
Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.
Mathilde Larrère historialari frantsesak dion bezala Libération egunkarian, “Emazteen Nazioarteko Eguna finkatzeko egitasmoa 1910ean sortu zen, militanteen aldarrikapenen hamarkaden ondoren”. Urte hartan, Clara Zetkin kazetari eta politikari alemaniarrak ideia bota zuen Copenhaguen antolatutako emazte sozialisten bigarren nazioarteko konferentzian, datarik finkatu gabe.
1917ko otsailaren 23an (martxoaren 8an egutegi gregorianoan), San Petersburgoko emazte langileak karrikara atera ziren “ogia eta bakea” eskatzeko. “Berez, Lenin izanen da, 1921ean, martxoaren 8ko data Emazteen Nazioarteko Egun gisa finkatuko duena, 1917ko Errusiako Iraultzaren hastapenen omenez”, segitzen du historialariak. Gerla eta gero bereziki herri komunistetan antolatuko da eta ondotik gero eta gehiago hedatuko 60. eta 70. hamarkadeetako mugimendu feministari esker.
Borroka eguna
Oroitarazi behar bada oraindik, Martxoaren 8a ez da besta egun komertzial bat, langile klasearen borroka egun bat baizik, gure eskubideen alde mobilizatzeko eta hortan arreta jartzeko. Mende bat pasa ondoren, borrokari esker urrats esanguratsuak izan badira, bozkatzeko eskubidea batez ere, oraindik badugu lan.
Mende bat pasa ondoren, borrokari esker urrats esanguratsuak izan badira,
bozkatzeko eskubidea batez ere, oraindik badugu lan.
Feminismoak hamaika aurpegi, korrente eta frente baldin baditu, lantokiak praktikara eramateko terreno oparoa da. Erran daiteke: feministak garela sindikalistak garelako eta sindikalistak garela feministak garelako.
Soldata arrakala
Lan mundua emazteen aurkako injustizia, zapalkuntza eta bortizkeriaren leku handia da. Adibidez, soldata arrakala errealitate bat da oraindik. INSEE-ren arabera, 2024an frantses Estatuan lanaldi osoaren baliokidean, gizonak gu baino % 13,9 gehiago pagatuak izan dira; edozein lan denbora kontuan hartuz, % 23 gehiago da. Emazte langileen herenak denbora partzialean lan egiten du. Gehienetan modu inposatuan bereziki sektore feminizatuetan, sozialki eta ekonomikoki ez aitortuak eta gutietsiak direnak. Batez ere “hautuzkoak” direnean, askotan betebehar batzu betetzeko dira, ez ordainduak diren zaintza lanak gehienetan.
Bestalde, karrera eboluzioan oztopo asko ditugu sozialki aitortuak eta goraipatuak diren lanpostuetara iristeko. Lortu eta, hor ere soldata arrakala jasaiten da, hainbat gehiago 55 urte baino gehiagoko emazteentzat. Hor ere diskriminazio bat gehitzen da, ahantzi eta gutitu gabe beste guziak akumulatzen direnak egoera administratiboari, azalaren koloreari, sexu orientazioari, erlijioari… lotuak.
Antolakuntza eta negoziazio kolektiboa
Lantokietan borrokatzeko kolektiboki antolatzea ezinbestekoa da. Gure aldeko indar harreman bat sortuz ekintza sindikala bultzatuz, negoziazio kolektiboaren bitartez neurri batzuk irabazten ahal dira emazte langileok bizitzen dugun injustiziak apaltzeko eta haiekin gelditzeko.
Konkretuki, ordezkari sindikalak dauden enpresetan (50 langile baino gehiagoko enpresetan beraz), nagusiek Derrigorrezko Urteko Negoziazioak (Négociations Annuelles Obligatoires – NAO) ireki behar dituzte. Horietan, gai berezi batzuk derrigorrezkoak dira, haien artean lan sariak eta emazteen eta gizonen arteko berdintasun profesionala.
Enpresa handi zein ttikietan, funtzio publikoan ere aitzinatze konkretuak irabazi behar ditugu: soldata arrakala berehala gelditu eta hori errespetatzen ez duten enpresak zigortu, hilabetekoen geldialdia martxan jarri, burasotasun oporraldia berdina bi burasoentzat, lan elkarrizketetako emazteen kontrako diskriminazioa murrizteko eta zaintza lanak banatzeko. Bortizkeria sexista eta sexualaren kontrako protokoloak ezarri eta aplikatu, karreraren garapena segipen gardena eta justua segurtatzeko tresnen erabilera inposatu…
Langile feministok, denok elkarrekin badugu zer egin, martxoaren 8an denok karrikara!