Conseil constitutionnel delakoak erabaki du beraz: eskualdeetako hizkuntzen aldeko legea gutien-gutienera murriztu du, gobernuaren nahikunde motzari egokituz, eta nagusiki Hezkuntza nazionaleko ministroaren etsaigoari men eginez. Bereziki murgiltze eredua legez kanpo jarri du. Aldiz esperientziak erakusten du tokiko hizkuntzan mintzatzen ikasteko bide bakarra dela. Horretarako elebitasun arrunta ez da nahikoa frantsesaren itsaso itogarrian. Usaian tokiko hizkuntzaren ezagutza isila ematen du, haatik ez gehiago: haurrak ulertzen du, baina mintzatzera ez da hupatzen.
Kontseiluaren erabaki bortitzak ez nau harritzen, jakinez nolakoa den Estatuaren zerbitzuko tresna hori: V. Errepublikako konstituzioak 1958ko urriaren 4an sortua, zentralismoaren kasko zorrotza da, horren gotorleku gorena, bolizko dorrea, bunker bikaina, monarkia errepublikanoaren harresia hertsiki zaintzeaz kargatua, ideologia hiperjakobino batetik. Frantzian legea ikuspegi jakobino eta hertsi batetik interpretatzen da usaian, eta hola egin da oraikoan ere. Kontseilarien ideologiak erabaki du, legeak baino askoz ere seguruago: irakurtzen badakienak ikus dezake klarki.
Segurki, dudarik ez dut Kontseilu horretako hameka kideen jendetasun goraz: bederatzi beste hainbat urtetarako hautatu dituzte herenka Errepublikako, legebiltzarreko eta senatuko lehendakariek, eta horiei juntatzen zaizkie automatikoki Errepublikako presidente ohiak: orain bi daude bizirik, Sarkozy eta Hollande. Baina Sarkozy 2013ko uztailetik ez zaie biltzen, eta Hollandek ez du parte hartu nahi.
Bederatziak nor ditugu? Fabius eta Juppé lehen ministro ohiak, ENAtik ateraiak; beste zazpiak, hiru gizon eta lau emakume, legelariak dira, eta andere horiek bereziki beren ofizioan bikain izanak ditugu. Guztien beregaintasunaz eta zuzentasunaz ere dudarik ez dut. Baina zer dakite “eskualdeetako” hizkuntzez, horien egoeraz, horien ikasteaz? Zer oinarri kontutan hartu dute beren epaian? Gehixenak frantses bakarreko eskualde batzuetakoak dira, ama hizkuntza frantsesa dutenak: nolaz uler eta onets dezakete frantses herritar batzuek besterik ukan dezaten, eta oroz gainetik atxik?
Lege berriaren etsai nagusia Blanquer jauna dugu, Hezkuntza nazionaleko ministroa. Beldur omen da murgiltze ereduan haurrek ez dezaten frantsesez behar bezala ikas. Ez ote daki ikastolakoak horretan ere hoberenetarik ditugula?
Baina maluruski, Kontseilu horren erabakia zinez urrunago doa: “Frantzian irakaspena frantsesez egiten da”, beraz eskualdeetako hizkuntzen ikastea haizu bada ere, beste gai guztietarik bazter utzi behar dira… Ondorioz, mende erdi batez irabazi dugun guztia gal dezakegu dudazko dogmo baten irakurketa hertsiaren izenean. Zakarrontzira beraz bilinguismoa ere! Gure hizkuntzak lagundu behar zituen legea zepo bat bilakatu zaigu oilarraren aztaparretan. Eskualdeetako hizkuntzak ez ote dira Frantziakoak? Arrotzak ote dira? Beraz gu ere arrotzak gara, kulturalki kolonizatuak.
Frantzia hizkuntza bakarraren erlijioan hetsirik dago, eta beraz egongo ere; hetsidura horri esker frantses gehixenak beste hizkuntza baten ikasteko ez dira gai, hain baitaude seguru berenak mundu osoko balio duela, beste guztien gainetik dagoela, eta ene ustez urgulu horrek, arrotzekin berdintasunean mintzatzeko ezintasun horrek, hein handi batean esplika dezake kanpoko merkatugintzan agertzen duen ahulezia.
Beraz Frantziak zer politika egin dezake eskualdeetako hizkuntzen alde? Enetzat estatuaren xedea zinez argitzen du frantses administrazioko kargudun gora batek 1980ko hamarkadan hitz gutiz erran zuenak, gobernua leiho baten irekitzen hasi zelarik 1793tik nagusi zen hizkuntza bakarraren harresian. Gogoz ari naiz, eta zinez dolu dut orduan erranaldi labur hori eta horren iturria idatziz ez harturik. Beraz hona zer atxiki dudan: “Il ne s’agit pas de faire vivre les langues régionales, mais de les aider à mourir dans la dignité”, hots estatuaren helburua ez dela eskualdeetako hizkuntzen biziaraztea (berantegi zela gehitu ote zuen, ez naiz oroitzen), baina duinki hiltzen laguntzea. Dena hor dago: mina eztitu behar zaio, baina sendatu gabe. Beraz jaunak, doian egon! Gutien-gutienekoaren egitera lehiatuko da Frantzia, europarren eta bere bozemaleen itxuren salbatzeko doia. Eta apoarmatu / dortokaren lan urri eta geldo horretan, gure hizkuntzen aurka lasterka ibili diren eskalapoidunak aurkitu ditu, azken unean helegitea Conseil constitutionnel delakora eramateko: erdiko hautetsi bitxiak, hain ongi mintzo direnak eta guztiz alderantzizkoa egiten dutenak! Nahaskeriaz? Faltsukeriaz? Berek dakitea beren ideologia lanbrotsuan?
Erabaki horrek balio du Seaska, Diwan eta Calendreta bezalako sistementzat ere. gure hizkuntzaren irakaskuntza guztia arriskutan jartzen du. Bi mendez jasaniko “Fascisme linguistique” batetik ateratzen hasiak ginen: hartara itzuli behar ote dugu? Conseil constitutionnel delakoak gure hizkuntzei gerla deklaratzen die, guri dagokigu araberan erantzutea: erabaki hori legez kanpo utz, horri bizkarrez itzul, sekula baino gehiago gure hizkuntzaren alde lanean eta borrokan segi, ikastola sustenga, estatu gabeko nazioen aliantza tinka, helegitea jar Europako epaitegi gorenan, baita ONUren inguruko erakundeetan. Ezen Kontseiluaren erabakia Giza Eskubideen aurka doa, baina Eskubide horiek mundu osoko balio dute, Konstituzio guztien gainetik.