Hemen elkarteak, azken 3 hamarkadetan bere eginkizunetan Enplegu sortzearen eta Euskal Herriko ekonomia suspertzearen erronkak jorratu ditu. Horrez gain ondoko arloetan ere arizan da : ekonomiaren ezagutza gizartean zabaltzen, elkarlanerako sareak antolatzen, elkartasun izpiritua azkartzen, ekimen eredugarriak goraipatzen, finantza baliabideak garatzen, behin ere eginak izan ez diren ikerketa berezien gauzatzen eta zabaltzen, Ipar Euskal Herriaren geroa eztabadatzen den lekuetan parte hartzen. Azken urteetan beste bi norabideetan lan egitera lehiatzen da Hemen Elkartea:Itsas hegiaren eta Euskal Herri barnekaldearen arteko loturen finkatzeari eta iraunkortzeari buruz eta Mugaz bi aldetan lan eta enplegu harremanen sustatzeari buruz, EuskalHerriLan ekimenaren bitartez.
Joan den larunbatean Hemen Elkartearen Biltzar Nagusiari Beñat Berhouet Bidarraiko auzapezak ongi etorria egin ondoren herrian bertan bildu 40 bat laguner, aurtengo lan sail guzien laburpena egina izan da. Huna eztabadatu pundu batzu :
- 11 CLEFE badira Ipar Euskal Herrian. Ikusiz emazte ainitzek badutela prestamu baten beharra beren enpresa proiektua bideratzeko, Lapurdin eta Baxenabarreko herritarrei dei bat zabaldua izan da CLEFE berri batzuen sortzeko edo daudenen indartzera etortzeko.
- IBAI-ERREKAK batasunaren baitan HEMEN-ek bere lekua dauka, energia berriztagarri ekoiztea bultzatzeko, bidenabar herri ttikietako ekonomia lauzkatuz. Azken hilabetetan, 4 eihera jabeen proiektuak ikertuak izan dira. Salatua izan da Kontseilu Orokorraren, EHLG-ren eta Baionako CCI-ren iritziak kondutan hartu gabe eta hidroelektrikaren garapena trabatzeko gibelasmoarekin, kasik Iparrraldeko erreka guziak zuzenkontra sailkatu nahi dituen Frantses Estatuko administrazionearen jarrera.
- HERRIKOA : HEMEN administralari da HERRIKOAn eta teknika batzordeko bilkura guzietan parte hartzen du.
- Iparraldean enpresa sortzeko moduetaz sentiberatzeko 3 formakuntza egun iragan dira larrazken huntan. Oren erdi bateko filma baten bitartez 3 egun horien jasta erakutsia izan da, azpimarratuz zoin neke den gazteak saldoan ekar araztea, heientzat antolatu ekitaldietara ere.
- Euskal Herriko garapen kontseilua: Bilkura eta hitzartze ainitz izan dir 2013n ere ; hor baitzen mementoa ahalak oro egiteko araudi bereziko Lurralde Kolektibitate bati buruz joan gaitezen. HEMEN-ek bere bazkideak deitu ditu – 2013ko apirilaren 27ko gogoetaldi egunera, Baionako fakultateko entzutegi nagusira – ekainaren 1an Baionan eta azaroaren 30ean Maulen iragan diren manifestaldietara. Bertze batasun guziek egin duten bezala, deitoratu dugu Gobernuaren jarrera hetsia.
- Zuzendaritza batzordea erreberritu ondoan, René Harlouchet Lehendakariak hitza eman die Juliette Bergouignan eta Jean-Pierre Massias aditueri, Ipar Euskal Herriarentzat berezko Unibertsitatearen beharraz, eta aldarrikapenaren egoeraz mintzatzeko. Elkarhizketa intresgarri bat izan da eta aipatu dira hego Euskal Herriarekin partzuergo batzuen egiteko paradak.
Hemen Elkartean nor-nahi sartzen ahal da. Hortarako, interesatuak diren presunek aski dute harremanetan sartzea helbide huntara joanez www.hemen-herrikoa.org ([email protected]) edo deituz Angeluko Jorlis zentrorat 05 59 52 56 02 zenbakirat.