezko.
Ikusi duzu arrisku hori, erakundeen lana zuritzeko bide ere izan daitekeela Euskaraldia?
Izan liteke, baina ez dut sumatu. Nahiago dut mesfidantza geure buruarengan jarri, beti politikarien gain jarri baino. Hemen denok daukagu ipurdian zuloa. Borondate onez ikusten ditut instituzioetan, eta berdin gizarte zibilean. Bakoitza bere behar eta interesetatik ari da euskalgintzan hitzarmenen bidean: euskaltegiak, hedabideak…. Zilegi da. Baina mesfidantza dosi bat jarri behar dugu emaitza orokorrean. Alegia: Euskaraldia ederki, baina ondo al goaz? Zoru komuna bai, akordioa bai, baina belaunaldiko aurrerapausoak zein diren galdetuta eta etxeko lan nagusiak egiteko aukera politikoa landuz.
Euskalgintzako eragileen arteko harremanak nola sumatzen dituzu? Erakundeekin sortutako giro berri horrek hobetu dezake eragileen arteko erlazioa?
Enpresa edo azpisektore bat zarenean, haren interesak begiratzen dituzu. Ondo, zilegi da. Baina egon behar du jendea interes horietatik aparte lehentasun apustuei begira egon behar duena. Badago horretarako gai den jendea. Gauzen kudeaketara iritsi den belaunaldi honen esku dago aurrera egitea, bi aukeraren artean: Urbiako lainopean Fondan txorizoa jaten geratu, edo motxilak hartu eta beste abentura batean sartzea.
Eta abentura berri horretarako badator odol berria, edo belaunaldi ordezkapena arazoa da?
Hor badugu zer pentsatua. Ematen du harrobia badagoela, gai honekin sentsibilitatea duen masa badagoela. Baina egia da euskalgintza zibilak badaukala zer pentsatua: ez ote duen ondoegi asmatzen belaunaldi berriak inplikatzen. Iruditzen zait bi gai daudela oinarrian. Batetik, atxikimendu eredua aldatu egin da. Bestetik, zikloak: ez da haien zikloa izan gauzak sortzea, sortuta etorri zaizkie. Aztertu behar da nola bermatu belaunaldi artekotasuna.
«Sortuta etorri zaizkie». Horrek berak ekar dezake lasaikeria gisako bat belaunaldi berrietara?
Arriskua benetakoa da: eginda ikusten dituzte gauza asko. Egunkaria haientzat ez da inoiz ametsa izan, edo herri telebistak, edo ikastolak, edo euskaltegiak. Horregatik egin behar dugu datozen hamarraldietarako gogoeta: benetako arriskua dago bost hamarraldiko puztualdia airez husteko. Belaunaldi bakoitzak behar ditu bere zereginak, eta, agian, datorrenarena hau da: «Lan eta bizi euskaraz, eta horretara goaz».
Erabilerara, alegia?
Euskarari buruzko diskurtsoan arriskua dago mantra bihurtzeko erabilera dela arazo. Ideia negatibo bat transmititzen du: berez bideak jarri ditugula hizkuntza indartzeko, baina jendeak ez duela erabili nahi. Horrek libidoa gutxitzen du, eta injustua da, egiturazko galga eta tapoi asko daudelako. Egia da ezagutzaren unibertsalizaziora iristen ari den belaunaldiak erabileran ez baditu pauso sendoak ematen biziberritze prozesua airez hustera joan daitekeela, eta mezu arriskutsua dela hurrengo belaunaldiarentzat. Erabileraren gaia gutxiago aipatu behar da, eta gehiago egin: batetik, gogoa eta nahia elikatuz —doinu propioa duen mugimendua da gakoetako bat—, eta, bestetik, erabiltzeko egiturazko aukerak sortuz. Lan mundua zentrala da hor. Munta handiko inbertsioa da. Pentsa liteke helburu handiegia dela, bada nagitasun mental gisako bat azkenaldian, baina uste dut ortzimugaren angelu egokira begiratzen duela, eta amets doitua dela. Gauza zailagoak egin ditugu.