Frantziako ekologia ministeritzak bi hartz eme Eslobeniatik Pireneetarat ekartzeak hartu erabakiak, behin berriz, hautsak harrotu ditu Biarnoko ardi hazleen munduan. Eskualdeko hautetsi gisa, problematikaren goiti beheitiak hurbiletik ezagutzen ditut. Zergatik ez dira, erabaki hori hartu aitzin, eragile guziak mahai baten inguruan ados jartzeko gai izan? Hona hemen zonbait arrazoin.
Goi Biarnoko bortuetan (ber) sartu beharrak diren bi hartzen problematika, ekologikoa baino gehiago problematika oso politikoa bihurtu egin da. Eta ikuspegi hortarik erran daiteke emaitzak gozotik baino gazitik baduela. Mingots gustu horren errudun gira denak: izan gaiten hartzaren aldeko, kontrako edo arrunt futitu gai hortaz.
Badu urteak eta urteak erabakiak hartu izan direla Parisen eta badu urteak eta urteak polemikak gaina hartzen diola polemikari eta ondorioz ez dela oraindik segurtatua ez hartzaren lekua Aspe eta Ossauko bortuetan eta ez dela ez ere segurtatua bertako artzaingoaren geroa eta egoera sozioekonomikoa.
Beraz objektiboki entseatuz so egiten problematikari erran daiteke kalapita, konfrontazio, herra, ez ulertze, ikuspegi populistek eta deklarazio hutsek soilik eragin dituztela oposizio gogorrak, antzuak eta geroari begira biziki lanjerosak.
Objektiboki so eginez ere, ohartzen gira “sistema” hortan denak, aktore guziak eroso sentitzen direla, eta sistema hortaz aski untsa baliatzen direla bakotxak bere negozioa egiteko, izan dadin politikoa, sindikala, ingurumenaren aldekoa, artzainaren aldekoa edo nik dakita zeren aldeko edo kontrako.
Molde kolektibo eta partekatuaren premia
Puntaren puntan, edozoin gisaz, denek badakite han Parisen, pertsona batek, minixtro batek duela erabakia hartuko. Aldeko edo kontrako, berdin da ororen buru. Pertsona soil batek, han nunbait. Metodoa katastrofikoa da, bainan ororen buru, denak horrekin konforme, eta hor konpon.
Hala ta guziz ere, ez erran neri, ekologiari doakion eta aplikatzen zaion zentralismo hori ordezkatu behar denik tokian tokiko hartu litaiken erabaki baten medioz. Aski da ikustea tokian bertan diren erabaki hartzaile potentzialak ikusteko eta ohartzeko den denak lerro lerro arras kontent eta pozik direla, erabakia legez ezin hartu izanarekin gai konkretu huni dagokionez. Badu orain kasik hiru urte “hartzaren” dozier horren erdian naizela hautetsi gisa, baita artzain laborari gisa ere funtsean eta hiru urtetan behin ere ez dut paradarik izan, hainbat bilkura edo eztabaidetan, gelatik ateratzean pentsatzea “to, egun bederen eztabaida sanoa, sakona, lasaitua eta erabakigarria izan duk, zerbaitetarat helduko gaituk denen ikuspegia eta interesak kondutan hartuz”
Parisen minixtro batek erabakirik ez duelarik hartzen, batzuk orroitarazten diote zer diren frantses estatuaren engaiamenduak Europan, eta beste minixtro batek bi hartz ekartzeko erabakia jakinarazten duelarik, beste batzuk, beste haien auzo muturrekoak, kexatzen eta oldartzen dira. Batzuk aldekoen kontra eta ondorioz beste batzuk kontrako horien kontra. Ekosistemaren, bioaniztasunaren, hartzaren edota artzaingo eta mendiko laborantzaren arteko oreka, gero partekatua eta biziraupena afera seriosa da, agian seriosegia soilik Parisen erabakitzeko edo soilik tokian bertan erabakitzeko.
Afera hau, beste anitz bezala funtsean, molde kolektiboan eta partekatuan aztertu, eztabaidatu eta trenkatu behar da, behar litaike. Gertatzen da momentukotz bederen zentralismo batek agintzeko erabakia hartu duela eta nehork ez duela printzipio hori dudan ezarri. Gertatzen da ez girela gai izan tokiko aktore guziak nolabaiteko eztabaida eta erabaki molde burujabeak adosten molde partekatu, baketsu eta demokratikoan.
Kontsentsuaren bilatzea beharrezkoa
Eta baditaike gakoa hor izaitea: konpetentzia eta erabakia “lekukoek” izanez gero, gai izanen ote ziren, izanen ote ginen erabaki duin baten ateratzen eta asumitzen? Elkarrizketa, eztabaida kontrajarria, konzertazioa, adostasuna: zer balio emaiten dugu hitz eta egiteko molde horieri? Alta badira Europan herrialde eta erresumak nun gisa hortako konzeptuak egunerokoan aplikatzen diren eta nun ondorioz bizitza demokratikoak funkzionatzen duen eta nun “hartzaren” gisako problematikak konpromiso eta akordioen bidez sozialki eta politikoki konpontzen diren. Funtsean gune horietan, fauna, laborantza, mendiko artzaingoa eta mendiko erabiltzaile guzien arteko harremana ez bada ere egunero paradisu bat, heltzen dira adostu akordioak errespetatzen eta elkarbizitza bat sustraitzen egunerokoan eta epe ertainean, pentsatuz gisa hortan epe luzeari ere bide emaiten ari direla.
Herrialde horietan jakin izan dute beren egiazko ardurak hartzen, erabakiak adosten eta errespetatzen minixtro ekologista edo minixtro ehiztari baten zain egon gabe.
Azken finean zentralismoarekin denak ados, salbu hartza mementukotz bederen.
Errexago da goraki, ahoan bilorik gabe eta molde oldarkorrean postura bat hartzea, hastapenetik kontsentsuaren ildoa hautatu ordez. Errexago da minixtro bat intsultatzea eta mehatxatzea edo minixtro bera goraipatzea eta loraztatzea, mahain baten iguruan leialki jartzea baino, buruari emanez edozoin gisaz erabaki bat eta adostasun bati buruz joaiteko gai girela.
Errexago da goraki, ahoan bilorik gabe
eta molde oldarkorrean postura bat hartzea,
hastapenetik kontsentsuaren ildoa hautatu ordez.
Orroitzen naiz nola kontestu arras desberdinean, nahiz ta duela aspaldi jadanik, Michel Rocard Frantziako lehen minixtroak gela batean giltzaperatu zituela kanakiar negoziatzaile guziak, gomendatuz akordio baten lortzea. Lortu zuen!
Hartzaren afera huntan ere gauza bera egin beharko zitaikeen agian. Puntako emaitza ez da beste mundukoa eta ez da asegarria. Demagogia, harroputzkeria merke eta polemika antzuak alde guzietan, ikuspegi guzietan.
Hartz gaizoaren biziraupenaz haratago, jakin badakit afera huntan demokrazia, kuraia politikoa eta bereziki inteligentzia eta heldutasun politikoa kolpaturik atera direla.