Ipar Euskal Herrian emeki-emeki bazterrak pil-pilean jartzen ari dira, herriko bozak hurbiltzen ari direla eta. Hiri handiak aspaldi hasiak baldin badira, herri ttipietan ere mugimenduak hasiak dira. Herriko bozak memento garrantzitsuak dira, kontseiluetan pasako diren hautetsiek baitute Herri Elkargoen kudeaketa eramanen eta horietarik zenbaitzuk Hautetsien Kontseiluan parte hartuko.
Azken urte honetan, ikusi dugu ze garrantzia duten egitura horiek, hor baitira Ipar Euskal Herriari doakion erabaki batzuk onera edo txarrera hartuak, ikusiz bakoitzak zer defenditzen duen. Adibide onena dugu Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen inguruan izan diren eztabaidak eta bozkak, aldekoen eta aurkakoen arteko lehia agertuz.
Dinamika horretan abertzaleak ere presente izanen dira dudarik ez, gainera aurten bozka-lege aldaketa dela eta, herri batzuetatik oposizioan diren batzuk ere herri elkargoetan izanen baitira, beste batzuk herriko kudeaketa hartuko dutelarik. Ondoko aste, hilabete eta urteetan izanen da zer egin, ikusiz ikastolen inguruan diren arrangurak, instituzio ezagupenerako izanen diren eztabaidak, ahantzi gabe abertzaleek ere jendarteko gai batzuen inguruan proposamen berri batzuk egiten dituztela. Horietan bi puntu nagusi agertzen direlarik : garraioen doakotasuna eta demokrazia parte-hartzaile.
Ariketa honi esker ere, ezker abertzaleen arteko elkar-lana ere indartuz doa. EHBai, azken legebiltzarreko hauteskundeetan hirugarren indar politiko bezala agertu zen, ondoko hilabeteetan beste urrats batzuk emanak izanen dira, mugimendu hau egiazko erreferente bat izan dadin Ipar Euskal Herrian. Lehen hitz-ordua 2014ko martxoan izanen da, agian aurkezten diren zerrendek arrakasta ukanen dute, pausu bat gehiago izanen baita abertzaleek ekartzen duten mezu eta aldarrikapenak entzunak eta kontutan hartuak izan daitezen.