Aitor Renteria « Txato » kazetaria, Iparraldean errefuxiatua azken 3 hamarkadetan, 51 urteko euskalzalea eta Berria-ren Baionako erredakzio burua, joan den larunbatean bihotzekoak jota hil da. « Txato » euskararen langile sutsuaren heriotza Ipar Euskal Herriko euskalgintzarentzat galera handia dela azpimarratu dute hainbat eragilek.
« Txato » hainbat urtez AEK-ko erakasle izana bertsolari gisa ere ezagutua zen. Kazetari lana eginez Egunkarian sartu zen 2001an eta gaur egun Berriaren Baionako erredaktore burua zen. Iparraldeko politika, ekonomia eta sozial arloen behatzaile aditu bezain ernea zen, Ipar Euskal Herriko hizkuntz politikaren ezagutza sakon eta zehatza zuelarik.
Iparraldeko euskalgintzarentzat « Txato » -ren hiltzea galera haundia dela azpimarratu dute euskalgintzako hainbat arduradunek Berria egunkarian euskarazko hedabideetako, ikastolako, AEK-ko eta euskal kulturako ordezkariek ekarritako lekukotasunetan.
Arrazoi politikoengatik 30 urtez goiti etxetik kanpo ibili ostean, Aitor Renteria joan den apirilaren 24an itzuli zen Hego Euskal Herrira. Bilboko Santutxu auzoan izan zen orduan, eta ondoko egunean Bakion harrera bat egin zioten —hangoa zuen aita—. Joan den ostiraletik geroz Mungian zen, senideekin, bost bat egun pasatzeko. Larunbatean bazkari bat bazuen, eta aitzin hil zen.
Aitor Renteria « Txato » besteak beste « Arrosako zolan » EHZ Festibalaren himnoaren egile gisa ezagutua da eta Enbata aldizkarian, Alda! gehigarriarentzat « Euskaraz Bizi! » sailan bere gogoeten irudikoa zen iritzi artikulu mamitsu bezain aberats bat egin zuen. Beherean aurkituko dituzue « Arrosako zolan » kantuaren hitz eta doinuak bai eta ere « Euskaldun… edo baikor ? » aipatutako iritzi artikulua. « Txato » -ren eredua gurekin atxikitzeko bi lekukotasun lagungarri.
Bilbon egina izan zaion homenaldi hunkigarriaren ondotik, Iparraldeak omenduko du Txato ekainaren 14-an Zokoan, bere errautsak itsasoan hedatuak izanen direlarik, eta Baionan, Berriako bulegoaren aintzinean, presoen aldeko manifestaldiaren kari.
Ez adiorik, Txato!
Arrosako zolan, kantu zirimolan,
Nahiz eta telebixtan ez gaituzten modan,
Euskararen garra , lokarri azkarra,
Gau ilun honetako gure artizarra.
Zazpiehun langile, sustu ta ekilez,
Oraina ta geroa ez ditaizke berez,
Kontzerto hunen bidez, musika eztiez,
Euskal izen ta izana, betikotz bat bitez.
Kola ta hanburgesa, euskaldun baldresa,
Gustua galtzea ere zer dugun errexa!
Kendu nahi digute, bihotz ta bertute,
Izaki klonikoak egin nahi gaitutzte.
Jo dezagun bada, goraki aldaba,
Multinazional hoien herria ez gara,
Bertoi ta Kortzikar, Kanak Okzitandar
Nor bedera izaiteko har dezagun indar
Munduko herrien ta irrati libreen,
Bilgune goxoa guk dugu urtero hemen,
Uhainen ildoan,asmoak geroan,
Elkarren ezagutza daukagu gogoan.
Munduko erronkak,herrien borrokak,
Bildu gara hausteko zapalkuntzen sokak,
Dantza ta irria,kantuz ilargia,
Gau hontan zoriontsu da Euskal Herria.
Testo hau « Euskaraz Bizi! » sailan argitaratua izan zen Alda!ren blogan, 2008 otsailaren 28an
Euskaldun… edo baikor?
Aitor Renteria “Txato”
Euskaraz bizitzearen plazerrak ez dit lausotzen ingura-tzen gaituen mundu frantsesaren ahalmen itogarria.
Bertsotan bezala, aldizkari honetan ere gaia jarri didate. Baikortasunaren hegatsetik lerratu eta euskaraz mintzatzearen plazerra azpimarra dezadan. Bego. Euskaraz mintzo eta bizi denak, gaiari buruz idazteko arazo bat zuela pentsatu nuen, eskizofrenia makala. Baina burmuina hausnarrian ezarri dut, ehogailu bihurtuz.
Euskaraz bizi naiz etxean, euskaraz egiten dut lan eta mendebaldeko kulturan hezia naizenez, euskaraz egiten ditut parrandak. Gogokoa dut kantua, bereziki, lagun arteko giroan, ziria bertso bilakatzen delarik eta bertsoa solas. Anitzetan pentsatu dut holako egoerak euskara sexu jolasen maindirez atontzen duela. Urteekin ikasi nuen sexuari dagozkion hitzak eskas direla euskaraz. Adierazi nahi duguna mihian dantzatu ahal izateko, itzuli-mitzuliak egin behar ditugu hizkuntzarekin. Gurean ez dugun hori, funtsean, komunikatzeko eta bizitzeko behar dugulako.
Izena duena bada
Izena duena bada, edo horrelako zerbait dio erran zaharrak. Beraz, bada eta ez badugu, norbaitek ebatsi digu. Nikoren kantuaren perspektiban, mugaren alde batean, eskuin mutur frankistaren aldeko bozka eskatzen duen elizak baduke zer ikusirik hitzen ezabaketan. Zoriontsuak gu mozketa ez delarik fisikoa izan. Mugaren bertze aldetik, eliza zuriak babesa eskaini dio euskarari. Egia erran, oilarraren gillotina zorrotzak gorri bihurtu zuen Errepublika, odolaren eraginez bederen. Funtsean euskara garbia izan behar, alafede, hitza kendu ondoren, plazerraren mekanika ez moztekotan.
Estatistikak eta euskaraz bizitzearen plazerra
Elizan bezala bizi gara euskaldunak Ipar Euskal Herriko gizartean. Ez dagoen baina inoiz baino gehiago existitzen den muga horretaz haraindiko egoeraz ez naiz mintzatuko, ez dakidalako estatistika hotzetan non gelditzen den euskaraz bizitzearen plazerra.
Bakea da nagusi eliza barnean, mirakuluz munduan arazorik ez balego bezala. Jainkoarengan sinesten ez dudan arren, eliztiarrek bai eta pozik dira haien artean. Gu euskaldunak, ere bai. Nazioa baino sekta ote garen pentsatzen hasia nago.
Harpeko mitoa
Harpeko mitoa aipatzen zuen Platonek. Harpean bizi gara eta bizi dugun hori, errealitatea dela pentsatu arren, ez da kanpoko argiaren itzala baizik. Zoriontsu gaude harpean, pentsatu gabe mundu bat dagoela inguruan, euskara arrotza duena.
Euskara legez ukatua
Euskararen Erakunde Publikoak ere badu doi bat edana iturri horretatik. Frantsesez bulegoa dena euskaraz erakundea bihurtu dute itzulpenean. Frantsesak beti izan dira euskaldunak baino errealistagoak, errepublika izanagatik. Euskara legez ukatua, herritarren presioz laguntzera behartua, EEPk eperik, neurgailurik eta helbururik gabeko hizkuntza politika ezarri du plantan, ezagutza ofizialik ez duen hizkuntzaren berreskurapena, borondate xumean oinarritu daitekeelakoan.
Besteen afera da euskara
Max Brisson jauna ezarri du Presidente, euskararen aurka egotetik, itzulipurdia egin eta euskalzale suhutsua bihurtua. Euskara gainbehera doa baina hura esperantzaz jantzia. Adierazgarria da Brissonek euskara ez jakitea, eta arrunta Brisson ez ahalgetzea euskara ikasi behar duela erraten diolarik Kontseiluak. Besteen afera da euskara EEPko buruarentzat, harpeko biztanleena.
Euskal hiztunen mundua getoarekin edo eroetxearekin ere erka daiteke. Barnean, nahi duguna izateko askatasuna dugu, hura Napoleon, bertzea Kleopatra eta hirugarrena Matalas, pozik eta libre adierazpenetan. Alta, burutik jota ez daudenak, ez dira eroetxean bizi, kanpoan baizik, eta frantsesez. Aitor dezadan eroa egoteaz gain erretzailea naizela, amorratua. Euskaldun getozaleak biltzen diren batzoki horietan erretzea debekatu digu Frantziak, eta eroetxeko balkoira baztertzen nau, gehiago murriztuz euskaraz hitzegiteko aukera.
Mundu frantsesaren ahalmen itogarria
Alta, euskaldunok aspalditik ikasi dugu mundu zabalean ibiltzen. Ameriketan ere ba omen gaude. Frantzia eta Espainiako espetxeetan ere gero eta gehiago entzuten da euskaraz, non ez den Euskal Herriko zortzigarren probintzia eta euskal hiztun berrien mintegia. Harpea, eroetxea edo espetxea, funtsean ez dut adibide ona asmatu. Gai jartzeailaren agindua ez dut bete, baina mina ematen dit mihiari koska egiten badiot. Euskaraz bizitzearen plazerrak ez baidit lausotzen inguratzen gaituen mundu frantsesaren ahalmen itogarria.