Azken hilabeteetako eztabaida gai handi bat bihurtu da identitatearen gaia, Euskal Herrian, bereziki ezker abertzalean edo haren inguruan. Estrategiaz mintzo diren batzuek diote ez daitekeela independentziaren alde biderik egin, euskal nortasunaren ardatza erdigunean ezartzen bada. Euskal Herriko herritarren gehiengoa ez da euskalduna, eta haiek eta abertzaleak ez direnak independentziaren ideiara biltzeko ez omen du balio euskararen gaia azpimarratzeak.
Horrek kontrako eragina luke: independentziaren aldeko sostengu berririk ez lortzea. Hori ulertarazten digute, bederen, zenbait pentsalarik. “Izateari utz diezaiogun, izaten hasteko”, “euskaldunak bere buruaz beste egin behar du” diote batzuek, euskaltasuna erdigunean ezartzea oztopo delakoan.
Independentziaren aldeko babesa %85ekoa izatea nahi badugu, hobeki bizitzearen aldeko argudioarekin lan egin behar omen dugu, eta ez identitate parametroetan.
Eztabaida horrek bazterrak harrotzen ari ditu, sakonean. Bere burua espainiar edo frantses sentitzen duen batek uko eginen ote die estatu horiei, hobeki bizitzeko” menturan?
Argudio aski sendoa ote da “hobeki bizitzearena”? Zein berme daukagu hori baieztatzeko? Jende horrek ez badu bat egiten euskararekin eta euskal identitatearekin, bizi hobetzat joko ote du Euskal Herri independente eta euskaldun batean bizitzea? Euskaraz ikasi behar izatea?
Azken urteetan, euskararen aldeko jarrera ahuldu da Euskal Herriko gizartearen baitan. Gero eta ozenago entzuten dira euskararen kontrako kritikak, besteak beste EGA azterketaren kontrakoak (zailegia omen da), lanpostu publikoetan euskara eskatzearen kontrakoak…
Kanpotik heldu direnek euskara ikasi behar ote dute? Ala nahi badute bakarrik (kontuan hartuz erdara nahi ala ez ikasi behar dutela)?
Anitz dira (euskaldunak barne) horrek hautazkoa izan behar duela diotenak.
Eta testuinguru horretan, faktore kezkagarria da abertzaleek berek euskararen inguruko postura malgutzea, diskurtso ustez ireki horren izenean. Horrek euskara oraino ahulago bihurtzea baizik ez dakar.
Eta mugimendu abertzalean zatiketa sor dezake. Beharbada abertzale ez den jende gutik bat eginen du independentismoarekin, nahiz eta hizkuntzari buruzko jarrera leundu.
Segur da, ordea, euskara funtsezkotzat daukatenak urrunduko direla euskarari garrantzia kentzearen aldeko diskurtsoa duten taldeetatik. Euskal Herriko gizartea bitan zatitua da. Baina ezker abertzalearen inguruko pentsalari batzuen analisiak ez ditu azalpen onak ematen.
Orain zabaltzen ari den bertsioaren arabera, zatiketa horren eta independentismoaren ahuleziaren arrazoia da abertzaleek espainolen/frantsesen eta euskaldunen arteko lehiatik planteatu dutela beren estrategia.
Eta hori txarra izan dela, eta horrela pentsatzen segitzea txarra dela urrunago joan nahi bada. Hori izan omen da azken 50 urteetako estrategiaren akatsa.
Garbiki mintza gaitezen. Azken 50 urteetan zatiketa sendotu bada eta independentziak eta euskarak jendea bereganatzea ez badute lortu, ez da planteamendu horrengatik izan, baizik eta Euskal Herriaren askatasunaren izenean ehunka lagun erail direlako ia mende erdi batez. Ez da hori arrazoi bakarra, bistan da. Espainiaren eta Frantziaren zapalkuntza gogorra ere aipatu behar da, eta Estatu horiek eskura dituzten baliabide izugarriak jendea espainolago edo frantsesago sentitzeko.
Baina bakoitzak bere ardurak: aitzineko estrategiaren akatsa ez da izan identitatearen azpimarratzea.
Eta estrategia haren irakurketa makurretatik abiatuz ezin da sortu herri hau askeago eta euskaldunago sortuko duen estrategia bat.
Xalbadorrek aspaldi ondu zuen honi buruzko kantu ederra; « Herria eta Hizkuntza », iduri du oraino ere ilobaren garaian korapiloa askatu gabe dagoela.