Azken asteetan FDSEAko buruak gezurretan entzun ahal izan ditugu. Gaia ezagutzen ez duenarentzat, gezur horiek airez aire irents daitezke. Zenbait azalpenekin agian ikusmolde batzuk aldatzen ahalko ditugu.
Hala ere, buruzagi gezurtiek segitzen dute erraten ez dela alternatibarik glifosatari. Zergatik hemengo edo kanpoko kazetariek ez dituzte buruzagi horiek denen bistan diren beste tekniketaz galdezkatzen?
Barkatu joan den hilabetean beste laborari batek hemen berean aipatu gaia parte batean berriz aipatzen baldin badut. Ez da hain originala bi aldiz gai bera hartzea baina duela zenbait aste gaurko lerroen idazteko gaiaz gogoetan ari nintzelarik, Irratian FDSEAko buru bat Glifosata famatuaz eman ikuspuntua komentatzea pentsatu nuen. Tarte berean kasik, sindikatu produktibista horren kide berak beste gezur meta bat hedatzen arizan da Ossau Irati sormarkaren bozak irabazteko eta hona zergatik harri batez bi xori egitea erabaki dudan, zuzenketa eta ikusmolde desberdina ekarriz.
Glifosata edo Round-up izeneko pozoia, belarren kasatzeko baliatua da 1975 urtetik eta gehien bat 90 hamarkadatik. Berrogoi urte inguru laborariek eskutan dutela. Laborantza, neolitikoan sortu zen eta gure inguruetan duela 7 edo 8 mila urte. Bestalde, artoa euskal herriko etxaldeetara heldu zen XVI. mendean. Bostehun urtez, hemengo etxalde gehienetan erein eta landu da. Milaka urte lurra lantzen dugula, zenbait mende badakigula artoa ekoizten, laguntza bakar gisa etxeko kabalen ongarria erabiltzen genuela eta belarraren kontra, kantuak dion bezala, aitzur eta jorra.
Denen bistan diren beste teknikak
Duela bi belaunaldi arte, beraz, hola zen. Artoaren historia luze hortan 40 urteko tarte labur batez pozoi batzuk erabili dira eta mundu guzian laborantza industrialaren eramaileek diote ez dela alternatibarik, ez dela beste egiteko manerarik ezagutzen. Hemengo agro-industriaren eramaileek ere prediku berak dituzte. Gezur berak. Pozoi ekoizleen tratulari apartak bilakatu dira. Zergatik ote? Bitxiki, gero eta tresneria gehiago aurkitzen da belarraren desagerrarazteko arto eta beste alorretan. Tresna biziki modernoak eta eraginkorrak. Artoa biologikoan ekoizten da eta emaitza franko onak lortzen dira teknika berri hauekin. Berrikitan lekukotasun adierazgarri bat entzun dut: laborantza konbentzionaletik biologikora pasa den laborari batena; esplikatzen zuen hautu hori teknikaren gostuz egin zuela, tresna aitzinatuak erabiliz emaitza berdin onak lor zitezkeela. Hala ere, buruzagi gezurtiek segitzen dute erraten ez dela alternatibarik glifosatari. Zergatik hemengo edo kanpoko kazetariek ez dituzte buruzagi horiek denen bistan diren beste tekniketaz galdezkatzen? Aise litzateke haien gezurren desegitea bizpahiru galderarekin alta! Glifosatak beste hamar urtez segurik segituko du, anitzen hipokrisiari esker. Beste hamar urtez lurra, kabalak eta jendartea pozoitzen jarraituko du.
Araudi zorrotzekilako sormarka, laborantza iraunarazteko
Denbora berean, beste gai batean, gezurti berek sinetsarazi dute Ossau Iratiko sormarkaren bozak irabaziz, araudia ahultzen ahalko zutela beren nahiaren arabera. Lurralde huntako laborantzaren indar nagusietarikoa bere lau sormarketan dago. Jende gogotsuek beren lurraldearen eta historiaren maitasunari esker kausituak. Hastapenetik eta anitzek baino goizago ulertu zuten araudi zorrotzekilako sormarkek zutela biharko euskal laborantza iraunaraziko. Sormarkek, beste label azkar batzuek bezala (Idoki, biologikoa, …) kontsumitzailearen konfiantza erakartzen dute: araudiak zorrotzago eta erosleen konfiantza handiago. Sormarken kudeatzailea INAO egitura da Frantziako Estatuan. Edozein araudiren aldatzeko, txosten argumentatua eta eztabaidatua aurkeztu eta defenditu behar da. Horrek hilabeteak galdegiten ditu bederen. Ondotik INAOko ekipek eta Parisko batzorde permanenteak erabakitzen dute ea galdea onartzen duten ala ez. Orduan bakarrik lan luze bat hasten da, joan-jin andana batekin aldaketa guzien defenditzeko. Gaur egun, klimaren aldaketa eta kontsumitzaileen duda gero eta handiagoak direla eta, INAOk ez du araudi ahultzerik onartzen. Kontrarioa sinetsaraztea, klientalismoa da, populismoa. Bozkatzaileak zozotzat hartzea da eta horrek zoritxarrez ondorio latzak ekar litzake hemengo hazkuntzarentzat.
Hemengo betiko laborantzaren oroimena eta errespetua
Iduritzen zait ideologiarekin ezin dela deus iraunkorrik sortu. Ideologiak sinesleak konbentzitzen ditu. Hauek ez dute gogoetarik erematen, sinesten dute, besterik ez. Parean aurkitzen ditugu leialtasuna, lana, hemengo betiko laborantzaren oroimena eta errespetua: lan seriosarekin, emaitzekin, aitzinatzen dira laborari horiek, beren bidea ona dela frogatuz . Ez dute istoriorik kontatzen, lanean ari dira, beren segurtamenekin eta inguruko lagun eta kideekin elkarlanean. Gezurra elkarlanaren parean. Eta azken urteetan munduko erresuma desberdinetan gertatzen den bezala, gezurrak batzuetan irabazten du. Esperantza gisa, berriki entzun dut norbait erran zahar bat aipatzen: « gezurra errazago harrapatzen da ezen ez maingua ». Laino ilunen ondotik, oskarbia.
Biba hi Panpi !