Frantziar gehixenek nazioaz duten ikuspegia honela laburbil nezake zenbait puntutan. Estatua eta Nazioa bat daude. Sinonimoak dituzte Herria, Aberria, Populua, Ziutatea (le Pays, la Patrie, le Peuple, la Cité). Denek adiera berdina dute. Halaber “citoyenneté” ala “nationalité”, gauza bera da. « Autonomia” eta “independentzia” sinonimoak dira. Estatala “national” da, estatal ez dena “régional” edo “local” da : adibidez euskara hizkuntza “régional” bat da, Eusko Jaurlaritza gobernu “régional” bat da, ETB telebista “régional” bat da, Iparraldeko berriak “local” dira…
Errepublika eta Frantzia bat daude frantziar gehixenentzat. Kasik denek Errepublika onartzen dute. Beraz politikari batek azpimarratzen duelarik bera zein errepublikanoa den, zein “républicain”, horrek adierazten du ezkerreko nazionalista gogorra dela. Horren etsenplu nabaria eta karikaturala da Jean-Pierre Chevènement, defentsako eta gero barne arazoaetako ministro ohia.
Errepublika bat eta ezin zatitua da ofizialki. Frantziar ideologian, federalismoa munstrokeria bat da, barnean bezala kanpoan, zinez Frantziako Nazioaren etsaia. Ofizialki “le droit du sol” da frantziar izateko kriterioa.
Baina ustekabean, odolaren eskubidea ere hor dago: frantziar aita-amen haurrak automatikoki frantziarrak dira, atzerrian jaiorik ere.
Praktikan horiek dira bi kriterio nagusiak: lurra eta odola. Renanen ikuspegi bolontarista teorian indartsu dabila, praktikan askoz ere gutiago.
Sail horretan, Frantzia ez da berak nahi zukeen bezain eskuzabala. Errepublika oso laikoa da ofizialki. Haatik laikotasunaren mugak agerian daude: Estatuko buruzagien hiletak ardurenean Eliza Katolikoan egiten dira, adibidez Mitterrand presidente ohiarenak… Bestalde musulmanak gaizki ikusiak dira, eta ondorioz asko dira Turkia Europa Batuan onartu nahi ez duten frantziarrak. Egia da kasu berezi horretan beste arazorik ere badagoela : gaurko turkiar gobernuaren demokraziarik eza.
Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. Hizkuntza unibertsalista da, bereziki aberatsa, logikoa eta kontzeptuala. Eskualdeetako hizkuntzek ez dute Victor Hugo bezalako idazle handirik; hizkuntza konkretuegiak dira, ideietarako arras desegokiak, zientziarako halaber. Hizkuntzen eurokarta baztertzen du Frantziak.
Berriki arte, historiaren irakaspena oso nazionalista izan da. Orain nazionala da. Barneko nazionalitateen historiak ez du hor lekurik, badirenik ere ez da aipatzen. Historia bakuna da. Minoria nazionalik ez dago Frantziako Errepublikan. Frantziar guziak berdinak dira. Frantziar ikuspegian, denak identikoak dira.
Frantziar askok Errepublikako presidentearen botere pertsonal eta guziz bertikala onartzen du. Horrekilako harreman zuzena eduki nahi du, bitartekaririk gabe. Frantzian historikoki anti-parlamentarismo puntu bat badago, ziklikoa, gorabeheraka dabilana.
Frantziar ertainak ez daki zein nazionalista den
Frantzia Giza Eskubideen Aberria omen da, “la Patrie des Droits de l’Homme”, eta “le Pays des Lumières”. Irakasle ona da, baina bere hitza ez du beti betetzen. Frantziarra unibertsalista porrokatua da, baina edonoiz “l’exception française » delakoari dei egiten dio, bereziki bere kultura bereziaren zaintzeko eta bere monolinguismoaren justifikatzeko. Baina Frantzia ez ote da mundu osoan herrialde unibertsalista bakarra? Beraz kontraerranik ez dago…
Frantziar ertainak ez daki zein nazionalista den. Bere ustez patriota guziz normala baizik ez da. Bere nazionalismoa hitz unibertsalistaz beztitzen du federik hoberenean, kasik inozoki. Besteen patriotismoa nekez uler dezake, nazionalismotzat ikusten du.
Oroz gainetik, abertzaletasun ez estatala guziz anormala zaio, bereziki Europan, eta nolaz ez Frantzia eternalean. Norbait ez dela frantziarra izan nahi, ezin zaio buruan eden eta kabitu.