Ezker abertzale mugimendua, urte bat pasa hasi zen udal hauteskundeen prestatzen, herri ttipi, ertain ala handietan militanteak biltzen zirela. Lan eta dinamika horri esker, abertzale hautetsi kopura ederra bildu du, auzapez berri batzuk agerraraziz. 2007an sortu zen hauteskunde koalizioak, bide egin du, Ipar Euskal Herrian, EHBai logoa identifikatua eta ezagutua da, ezin-besteko erreferente bat bilakatuz politika munduan.
Abertzale mugimendua ez da horretan geldituko, baliatuz herriz-herri egin den lanaz, EHBai mugimenduaren osatzeari buruzko urratsak abiatuko dira. Ondoko aste eta hilabeteetan bilkurak antolatuak izanen dira eskualdeka, inhala militante hurbilarazi beharko da, bakoitzaren ikus-moldeak ekarriko baitu aberastasuna. Garai garrantzitsu batean sartuko da ezker abertzale mugimendua, iraganean izan diren esperientziak kontutan hartuz. Belaunaldi berri batek, ez ditu garai horiek ezagutu eta pentsatzekoa da hauek ere beren ekarpenak eginen dituztela, freskotasun bat emanez mugimendu berriari.
Ipar Euskal Herrian, gai batzuen inguruan, abertzaleek akuilatzaile izan dira. Ez baziren hor izan, zertan izanen zen hizkuntz politika arloa? Lurraldearen ezagupen instituzionalaren eskakizuna? Orain aipatu gaia hauek ez badira ere oraino irabaziak, lortu dute debate publikoetan presente izaiten, bai eta jendarte eta hautetsi zabal baten sostengua?
Ondoko hilabete eta urteetan ere izanen da zer egin, ahantzi gabe gatazkaren konponbiderako urratsak ez badira ere behar den neurrian aitzinatzen, presoen gaia delarik minberatsuena, abertzaleek dutela, beste arloetan bezala, inhala eginen gauzak aitzinarazteko.
Haziak udaberrian ereiten direla… goazen EHBai-en osatzera, segur naiz uzta ona bilduko dugula!