Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Erabiltzen ez den hizkuntza bat herdoiltzen da, eta herdoilak hiltzen du. Euskaraldiak erabiltzaileengan jartzen du arreta, eguneroko bizian euskaraz mintzatzeko leku gehiago aurki dezagun. Euskara hainbesteraino itzalean egoteak eragiten du, leku anitzetan, uste izatea gure solaskidea erdalduna dela. Farmaziara, saltegira, okindegira, ostatura eta noranahi joatean, lehen hitza erdaraz egin ohi da gehienetan, eta horrek elkarrizketa erdarara darama. Euskarak lege babesik ez edukitzeak eta euskaldunak demografikoki gutxituak izateak eragiten du euskararen ikusezintasuna, euskaldunen beren begietan ere. Ondorioz, autoestimu eta auto-konfiantza falta dute euskaldunek (norbanakoek), eta horrek eragiten du euskara oraino gutxiago erabiltzea. Gurpil zoroa.
Bizkitartean, euskaldunak badaude uste baino leku gehiagotan. Euskaraldiak balio izanen du euskaldunak eta euskara ulertzen dutenak bistaratzeko eta, horri esker, euskarazko elkarrizketak sustatzeko, uste ez zen lekuetan.
Balio beza, halaber, elkarrekin erdaraz mintzatzeko joera hartua duten euskaldunen bihotza kilikatzeko eta euskarara itzul arazteko. Euskararekiko ardura herritar bakoitzarena da, bistan da. Haatik, horrek ez du behar izan zenbait ardura estaltzeko aitzakia.
“Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” dio Josean Artzeren esaldi ospetsuak. Hori horrela da, baina hitz egiten ez duten horiek beren hizkuntza zergatik abandonatu duten ere aztertu behar da. Dakitenek ez dute beren hizkuntza erabiltzen, hain zuzen beren hizkuntza eskubiderik gabe dagoelako, leku anitzetan debekatua delako edo debekatua izan delako, beren hizkuntza jakiteagatik jazarriak, mespretxatuak eta baztertuak izan direlako… Ez zaie horrelakorik gertatzen hizkuntza boteretsuei, eskubide guztiak eta komunikazio kanal guztiak dituztenei, prestigioa dutenei… Hori gertatzen zaie euskara bezalako hizkuntzei. Erakunde politikoentzat erosoa da euskararen etorkizunaren ardura herritarren esku dela erratea. Hori da bizkarra hautsi diotenei erratea eskailerak igotzeko indarra berek egin behar dutela. Ez, gurpildun aulkian direnentzat, moldaketak egin behar izaten dira. Euskarari ere bizkarra hautsi zioten. Beraz erakundeek hartu behar lituzkete beren ardurak, euskarari bere lekua eta prestigioa itzultzeko eta euskaldunei euskaraz mintzatzeko erraztasunak emateko.
Erakundeek, ordea, zailtasunak ikusten dituzte beti. Eta hor ageri da haien muga. Uztaritzeko Herriko Etxean gertatu berri den kalapita biziki adierazgarria da. Erakusten du ez dela aski hauteskundeak irabaztea eta auzapeza abertzalea izatea “boterea” eskuratzeko. Batetik dute bozemaileak galtzeko beldurra, anitzek bozkatu dutelakoan zerrendaren proiektu sozialaren alde eta ez baitezpada abertzale zirelako. Bestetik, prefetaren boterea. Hark ematen dituen aginduak edo jartzen dituen debekuak errespetatu behar dira. Hots, politika instituzionalaren mugak ageri-agerian gelditu dira.
Erakundeek hartu behar lituzkete beren ardurak,
euskarari bere lekua eta prestigioa itzultzeko
eta euskaldunei euskaraz mintzatzeko erraztasunak emateko.
Beraz, bai, herritarren esku da euskararen aldeko lana. Beti hala izan da, eta hala izanen da. Instituzioak (udalak, autonomiak, elkargoak eta abar), ororen buru, Frantziako eta Espainiako legediaren menpe dauden egiturak dira. Haiek ez dute zinezko politikarik eginen euskararen alde, beti izanen baitira frantsesa eta espainola nagusi, “legearen” arabera.
Euskaraldiari esker, herrietan euskara taldeak sortu edo berpiztu dira. Ederra litzateke abenduaren 3tik landa lanean jarraituko balute, euskararen lekua bermatzeko eguneroko bizian, proposamenak lantzeko eta presioa egiteko.