Erabaki politiko batzuk justizia sozialaren onetan hartuak dirudite. Hala nola gobernuak berrikitan deliberatu familia laguntzen mozkinaren arabera mugatzea. Altabada, horrelako erabakiak denendako eskubideen berdintasunaren printzipioaren kontra doaz eta fiskalitate progresiboa da behardunen eta aberatsen arteko desoreka zertxobait ezabatzeko bide zuzenena.
Duela zonbait aste frantses gobernamenduak deliberatu du familia laguntzak irabazien araberan modulatzea, erran nahi baitu familia batek 6.000€ irabaziz gero, laguntzak erdira jautsiko direla eta 8.000 eurotik goiti, laurdenera. Erabakia justizia sozialeko neurri bat bezala aurkeztua izan da, hots ezkerrekoa eta zuzena.
Alta gatu horrek badu beste buztanik, kasu horretan zuzentasunak berdintasuna kaltetzen baitu eta iritzi kritikoak ezker aldetik ere entzun dira.
Lehenik, erabaki horrek zuzentasunaren aldetik kritikagarria da zeren eta finkatutako 6.000 edota 8.000 euroko mugatik hurbil baina bi aldeetan direnen artean injustizia handia sortzen baitu. Egia da bestalde, gure jendartean zuzentasunaren izenean hainbat laguntza jada, irabazien araberan banatzen direla : behartsuek gehiago jasotzen dute dirudunek
baino. Bainan geriza sozialaren kasuan, sistema unibertsala dugu banaketaren aldetik, kotizazioek sarien proportzioan hornitzen dutelarik.
Berdintasunean oinarritua da, hots denena den eskubide bat bermatzen du, zatiezina eta beraz ez da behardunentzako laguntza.
Irabazien araberako modulazioak logika horrekin hausten du eta politika soziala, karitate publikoa bihurtzeko norabidea hartzen du. Arrunt beste zerbait hots, ondorio larriagoa dakarrena.
Sistema unibertsalaren legitimitatea
Alabainan bide horretatik hasiz gero, geriza soziala baliatzen dutenak eta ordaintzen dutenak ez dira arrunt jende berak izanen, sistemaren iraupena zalantzan jarriz epe ertainean.
Klase ertainek beren kotizazioekin dute hornituko eta behartsuek baliatuko. Aldiz, sistema unibertsalak legitimitate sozial handiago du klase sozial guztietan, denek honen fruituak biltzen baitituzte. Ondorioz sistema hornitzeko kotizazioak, batzuentzat handiak izanik ere, errexkiago onartuak dira. Sistema bermatua da, iraunkorragoa eta berbanaketa funtzionatzen da.
Ikerlariek “berbanaketaren paradoxa” izendatu dute fenomenoa : pobreak guttiago ziblatzen duen sistemak aberastasunen berbanaketa handiagoa segurtatzen du. Alderantziz, pobreentzako laguntza sozialek irudi negatiboa dute. Jendarteko sektore batzuk estigmatizatuak dira (estereotipoak ez dira urrun : pobre zikin eta alfer horiek !) eta beste sektore batzuek pagatzen dituzte. Kargu bat bezala ikusiak dira eta laguntza urriak bilakatzen dira. Geriza sozialaren unibertsalitatearekin hautsiz gero “pobreen eskubideak” sortzen dira, laster batean “eskubide pobreak” bilakatzen direnak.
Gobernuaren logika beretik segituz eta urrunago joanez, zergatik berdin ordaindu denei, behardun ala dirudun, osasun zerbitzuak? Berdintasuna hautsiz gero argi da ondorioa, zonbait herrialdetan ezagutzen dena : aberatsenek aseguru pribatuak ordaintzen dituzte eta geriza sozial publikoa pobreentzako gelditzen den sistema guztiz ahuldua bilakatzen da. Bi abiadurako jendartearen eredua, bere tentsio sozial guztiak barne ! Eztabaida berdintsua emaiten da zerbitzu publiko batzuen doakotasunaren inguruan. Pobreentzat soilik izan behar delako ideia frango zabaldua da. Bainan kasu horretan, zerbitzu publikoa sistemaren biktimak direnentzako karitatea bezalako zerbait bilakatzen da, berdintasuna eta herritartasuna sustatu ordez. Alde batetik kalitate guttiko zerbitzuak (eskolak, garraioak…) pobreentzat dohainik eta aberatsagoentzat ordaintzen diren kalitatezko zerbitzuak.
Gobernuaren logika beretik segituz
eta urrunago joanez, zergatik berdin ordaindu denei,
behardun ala dirudun, osasun zerbitzuak ?
Berdintasuna hautsiz gero argi da ondorioa:
aberatsenek aseguru pribatuak ordaintzen dituzte
eta geriza sozial publikoa pobreentzako
gelditzen den sistema guztiz ahulduabilakatzen da.
Jendarte eredua jokoan
Beraz ageri da eztabaida horien gibelean, jendarte eredua dela jokoan. Denentzako eskubideek berdintasun printzipioa segurtatzen dute eta horretarako atxiki eta defenditu behar dira. Aberastasunen berbanakata politika fiskalaren bitartez egin behar da, zerga sistema progresiboa indartuz eta iruzur fiskalaren kontra neurri zorrotzak hartuz (Frantziako Kontuen gortearen araberan enpresek ordaindutako kotizazioen aldetik 20/25 miliar eskas dira, geriza sozialeko defizita 15,4 miliarrekoa delarik 2014an). Gobernamendu sozialistak, presidenteak hitz emandako erreforma fiskala ahantzirik eta bere austeritate politikarekin itsuturik (700 milioi aurreztea espero du familia laguntzen modulazioarekin), kolpe larria eman dio bigarren munduko gerlatik landa sortutako geriza sozial sistemari.