Herriari-k, Itsasuko abertzaleen zerrendak, joan den martxoaren 15eko lehen itzulian, 410 bozka bere alde bildu zituen, herriko etxea orain arte kudeatu duen zerrendatik berrogoi bozetarat geldituz. Bigarren itzuliari begira, Herriari taldeak argi du Itsasuko Herriak eskuratu behar duela arduradun talde bat deliberatua, eta elkartasunez josia den herri proiekto bat, konfinamendu ondoak behartzen duen bezalakoa. Taldeak berehala ezartzen du helburu hori lehentasunetan bozka aintzineko lehian eta bere herri proiektoan. Hara Enbata.Info-ren bi galderei, Mikel Hiribarren zerrendaburuak ekarri erantzunak.
Zer bilan egin duzue Herriari Itsasuko Abertzaleen taldeak, Herriko Bozetako Lehen itzulian ukan emaitzetaz?
Urruntzen ari da herriko bozken lehen itzulia. Baietz pozik ginela martxoaren 15eko arats hartan. Baginakien abertzalek bagenuela Itsasun 250 bozka segurtaturik, zernahi izanik bozkaldia, herriko hauteskunde ala beste moduko bozkaldi. Eta beraz guretzat 400 bozkako marra hori gainditzea sorpresa ona izan da. Gainera orainarte herriko etxean gehiengoa zutenetik lau dotzena bozketan gelditu gira.
Aski berant sartuak ginen zinez bozka kanpanaren dinamikan. Barne eztabaidak ere ukanak ginituen talde sendo guziek bezala. Eztabaidagai ukana ginuen nola orekatu gure kanpanan azken urtetako gure ordezkarien lana eta borroka herriko etxean, eta aitzina begira, gure taldeak herri proiektu bat ontzea Itsasukotz. Nehork ez du ukatu iragana, baina denak lotu gira biharko herriaren proiektoa lantzen.
Lehen itzuliko emaitza hainbat arrazoinen ondorioa da. Eta ez da arrazoinik txarrena, auzapezak bere alkia uzten duela. Roger Gamoy-ek ez du gehiagokorik goretsi ordainik edo ondokorik, azken hautetsaldiko taldea erdi pusketan joan zitzaion. Kontseiluan kontrakoek, gureek barne, lanak eman zizkioten bere auzapezgoari buru egiten. Eta auzapezgoaren alkia bera erdi hutsa gelditzen da azken ilabete hautan.
Dena ez dugu hemen xeheki hedatuko, iduritu zauku ere herriko gehiengoan zirenek nekez muntatu dutela beren zerrenda. Lehen hortzak ahoan eramaiten zituzten hauteskundeak, hitzerdi batez biltzen zituzten beren lerrotan auzo bakotxeko emazte ala gizonik estimatuenak, berehala berenganatzen zuten mihikua, bi ostaler eta hiru ofiziale. Bazakiten gero belaunaldi berrien sartzen, hunen semea edo haren alaba… Nago ez denez hausten ari gure gizarte komunitario hori, familia haundien sareak eta auzo gehienetan bazirela ahari nagusi batzu, aspaldiko ekosistema tradizional hori barreatzen ari da menturaz bere on eta gaitzekin.
Beste hainbeste lerro behar nuke adierazteko gu abertzaleak ere beharbada ez girela garai batean bezainbat mamu gorri ala beltz bezala ikusiak. Azkenean besten erdian bizi gira, besteak bezala bizi gira, gu ez baikira besteak. Zer ginuke hain ezberdinik gure herritarretarik, nahiz askok « les basques » deitzen gaituzten? Ez direnean « les antibasques » , -orduan amorru ixila besterik ez baitute golkoan-, « les basques » deitzen gaituztenek ez dute berezko etorkizunik ikusten Euskal Herriarentzat, nun ez den kantu bero, ondare hotz edo sos idor biltzeko molde bezala. Guk gure euskaltasuna herri asmo bat bezala daramagu, aitzinakoia eta modernoa. Elkartasunen indartu beharrak zubiak eraikitzen lagunduko gaitu konfinamendu ondoko garai berri huntan.
Nola prestatu duzue 2. itzuliko kanpaina?
Ez gira sekulan alfer egon martxoaren 15eko biharamuneko konfinatze manu haien ondotik. Astez aste elgarren berri atxiki dugu, eta hortarako badira nahi den bide guziak orain kasik dohainik. Bada telefona bakotxaren esku zakuan ala sakelan, badira telefonazko eta bideozko bilkurak, bada zoom eta bada wiki…. Numerikoaren denda zabalean denak kausitzen dira baliatzeko prest, salbu elkarlanerako gogoa. Aitortu behar da halaere moteltzen dela elkarlanerako kemena etxetik higitzea debekatzen delarik.
Laster piztu da berritz gure Herriari taldean lehiatzeko gogoa bigarren itzuliaren eguna erabakia izan delarik. Lau aste baziren lau egunez egin beharko genituenak egiteko, lau egun izanen baitziren ondoko zortzian gertatu balitz beti bezala bigarren itzulia. Lehen astea joan zauku dudamudan, ezjakinean deliberatuko zenez Louis Ustarroz gurekin jiterat, eskainia ginakon bezala. Ez ziren naski haren talde kide guziak ados guri lotzeko, bera barne. Azkenean erabaki dute beren alde agertuko zirela zerrenda osoarekin bigarren itzulian, eta hastapenetik hain segur haietarik batzuek argi zuketen gurekin ez uztartzea. Gure ustez molde hortan badoaz beren helburu nagusiaren kontra, herriko etxetik kentzea Gamoy eta Iturburuaren gehiengoa, baina hori haien hautua izan da.
Herriari-k hortik aintzina argiago zuen bidea: gure indar guziak eta adimendu guzia bildu behar ginituen herritarren biltzeko gure proeiktoaren inguruan. Covid eta konfinamendu ondoko egoera berezia izanik, nekezia psikiko, sozial eta ekonomikoak atean joka dauzkagularik, Herriari-ren proeiktutik bildu eta zabaldu ditugu lehentasunez landu beharreko gaiak. Adibidez urruntasun soziala lege ezarria zelarik, denak ohartu dira zoin baliosa den elkartasuna eta bestearekilako lokarria. Badakigu elkarteen lana gorestekoa eta sustengatzekoa dela bakartasunaren hausteko, eta badira beste hamaika aterabide lantzeko helburu bakar hortarat heltzeko, borondatea eta lana ezarriz geroz.
Egunero badugu elgarren berri Herriari zerrendakoek, baginuke beraz erraiteko bigarren itzuliaren apailaketa garai huntaz. Aipagarrienetan hain segur komunikazio sare berrien baliatzeaz gain, taldeko gazteak bereziki arizan direla bideo kapsula labur labur batzuen ontzen eta zabaltzen. Talde lan ederra izan da zortzi gai hautatzea, bideozko zortzi mezu muntatzea, minuta pare bateko iraupenean kokatzea, eta telefonaz igortzea. Bozka herriari.
Etxez etxe gabiltza orain azken hamar egunetan. Itsasuko jendetza ainitz aldatu da azkeneko hamarkadetan. Bi gizarte badira hor elgarren ondoan jarriak. Nehork ezin erran nork bilduko duen bozka gehiengoa.
Herriarik baluke nahikeria sustatzeko Itsasuko herri bizi bizi, aitzinakoi eta euskalduna. Herriko Etxearen gakoak eskaintzen badauzkigute herritarrek, hortarat lehiatuko gira, itsasuarrekin.