Gerlak eta horren beldurrak toki handia hartu dute nire belaunaldian. Lau urteak nituen 1939ko udan, bigarren mundu gerla hasi zenean. Espainiakoa bukatu berri zen. Ondotik amak erran zidan kanoiaren burrunba luzaz entzun zuela Aragoi aldetik, borontea Jaka inguruan baitzegoen, mugatik hurbil. Gero 1939ko udaberrian, igande arratsalde batez, aita eta ama izan ziren bizikletaz Gürseko konzentrazio gunearen ikustera, 15 kilometrora, eusko gudariak hor hetsi zituzteneko biharamunean.
1940ko udaberrian Alemaniarekiko gerla zinez aipu zen familian, kezka handi batekin. Hegazkin bat entzuten nuenean zeruan gora, berehala gordetzen nintzen galdeginez « alemana dea? ». Behin amamak baketu nahi ukan ninduen erranez frantsesek gaitzeko murrua gora eraikia zutela, etsaia oztopa zezan.
Laster aleman soldaduak Baionan zeuden, baita Donapaleun ere. Haatik Zuberoa okupaziotik bazter egon zen denbora batez, Frantziaren hegoalde gehiena bezala. Baina 1942ko azaroaren 11n, Aliatuak Ipar Afrika frantsesean lurreratu ondoren, erreferan aleman armadak dena hartu zuen. Biharamun goizean lehenbiziko alemana ikusi nuen Ürrüstoiko eskolatik, motoz pasatzen tximista bezala. Gero alemanik ez zen hainbat baztertzen ibar zolako bide nagusitik gure mendixketara.
Makiak aipatzen entzun nituen 1943ko azaroan Limusin eskualdetik zetorren gutun baten bidez. Ene herrian bi talde agertu ziren 1944ko udan, bata iraunkorki Larrabilen, bestea denbora gutiz Ürrüstoin. Zuberoan bost guduka txiki gertatu ziren hil eta/edo zaurituekin, haietarik biga etxetik kilometro pare batean, bata Mitikilen, bestea Sarrikotapean, ene harridurako, lazgarriko eztandekin. Abuztuaren 25etik Zuberoa libro gertatu zen.
1945eko abuztuan Japonian zartatu ziren bi bonba atomikoek zirrara handia sartu zidaten betiko. Lagun zaharragoek zioten minbizia bezala zela horren eragina, ezin gelditua. Koreako gerla denboran (1950-1953) horren beldurra nuen etengabe, Indoxinako frantses gerlan ez hainbeste (1947-1954).
Gerla guzien artetik, hona halere kontsolamendu bat: Europar Batasuneko eremuan bakea dugu bigarren mundu gerlaz geroztik (1945-2024). Bake luzea lehen aldiz historian barna.
« Kontsolazio bat halere: Europar Batasuneko eremuan bakea dugu 1945etik. »
Aljeriakoan kezka mota berezi bat ukan nuen: urte andana batez ibili nintzen ezin jakin zer pentsa. Ikasketen ondotik soldadu zerbitzua Aljerian egin nuen 27 hilabetez. Han fite ikusi nuen populu hori ezin zela frantsestu, baina ber denboran ez zen ageri nola Frantziatik bereizten ahal zen; de Gaulle presidenteak afera trenkatu zuen aljeriarrei autodeterminazioaren bidea proposatuz 1959ko irailean. Ordutik independentziaren alde jarri nintzen argi eta garbi. Okupatzaile karguan sentitzen nintzen han, haurtzaroan Zuberoan ikusi nituen alemanak bezala.
1990 urteetan bi gerla zibil gertatu ziren Europar Batasunetik hurbil: Aljeriakoa eta Balkanetakoa, geroztik ahantziak, baina garaian zinez lazgarriak. Eta nolaz ahantz dezakegu Euskal Herriko gerrilla luzea (1968-2011)?
Franko berriki, inarrosaldi pare bat gaitza hartu dugu ateetan piztu zaizkigun beste bi gerla handirekin, lehena Ukrainakoa, bigarrena Palestinakoa. Ber denboran hirugarren mundu gerlaren beldurra ere berriz agertzen hasi zaigu Poutineren eta Ipar Korearen mehatxuekin, baita Txinak Taiwan uhartearen inguruan egiten dituen keinuekin. Hots ene bizitza, bestalde baikorra, hasi nuen bezala burutu beharko dut, gerlaren kezkarekin.