Independentzia ikusten da. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den etorkizun hurbilean. Inork ez daki, baina orain bai, orain independentzia ikusi eta sinetsi egin liteke. Botoen %48 lortzea sekulako emaitza da eta iragartzen du erreferendum ofizial batean independentismoak irabazi egin lezakeela. %77 parte hartze oso handia da eta Catalunia Si Que es Pot-eko boto soberanistaren zati handi bat ere beregana dezake, orain CUPek sektore horretan kosk egin duen gisan.
Kontuz Madril! Beldurraren estrategia ez zaio ongi atera Madrili eta independentismoa hauspotu du: Katalunian inoiz ez da hain independentista kopuru handia izan. Jarraitzen badu errealitate hori onartu gabe, galtzen segituko du, 2010etik hona gertatu den legez. PPk hauteskunde kanpainan erabiliko du orain Kataluniaren mamua, baina ez dirudi garai bateko emaitzarik emango dionik.
Konstituzio erreferenduma. Estatu egiturak sortu, Konstituzioa idatzi eta erreferenduma. Hilabetea gora-behera 18 hilabetetan konstituzio erreferenduma bozkatuko dute katalanek. Baina berriz ere ezingo dute egin legez, Espainian datozen hauteskunde orokorretan gauzak zuritik beltzera aldatzen ez badira bederen. Eta aldaketa oso handiak baleude ere, ez dirudi katalanak dagoeneko Espainia federalarekin aseko direnik. Ekimen bakarrak geldiaraz dezake independentziarako oraingo bidea: erreferendum ofizialaren onarpenak.
Desobedientzia zibila. ANCk iragarria du, “desobedientzia zibilaren fasean sartzen gara”. Guztientzat da berria hori eta mundu guztia ibili beharko da tentuz, batez ere Madril. Mundua eta bereziki EB begira dira, errepresioa bortitzerako lekurik ez da eta errepresio leunak independentzia elikatzeko arrisku handia du. Baina katalan independentismorako ere orain arte ibili gabeko ur sakonak dira eta ondorioak ere gogorrak izan daitezke. Horrez gain, haien artean ere tira-birak errazago sor daitezke.
Mas estu. CUPek kanpainan esan du ez duela Masen lehendakaritza sostengatuko. Bigarren itzulian gehiengo sinplea nahikoa da Mas ateratzeko, baina CUPen botorik gabe ezin du. C’S, PSC, PP eta CSQPek 63 eserleku dituzte, eta JPSk 62. Ez dago argi zer gertatuko den eta lehendakaritza lortuta ere, gobernagarritasuna biziki korapilatuko zaio. Independentziarako bide-orria, aldiz, zabalik luke CUPekin. Edozein eratan, independentzia prozesurako aktibo oso garrantzitsua izaten jarraitzen du, batez ere EBra begira. Bruselak mesfidantzaz ikusten du CUPen gorakada, eta lasaitzen du Mas hor egoteak.
Gogorrena falta. Azken bi hesiak –bai iazko azaroko erreferenduma bai plebiszitua–, primeran gainditu ditu independentismoak, baina orain gogorrena hasten da.
Euskal Herria. Hemen prozesu soberanistarik ez bada ere, behintzat estrategia argi batekin, honek bultzada ematen dio euskal independentismoari. Euskal lurretan egoera konplexuagoa da hainbat arrazoirengatik –EAJren egungo helburuak, bake prozesua, lurraldetasuna…–, baina katalanen garaipenak laguntzen du sinesten herritarren gehiengoak independentzia nahiko balu, lor daitekeela.