Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, Bego Atxa Sareko kideak, Michel Berhokoirigoin Bakegileak eta Anaiz Funosas Bake Bidea plataformako ordezkariak agerraldia egin dute Donostian urtarrilaren 3an. Urtarrilaren 11 ko mobilizazioen xehetasunen berri eman dute. “Baionan ‘Ez dezagun historia errepikatu’ lelopean kalera irtengo gara Parisekin eztabaida berrabiatzeko. Biarritzen Makron presidenteak esndakoak oroituz « Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu behar da ». Horregatik aurten Baionan gazteenek lelo hau daraman pankarta eramango dute”
Hara prentsaitzenekoan egin adierazpenak:
« Lehenik eta behin, euskal presoen senideei esan nahi diegu Bilbo eta Baionako manifestazioan batuko diren milaka eta milaka lagunen babesa dutela, oraindik orain indarrean den urrunketa politika krudelaren aurrean. Gaur bertan, ordu batzuen buruan, ehundaka senide eta lagunek errepidera jo beharko dute berriz ehundaka edo milaka kilómetrotara urrunduak diren euren senide presoak ikusteko.
Bigarrenez, esan; Batetik, Bilbon kalera irtengo garela, egun batzuk barru osatuko den Madrileko Gobernu berria ispilu aurrean jartzeko, estaltzen saiatzen diren errealitate hau argitara ateraz, jendartearen zati handi baten aldarriekin. Bestetik, Baionan kalera irtengo garela Gobernu frantsesari gure haserrea, deliberamendua, gure anbizioa modu berean adieraziz, aniztasun handienean, bake justu eta iraunkor bat nahi dugulako, konbentziturik presoen gaiak ez diela kalte egiten biktimei.
Orain da unea. Madrilen eratuko den Gobernu berri honen aurrean, hemen lortutako gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren adostasunak bertara eramateko. Madrileko politikariek hemen konpondu gabeko arazo bat denaren kontziente egin daitezen eta elkarbizitzarako konponbidea ezinbestekoa dela ulertzeko. Sanchez presidenteak duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETAren desegitearen ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak, ekintzak ordea ez horrenbeste.
Eta orain da unea ere Baionan kalera irtekoa, Parisekin eztabaida berrabiatzeko. Macron presidenteak 2019ko maiatzean Biarritzera etorri zenean adierazi zuen «Euskal Herria eredugarria da niretzat gatazkaren konponbidean eta armetatik ateratzeko bidean. (…). Estatuaren eginbeharra da mugimendua sustengatzea. Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu behar da». Ele ederrak sinesten dituenak engaiatzen ditu, eta lehenik eta behin ahozkatu dituztenak ditu engaiatzen! Baionan izanen gira hau adierazteko: «hitza hitz! ez dezagun historia errepika!» ez dugu etsiko ele eder horiek errealitate bihurtu arte!
Guk ere ez dugu historia errepika dadin nahi, aurrera egin ahi dugu, gure seme-alaba eta bilobentzat etorkizun hobe bat utzi. Horregatik, Baionan, traktoreak aintzinean dituztela, “Ez dezagun historia errepika araz” jasotzen duen pankarta bat eramango dute etorkizun berri baten jabedun diren generazio berriek, gure herriko gazteek. Eta Bilbon, gazteak izango dira ere manifestazioaren aurrealdean “Orain Presoak” lemapean lona handi bat eramango dutenak.
Bilboko manifestazioari dagokionean ordea, gaur, indar bereziz, manifestazioaren amaiera ekitaldian hitza hartuko duten pertsonen izena ezagutzera eman nahi dugu.
Argi dugu, elkarbizitzarako ezinbestekoa dela bai biktimen, baita presoen ekarpen, hausnarketa eta parte hartzea ezinbestekoa dela. Urte hauetan zehar eginiko bide honen baitan, iragarri nahi dugu, gatazka honen baitako biktimak ere erdigunera ekarri asmoz, herri honek jasandako indarkerien biktima diren bi emakumezkok ahotsa eman nahi izan diotela manifestazio amaieran irakurriko den testuari.
Maite duten pertsona galtzearen mina era zuzenean jasan duten bi emakumezko. Gorrotoa eta mendekuak kalte baino ez duela egiten argi dutenak. Argi dutenak ere ez dutela nahi inork euren izenean hitz egitea, edota euren mina modu alderdikoi batean erabiltzea. Eta batez ere, euren sema-alabei eta bilobei jaso zutena baino jendarte hobe bat utzi nahi dieten emakumeak. Eraiki nahi dutenak, ahanzturarik gabe, baina aurrera eginez, gorrotorik gabe.
Rosa Rodero, ETAko biktima eta Asun Lasa, GALen biktima izango dira azken mezu horri ahotsa jarriko diotenak. Elkarbizitzari egin nahi diogun ekarpenaren parte izango da beraz manifestazio amaierako ekitaldia.
Amaitzeko, adierazi nahi dizuegu Baionako eta Bilboko manifestazioa era sinbolikoan batuko dugula; Bilbokoari hasiera ematerakoan, Baionan manifestazioan presente izango diren makilen sinbologia baliatuz, testigua pasako diegu Bilbon batuta diren kideei, gure manifestaldia amaitzear delarik.
Eman diezaiogun guztion artean amaiera prozesu honi, gertatutakoa berriro errepika ez dadin. Horretarako, irtenbide justu eta iraunkorra eraiki ahal izateko, dagokien errespetua eta erreparazioa eskaini behar zaie biktima guztiei eta espetxeetan preso eta senideek jasaten duten eskubideen urraketarekin behin betiko amaitu. »