Denon Bizitzak Erdigunean plataforma
Greba feminista orokorra 2023ko azaroaren 30ean iraganen da Hego Euskal Herrian. Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak antolaturik, zainketa sistema duina, kalitatezkoa, publikoa eta komunitarioa aldarrikatzea izanen da helburua.
Zaintzari buruzko gogoeta feminista ez da berria, eta aberatsa bezain erradikala da. Feministok kontziente gara sistemak emakumeon bizkar uzten duela zaintza ordaindugabea. Horrez gain, zaintzaren arloko zerbitzu publikoa ere geroz eta mehatxatuagoa da. Errealitate horren aitzinean, Euskal Herriko mugimendu feministak landurik du zaintza sistema publiko eta komunitario baten proposamena. Borroka feminista horren baitako egun inportante bat izanen da azaroaren 30a.
Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren aldarrikapenak ezagutzeko xedez, hitzaldi bat antolatua da azaroaren 17an (Baionako Lan Burtsan, 19:00tan), greba antolatzen dabiltzan bi militante gomitatuz. Biharamunean, azaroaren 18an, zaintzek gure bizian hartzen duten lekuaz gogoetatzeko aukera ukanen da Ortzaizeko liburudendan. Hiruki gatazkatsua liburua aurkeztuko du Marina Sagastizabal egileak, gosari goxo baten inguruan (09:30tan).
Azkenik, ikusirik azaroaren 30eko grebak duen inportantzia, eta gure elkartasuna adierazteko xedez, Donostirako manifestaziorako abiatze kolektibo bat eginen da arratsaldean (izena eman afixan den zenbakira deituz). Greba feminista hori orokorra den heinean mistoa izanen da.