Herri gisa etengabe zapaltzen gaituen sistema indibidualista hau ez da eramangarria Ipar Euskal Herriko gazteontzat. Horregatik, Xuti Gazte!-ko gazteok kolektiboki antolatzeko apustua egin genuen joan den urteko martxoan. Gazte ezkertiar eta abertzaleontzako borrokarako tresna bat sortzea ezinbestekoa zela ikusi genuen.
Urteak dira Ipar Euskal Herrian Mugimendu Abertzalea indarra hartzen doala eta borroka emankorrak eramaten ari dela. Hala ere, mugimenduaren baitako gazte guztiak elkartzeko beharra ikusten genuen, gazte subjektutik elkarrekin egin eta eragiteko. Eta hori izan da azken hilabeteetan egin duguna: hainbat arlotako problematika ezberdinei erantzun diegu gazte gisa, beti ere egunerokoan horretan diharduten Mugimendu Abertzaleko eragileekin elkarlanean.
Goi-mailako ikasketak euskaraz burutu ahal izateko eskaintza zabala aldarrikatu genuen. Aberatsen aisialdirako apaintzen den lurrak lantzen duenarentzat izan behar duela aldarrikatu genuen. Neska gazteon aurkako erasorik onartuko ez genuela argi erran genuen. Euskal Herriak harrera herria izan behar duela oroitarazi genuen. Gazteontzako etxebizitza eskuragarriak bermatzea aldarrikatu genuen.
Hamaikaaldarrikapen
Baina arazoaren erroa bat eta bera. Frantziar estatuak inposatutako politikek ez diete Ipar Euskal Herriko gazteon beharrei erantzuten. Gazteok prekaritatean murgiltzen gaitu, neska gazteok bortizkeria zisheteropatriarkalera kondenatzen, euskaldunak herritik kanpora igortzen, eta kanpotik datozenak mugan oztopatzen. Frantziar estatuaren politikak eta hemengo gazteon beharrak etengabeko talka batean kokatzen dira. Frantziak inposatutako sistema zapalkuntzan oinarritutako sistema da, Ipar Euskal Herriko gazteok lehen pertsonan jasaten duguna.
Horren aitzinean, gure bizitzen alde borrokatzea dagokigu. Gazteon beharrak erdigunean jarriko dituen herria eraiki behar dugu. Herri euskalduna behar dugu, lan eta bizi baldintza duinak behar ditugu, gure herrietan bizi behar dugu, bortzikeria matxistarik gabeko herria behar dugu, harrera herria behar dugu. Eta guk argi dugu: behar dugun Euskal Herria eraikitzeko burujabetza behar dugu. Erabakiak hemen hartu behar ditugu, inoren eskuhartzerik gabe. Gazteok hemendik egingo dugulako gure neurrira izango den herria.
Gazteon ekarpena
Burujabetzarako bidean, ordea, ezinbestekoa da denek indarrak bil ditzagun. Borroka ugari eraman dira urteetan zehar, eta eramaten dira gaur egun ere. Gazteok ere, borroka horietan gure ekarpena egingo dugu. Borroka berriak ere plazaratuko ditugu, eta horiei lotuko gara. Ezinbestekoa da bakoitzak bere esparruan diren borroketan parte har dezan, eta batez ere, oraindik aktibatu ez diren esparruetan olatu berriak sor daitezen; gazte zapaldu bat dagoen alor guztietan horrekin hautsi eta eraldaketari bultzada bat eman behar baitzaio, horregatik garrantzitsua da gaztetxeetan, talde feminista edo ekologistetan, herriko elkarteetan, mugimendu sozialetan edo beste edozein espaziotan parte hartzea. Baina, esparruz esparru borrokatzea bezain garrantzitsua da alor ezberdinetan ekarpena egiten duten gazte guztiek bat egitea eredu berri baten alde, hau da, burujabetzaren alde. Izan ere, gazte abertzale eta ezkertiarrontzako proiektu oso bat eraiki behar dugu, egungo problematika guztiei aterabidea eskainiko diena, eta etorkizunean agertuko diren problematika horiek konpontzeko gaitasuna izanen duena. Bide horretan, bakoitzak bere eremutik, baina beste guztiekin elkarlanean, ekarpena egiten segituko dugu Euskal Herri abertzale, ezkertiar, feminista, ekologista, euskalduna eraikitzeko.
Amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko, gazteok burujabetza!