Astelehen honetan hasten da « hizkuntza ohituren aldatzeko astea » Baiona-Angelu-Miarritze (BAM) hiri eremuan. Hortarako, 800 pertsona baino gehiagok BAM! egitasmoan izena eman dute. Azaroaren 27tik abenduaren 3rat, ehunka izanen dira « Ahobizi » edo « Belarriprest » txapa soinean eramanen dutena. Txapa hori, euskararekiko atxikimendua adierazteko tresna bat baino askoz gehiago da. Denak izan gaiten ahobizi edo belarriprest!
Ahobizi & Belarriprest guziek irakurri beharrekoa
Zer suposatzen du txapa soinean eramateak?
Azaroaren 27tik abenduaren 3rat, ehunka izanen gira Ahobizi (aurkezpena / engaiamenduak) edo Belarriprest (aurkezpena / engaiamenduak) txapa soinean eramanen dugunak. Txapa hori, euskararekiko atxikimendua adierazteko tresna bat baino askoz gehiago da; zer suposatzen du beraz?
Zuk ere, beste 800 hiztunek bezala, Ahobizi edo Belarriprest izateko izena eman duzu. Hortarako, zure datuak eman eta guttienez 12 desafio altxatzeko engaiamendu publikoa hartu duzu: edozein egoeran guttienez lehen hitzak beti euskaraz ematea, ahobizien artean beti euskaraz aritzea, euskal hedabideekin informatzea, mundu numerikoan euskara lehenestea, egunero txapa soinean eramatea…
Txapa bidelagun
Lehen-lehenik, txapa horrek multzo handi eta azkar bateko kide gisa identifikatuko zaitu. Bigarrenik, solaskideekin izanen dituzun elkarrizketak errextuko ditu: ezezagun batek jakinen du zer hiztun mota izan nahi duzun (euskarari atxikia, euskaraz bizi nahi izatea, ulertzeko gai baina ez baitezpada beti mintatzatzeko…) eta zuk ere jakinen duzu parean nor duzun (Ahobizi batekin euskaraz lasai, Belarriprest batekin jarioa eta hiztegia egokituz). Eta azkenik, ikur horrek zure hizkuntza ohiturak aldatzea behartuko zaitu.
Urrats bat aitzinera
Zer erran nahi du zehazki hizkuntza ohiturak aldatzea? Hiztun ororentzat erosotasun zonaldetik ateratzea da. Lehen hitzak euskaraz ematea, bai eta ondokoak ere; frantsesera lerratzean, euskarara berriz lotzea; edozein egoeratan euskarari eustea, irria ezpainetan…
Urteetan zehar eraikiak izan diren automatismoak deseraiki beharko dituzu. Hortarako, oroitu prestaketa saioetan izan genituen trukaketak eta artoski berrirakurri banatua izan zaizun fitxa praktikoa. Denak gira desberdinak eta bakoitzak badu euskararekiko harreman pertsonal bat; baina denek egin dezakegu urrats bat bere erabileran.
Ez zira bakarrik izanen
Baiona – Angelu – Miarritze hiri eremuan 15.800 pertsonek euskara ulertzen dute. Eta 800 hiztun gira abentura eder hontan. Ahobiziak eta Belarriprestak, zaharrak eta gazteak, betiko euskaldunak eta AEKko ikasleak, bezeroak eta merkatariak, ahaldunduak eta bidean direnak, Miarritzeko surflaria eta Baionako militantea, Etxepare lizeoko ikaslea eta sare publikoko irakaslea, txapela buruan duena eta azken modako urbanoa, Angeluko dantzaria eta munduko herritarra… Urrats hori denek elgarrekin eginen dugu.
Belarriprestek Ahobizien laguntza izanen duzue beraz ez lotsatu zuen euskara mailarekin. Ahobiziak, kolektiboaren indarra duzue zuen alde, beraz aitzina. Momentu ederrak biziki ditugu. Ez da beti-beti errexa izanen baina ez baliatu lehen porrota osoki abandonatzeko; ulertu zergatik ez duzun lortu eta hobetzeko ikasgai gisa hartu. Zailegia bada, lagunekin atera eta desafio ttikiago bat eman zure buruari, progresiboki aitzinatzeko.
Dena dugu irabazteko
Erronka hori lasaitasunez hartu, ez zama bat bezala. Euskaldun gisa erosoago bizitzeko aukera eskainiko dizu, euskara erabiltzeko parada berriak deskubriaraziko dizkizu, hiri-eremua euskalduntzen lagunduko du… Eta lorpenak ez dira abenduaren 3rat mugatuko: iraunkorra izanen da.
Ahobizi, Belarriprest: irria ezpainetan, ausardia bihotzean, euskara ahoan… BAM hiri-eremua euskalduntzera goaz!