Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Europako ekialdean pasatzen diren gertakari larriek uzten gaituzte nunbait arraposturik gabe iritziak edo erabakiak hartzeko tenorean. Euskaldun edo euskal herritar gisa, badakigu historia ez dela sinplea. Hainbat aldiz podere politikoek eta mediatikoek kokatu gaituzte gaizkileen aldean ; alta, badakigu problematika geopolitikoak direla beti konplexuak. Euskal herritar gisa, nun kokatzen dugu gure burua?
Bixtan dena, ukrainiarrek bizitzen duten egoerak hunkitzen gaitu eta gaur egun heien aberriaren alde borrokatzen diren jendeer eta partikulazki eraso gogorra pairatzen duten zibiler elkartasuna luzatzen diegu. Aldi berean, gustu gazi bat senditzen ahal da NATOren baitan diren mendebaldeko estado harroputzek eramaten duten politikaren ondotik, agertu diren arazoak edo problematikak ikusita.
Noski, euskal herritar gisa ere, Errusiako enperadore berriaren egiteko eta pentsatzeko moldeak baztertzen ditugu; aski da orroitaraztea Txetxenian izan diren masakreak kontutan hartzeko ze nolako etorkizuna proposatzen digun Poutine bezalako nagusi batek. Ukrainian mundu osoak ezagutzen duen egoerak gogoeta ainitz ekarrarazten ditu: badu hilabete bat gerla hasi dela eta ez ditugu begi bixtan oraindik, hortik abiatuko diren ondorio guziak.
Larrienak epe motz batean dira gariaren, hots ogiaren inguruan (Errusiak eta Ukrainiak dute gari ekoizpenaren parte handi bat esportatzen) piztuko diren arazoak herri batzuetan, nun posible litaike gosete ziklo bat hastea. Orroitzen gira 2008an, munduko eskualde ainitzetan gosearen jazarraldiak gertatu zirela.
Nola ez pentsatu ere ideki den gerla edo tentsio prozesuak ez dituela harremanak lasaituko politika mailan eta azpijoko lanjeros ainitz izanen direla potentzi handien artean. Iduri luke Ukrainian iragaiten ari den gerla XXI. mendean gizadiak ezagutuko dituen problematika edo desafio guzien ikur bat bilakatzen dela. Nortasuna, naziotasuna eta autodeterminazioaren inguruan piztu dira liskarrak duela urte batzu Ukrainiaren ekialdean; historikoki, identitatearen inguruan konpondu edo laisatu ez diren arazoak dira agertzen berriz azken denboretan. Horrez gain, Errusiak, bere indarra segurtatu nahi du, munduko beste estado edo potentzi handien kontra duen xake partidan bere peoiak aintzinatuz.
Iduri luke Ukrainian iragaiten ari den gerla
XXI. mendean gizadiak ezagutuko dituen
problematika edo desafio guzien ikur bat bilakatzen dela,
nortasuna, naziotasuna eta autodeterminazioaren inguruan.
Ez da dudarik ere arrazoinak ekonomikoak eta estrategikoak direla, kapitalismoak behar dituen ekoizpenak, elikagaiak eta merkataritza bideak zalantzan eta jokoan baitira ere. Horrez gain, azpimarratzekoa da energia fosilek dituztela gerla honetan erabiliak diren armak diruztatzen. Azkenik, adierazpenak edo mehatxuak egoten badira ere, arma nuklearraren aipatzeak orroitarazten digu ze nolako suntsitze ahalmenak eraiki dituen gizakiak azken hamarkadetan.
Guttituak giren populuak zer egiten ahal dugu?
Galdera pausatzekoa da hainbeste indargabetuak senditzen ahal giren egoera horren aintzinean. Gero eta ahots gehiago entzuten dira, aipatzen dutenak orain arte gure mundua bideratu duen sistemaren kontra joateko ordua dela.
Beste mundu bat posible dela entzuten ginuen duela urte batzu, beste mundu bat behar da orain eta Ama lurraren eskualde guzietatik ekimen baikorrak gauzatzen dira, xumeki, diskretuki.
Ez da dudarik Euskal Herrian ere holako ekintzak eta proiektuak eraikitzen direla. Afrikar migranteekin edo orain ukrainiar errefuxiatuekin beso zabaltasuna erakusten du Euskal Herriak; garai nahasi eta ilun horretan, konbentzitu behar dira jendeak elkartasuna dela aterabide bakarra, heldu den uztailaren 2an, Pirineoetan iraganen den ekimena katalandar mugimenduekin, urrats noski sinbolikoa izanen da bainan aldi berean konkretua elkartasuna goraipatzeko eta aferak gure eskuetan hartzeko.