Apirila undarrean, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte erakundek (50 pasa) deitu dute maiatzaren 30eko Hego Euskal Herrian Greba Orokorrara.
Greba deitu dutenek ‘aldaketa sakonak’ egiteko galdea luzatzen dute arduradun politikoei. Zerga politikan eta aurrekontuetan moldaketak nahi dituzte, eta baita Euskal Herri osoarentzako ‘eskubide sozialen gutuna’ ere.
Grebaren xedea da aurrekontu politikan « 180 graduko aldaketa » egiteko eskatzea, eta osasun, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte sailek diru gehiago behar dutela aldarrikatzea. Halaber, langabeziari eta pobreziari aurre egiteko, zerga politika aldatu eta iruzurrari aurre egiteko neurriak hartu behar direla azpimarratzea.
Grebarako 4 egun eskas direla eta Hego Euskalk Herriko 600 enpresa inportanteetako « enpresa-batzorde« -ek beren babesa erakutsi dute greba orokor honi, grebaren alde gehiengo zabalak lortuz. Datozen egunetan bozketak egiten ari diren hainbat «enpresa-batzorde»k beren babesa gehituko dute zerrenda honi. Bestalde, enpresa ttipi eta ertainetan ere ehunka egituretako langileek ere greban parte hartzeko xedea baieztatu dute.
Azpimarratzekoa da, krisi ekonomikoa hasi denetik geroz, Hego Euskal Herriko 6. Greba Orokorra izanen dela.
Jarraian, Greba Orokor baten balioa eta aintzineko asteetako lanen ezagutzeko eta ulertzeko lagungarri diren datuak aurkituko dituzue besteak beste «Zertarako balio du grebak?» Xabier Anzan ELA sindikatuko prestakuntza arduradunaren elkarrizketa idatziarekin, eta irrati saioko elkarrizketarekin.
Greba Orokorreko deia luzatzen duen karta :
Zertarako balio du grebak?
Xabier Anza, ELAko prestakuntza arduradunaren iritzia
Greba orokor bat deitzen dugun aldiro gehien egiten den galdera zera da, erabilgarria ote den. Benetan lortuko al da greba honekin gobernuak hartzen dituzten erabakietan atzera egin araztea? Krisi uneotan lanuzte bat deitzea ez ote da mesede egitea produkzio urria ateratzen ari diren enpresei? Ez al diote komunikabideek, kapitalaren edota gobernuen esku baitaude, ohiko erantzuna emango, protesta gutxietsiz?
Sarri izaten ditut gai honi buruzko eztabaidak militante sindikalekin; hauek hartzen dute beren gain borroka sozial, politiko eta sindikaleko eginkizunik zailena: lantokietan asanbleak deitzea; argudioak prestatzea; jendaurrean hitz egitea, norbere -ustezko- mugak gorabehera; lankideen gogoa mugiarazten saiatzea; jendea mobilizazioetara joan dadin konprometitzea… Militante horiekin eztabaida zaila da, izan ere, beren zalantza, galdera eta konbikzioak konpromisoz bustitako praxian sortzen baitira. Hartueman honek ikusarazi dizkidan ondorioak azalduko ditut, bada.
Nire iritzian, greba orokor bat aurrera ateratzen saiatzen direnek badakite errealitatea ez dela bapatean aldatzen; badakite gaitza dela egun bakarreko borrokaren poderioz gobernu bati atzera egin araztea. Haatik, militanteok uste dute greba egun bat berebiziko garrantzia duen unea dela borroken bilakaeran. Grebak eta erreibindikazio ekintzek nortasun kolektibo bat itxuratzen dute, “gu” bat, “haiek” bati kontrajartzen zaiona; kontrakotasun hau gabe ezin izango da beste agertokirik iritsi. Beraz, greba prozesu baten baitan ikusten dute, ez ultimatum edo hordago gisa. Eta badakite gure lorpen guztiak mobilizazioaren eta grebaren emaitza izan direla.
ELAko eta LABeko militanteak, gainerako sindikatu eta mugimendu sozialetakoekin batera, 3.000tik gora asanblea egitekotan dira, lankide eta herritarren borondatea mugitzeko asmoz
Greba orokorrarekin konprometituta daudenek ez dute epe laburreko kostu-etekinen kalkulurik egiten. Noski, greba egun bat garesti gerta liteke soldata miserable bat duenarentzat; litekeena da iriztea greba deitzeko motiboak ez didala niri zuzenean eragiten. Grebalariaren kalkuluak, ordea, ez du zerikusirik horrekin: bere ustez, inor ez da ondo biziko jende asko eta asko txirotuta dagoenean. Horregatik, greba orokorra egiten dutenek politikan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dute, eta uste dute zilegi zaiela, beste edozein ustezko adituri bezala, gizarteari komeni zaiona erabakitzea. Gainera, gizartearentzako irudikatzen duten alternatiban guztientzako lekua dago… Greba orokorrarekin grebalariek politika beren esku hartzen dute, ozen eta argi esateko “besteek” diotena egia bada -hots, “ez dagoela alternatibarik”-, ez daukatela zentzurik gobernu aldaketek, alderdiek, ezta demokraziak ere.
Greba orokorra egitea erabakitzen dutenak ez daude beren buruari begira. Mendez mende beste jende batekiko elkartasunak piztu izan ditu grebak, nazioen barnean zein mugaz gaindi. Greba orokorrarekin lagundu egiten ditugu beren duintasunaren alde borrokan dauden guztiak. Greba egiten duenak badaki zer den goizero barrikadan egotearen beldurra, zalantza, nekea… Greba orokorrarekin, horrenbestez, mezu indartsu bat ematen da: “zuek, egunero borrokatzen zaretenok, arrazoia daukazue, eta gizarte honetako kiderik hoberenak zarete”. Greba orokorrak horrela aurre egin nahi dio ugazabak erabaki ditzakeen zigorrek eragindako beldurrari. Greba orokorrean isilarazi dituztenek, lan munduan beldurrez bizi direnek protesta egin dezakete pairatzen duten menpekotasuna, dependentzia eta esplotazioa salatzeko. Halaber, greba egunez enplegua dutenek deiadar egiten dute enpresetan bakerik ez dela izango guztiek lana izan arte, euren eta etxekoen bizimodua bermatu arte.
Greba orokorrerako konpromisoa hartzen dutenek klase xeheen egoera bizitza sozialaren erdigunean kokatzen dute
Greba orokorrerako konpromisoa hartzen dutenek klase xeheen egoera bizitza sozialaren erdigunean kokatzen dute. Egun batez bereganatu egiten dute komunikabideek gizartearen agenda baldintzatzeko duten boterea, eta deiadar egiten dute: errealitaterik larrienei lehentasuna eman behar zaie; gizarteko debatearen erdi-erdian guztientzako enplegu duina egon behar da, ez bankuen arazoak. Greba orokorrarekin orain eta hemen bideragarri diren alternatibak aldarrikatzen dira, gizarte zuzenagoa eta lan duinagoa lortu eta aberastasuna hobeto banatzeko.
Greba orokorraren alde eginez, alde batera “gu” gaude, eta bestera “haiek”, egoera honen arduradunak. Honela gogora arazten dugu gertatzen zaiguna ez dela halabeharra. Gauzak bestelakoak izan daitezkeela, eta izan behar direla.
Greba orokorra, bestalde, garaiotan desobedientzia ariketa bat da. Gaur greba egitea ez da borroka tresna konbentzionala, mendebaldeko legeetan babestuta egon arren ez baita benetako askatasuna, langile-klasearen zatirik handiena mehatxupean dagoenean: langabezia, prekarietatea, kaleratzeak…
Datorren maiatzaren 30ean, milaka langilek agintari eta patroiei gogora araziko diete mundua geuk egiten dugula
Greba orokorra egiten dutenek kontzientziazioari dagokionez urrats erabakigarria egiten dute. Greba deitzea, arestian esan dudanez, hainbat lan hartzea da: prestakuntza eta argudioak eman, mobilizatu, jendea erakarri. ELAko eta LABeko militanteak, gainerako sindikatu eta mugimendu sozialetakoekin batera, 3.000tik gora asanblea egitekotan dira, lankide eta herritarren borondatea mugitzeko asmoz. Ez dago hau baino formazio politiko-sozial jarduera aberats eta handiagorik.
Amaitzeko, gogoeta bat: duela zenbait urte lehendakari batek enpresario talde hautatu baten belarriak gozatzeko bota zuen “zuek zarete herri honetako BPGaren %90a”. Datorren maiatzaren 30ean, milaka langilek agintari eta patroiei gogora araziko diete mundua geuk egiten dugula; garbitu, irakatsi, zaindu, sendatu, zerbitzatu, eraldatu, eraiki, saldu, banatu, garraiatu… Aberastasuna askoren lanetik dator, eta lan nahikoa badagoenez, enplegua ere guztientzako adina behar dugu.
Gora greba orokorra!!
ELA sindikatuan Prestakuntza sindikaleko arduraduna den Xabier Anza-rekin elkarrizketa « Maiatzaren 30eko Greba orokorrari buruz », Jaime Otamendik, Euskadi Irratiko Mezularia saioan egina, maiatzaren 15an:
Zer irabaziko dugu greba egunarekin? Galderak berak erakusten du noraino gaituen kutsatuak kapitalismoak. Greba bakar batek ez du aldaketa ekartzen, greba gizarte prozesu baten barnean kokatu behar da, langabezia hain gogorra den garai borroka defentsiboan.
« Greba egunarekin iritzi publikoan bestelako proposamenak plazaratzeko aukera zabaltzen da. Denak kabitzen garen gizarte batera abiatu behar dugu. Pobrezia gora doa, eta hazkunde garaian ere ez zen jaitsi. Nik asanbladetan bi irudi erabiltzen ditut.
– Marrazki bizidunetan korrika bizian doana amildegira heldu eta korrika jarraitzen du erori gabe, arik eta behera begiratu arte. Politikariak behera begira jarri behar ditugu
– Pipiak jotako altzariak itxuraz ondo daude baina kolpetxo batekin erortzen dira bat batean. Politika pipiak janda dago.
Langile klasea eta herritarrak oro har babestuta sentitu dira politikak nolabaiteko oreka ezartzen zuenean kapitalaren indarraren aurrean. Politikak, orain, paper hori betetzeari utzi dio eta kapitalismoa den bezala azaltzen zaigu, bere gordinean. Txirritak esan zuen bezala: Errespetua gordetu zuten beldur ziraden artean.
Sindikatuak krisian daudela ere esaten da, baina nik uste hemen bi gauza nahasten dira:
– Sindikatuaren indarra: geure erakundea orain 20 urte baino askoz indartsuagoa da.
– Sindikatuaren indar harremana: kapitalaren aurrean indar harreman orain 20 urte baina askoz txikiagoa da.
Silveirak iradoki du egun bateko greba ez dela eraginkorra, luzeagoa egin behar dela. Arrazoi izan dezake, baina gero enpresetara joan behar da eta langileei galdetu egun batekoa bikoa edo hilabeteko greba egin nahi duten.
Nik balio handia ematen diot grebaren prestaketa lanari. ELA eta LABek 3.000 asanblada egin behar ditugu greba txukuna ateratzeko. Asanblada horiek prestatu egin behar dira, aurrera eraman, argudiatu, bozketa egin eta irabazi. Politizazio lan horrek izugarrizko balio dauka, grebaren arrakasta lan horren fruitua baita.
Badakit lan honek izugarrizko ahalegina exijitzen diela sindikatuko militanteei, egunero baitaude enpresa itxierak, konkurtsoak, manifestazioa, grebak, askotan mugagabeak… eta gainera, greba orokorra ateratzeak esfortzu ikaragarria eskatzen du.«
Bestalde, Xabier Anza-k, Greba Orokorraren prestakuntzako hainbat bilkuretan, « Ongizate estatutik neoliberalismora Shock Doktrina erabiliz » gaia jorratu du, formakuntzen hasteko Shock Doktrina filmearen 20 minutuko laburpena ikusgai ezarriz hastapenean.
Bukatzeko, hara zonbait arrazoin Greba Orkorraren balioa laburzki ezagutzeko…
(Errealitatea ez da egun batetik bestera aldatzen, baina greba orokorreko egun bat mugarri funtsezkoa da halabeharrez luze jotzen duten borroka hauetan. Historiari erreparatuta jabetuko gara gure lorpen guztiak mobilizazioen, gatazken eta greben eskutik etorri direla.)
… eta Greba Orokor baten prestatzeko egiten diren hainbat ekimenetarik baten irudiak :