EUSKAL KONFEDERAZIOA
Itsasun, 2021eko uztailaren 15an, Euskal Konfederazioak prentsa aitzinekoan oroitarazi du martxoaren 25ean Euskal Konfederazioak eta Itsasuko zenbait hautetsik euskararen aldeko Tokiko Xartaren aurkezpena herriz herri abiatua zutela publikoki azaldu zutela.
Elkarteak zehazten du urtarriletik aurkezpena 52 herritan eta 7 lurralde polotan egin dela eta bestalde Xartak proposatzen dituen engaiamenduen artean hautua egiten laguntzeko (49 opzioen artean 35 bederen hartu behar) herrietako hautetsiei zuzendu 3 bilkura tekniko antolatu zirela, maiatzaren 28, 29 eta uztailaren 5ean. Xarta izenpetzea mementoko 30 herri inguruk erabaki badute ere, elkarteak gehitzen du balitekeela hemendik abenduaren 3ra – hau da, xartak Europar kontseiluko ordezkarien presentzian ofizialki izenpetuko diren data – desmartxan herri gehiago sartzea.
Lehen herri izenpetzaileak
Lehen herri horiek hauek dira: Aiherra, Aiziritze, Amenduze Unaso, Anhauze, Arrosa, Azkaine, Baigorri, Baiona, Bidarrai, Donamartiri, Donapaleu, Ezpeleta, Gabadi, Gamarte, Getaria, Hazparne, Isturitze, Itsasu, Lakarra, Lekorne, Luhuso, Makea, Ortzaize, Sara, Senpere, Suhuskune, Urepele, Urruña eta Uztaritze.
Euskal Konfederazioak azpimarratzen du herri izenpetzaile batetik bestera egoera desberdinak atxeman daitezkeela:
Euskararen aldeko lana jadanik eramaten duten herri batzuei (Euskal Elkargoak proposatu hobekuntza kontratuaren bidez, adibidez), Europa mailako ezagupena emanen die Xartak;
Dispositibo berezirik gabe euskararen aldeko neurriak hartzen dituzten beste batzuei egunerokotasunean egiten dutenaren lehen ofizializatzea ekarriko die Xartak;
Eta orain arte euskararen alde guti egiten zuten herriei herri mailako hizkuntza politika abiatzeko parada eskaintzen die Xartak.
Tokiko hautetsiei hitza
Elkarteak bere hitz hartzea bukatzen du herrietako hautetsiei hitza emanez. Ondoko herrien lekukotasunak entzuten dira: Itsasu (Gillen Hiribarren), Ortzaize (Odile Falxa), Uztaritze (Nikolas Blain), Urruña (Pruden Sudupe) eta Donapaule (Pettan Ayçaguer). Bakoitzak azpimarratzen du Xarta izenpetzea zergatik erabaki duen, herri bakoitzean gaur egun euskararen garapena zertan den eta Xartari esker ematen ahalko dituzten urrats berriak. Denek azpimarratzen dute desmartxan manera bateratuan sartu izanaren garrantzia eta eramana izan den elkarlana.
Ondoko urratsak
Euskal Konfederazioak hitza berriz hartzen du ondoko urratsak oroitarazteko:
- Europar kontseiluak finkatu prozesua segituz, uda honetan Xartak igorriko zaizkio ontzat eman ditzan
- Sartzean herriek Xartak formalki onartuko dituzte bozka bidez herriko kontseiluan
- Abenduaren 3an Xarten izenpetze ofizialak Europar kontseiluko ordezkarien presentzian
Xarta izenpetzeko herrien deialdia
Hautetsiek hitza berriz hartzen dute prentsaurrekoari buakera emateko. Azpimarratzen dute egoerak desberdinak izanik ere gaur bilduak direla gauza bat baitute amankomunean: euskararen garapenean urrats berriak emateko gogoa, tresna amakomun batekin, desmartxa amakomun batean.
Bestalde, oroitarazten dute euskararen berreskurapen prozesuan herriek dituzten ardura eta erantzukizuna, herritarrengandik instituziorik hurbilena izanki.
Epe motzean ipar Euskal Herriko herri guziek hizkuntza politika bat abiaturik izan dezaten nahi luketeenez, prentsaurrekoa baliatzen dute gainerateko herriei deialdia luzatzeko, hauek ere Xarta izenpe dezaten. Zehazten dute Euskal Konfederazioa prest dela herriz herri aurkezpenak egiten segitzeko eta hauek ere, lehen herri izenpetzaile gisa, beren esperientziaren berri emateko prest direla, lagungarri izan daitekeelakoan.
Beren hitz hartzea bukatzen dute oroitaraziz euskararen geroa instituzioetan ere jokatzen dela, eta berezikiago herriko etxeetan.