Ihauteriak neguaren bukatzeari eta udaberriaren hasteari lotuak diren ospakizunak edo bestak dira. Eguberritik martxo-apirila arte, ihauteri aroa da. Amikuzeko Zabalik elkarteak dion bezala “Olentzero bera ez da zirtzil hastial eta zikin horietarik baizik, abertzaleismo neo-klasikoak papa-noeltzen duen arte.” Ihauteri giroa dela eta, Zuberoan jada maskaradak partituak dira eta Baxe Nafarroan Santibaterentzat eta libertimenduentzat hitzorduak finkatuak izaiten hasiak dira. Lapurdin aldiz kaskarotek eta Zanpantzarrek berriz hainbat plaza animatuko dituzte. Aurten, Baionan Ihauterien karietara ekitaldi berezi bat antolatua izaiten ari da. Alda!k ukan du bertan buru belarri sartuak diren ‘Baionako zirtzilak’- ekin elkarrizketa baten egiteko parada. Hara zenbait argitasun.
Jakina da Baiona bezalako hirigunean euskaldunen portzentaia ez dela haundia eta euskararen erabilpena oraino ttipiagoa dela. Zer bide ezberdin edo jorratu dira azken aldietan Baionan euskararen erabiltzeko edo euskaraz bizitzeko parada gehiago ukaiteko?
Ez dugu azterketa berezirik egin euskararen erabilpenari lotu ekimenen zerrendatzeko. Duela zenbait urte ikastolen ala Gau Eskolaren inguruan egiten ziren apurrak mendratu direla ematen du. Elekatu-Elikatu elkartearen abenturak ez du luzaz iraun nahiz bi urtez eta hilabetean behin segurik, Euskara hutsezko gaualdiak antolatzen entseatu (hitzaldi, liburu aurkezpen, bertso afari ala beste). Oihana eta Hiriondo ikastolak, Euskal Herrian Euskaraz, Udaleku eta Kontseiluaren inguruan antolatu izan da ere zenbait egunez Euskara BAIonan. Iduri luke lan iraunkor bati begira zailtasunak badirela. Bitxi bada bitxi (edo ez?), barneko lan taldeko zenbaiti eskerrak, badaiteke hiri erdiko mediateka dela azken hilabeteetan maiztasun handienarekin hitzorduak proposatzen dituena Euskaraz. Azpimarratzekoa da halere, Epaiska lokala bere gain hartu duen Aldaxka elkarteak Mintzapraktika gaualdiak antolatu dituela erregularki. Aipatzekoa bestalde, toki pribatu batzuek dituztela Euskara erabili edo entzuten den gertakari zenbait antolatu/antolatzen. Hala nola, Zamai ostatuak bi urtez segidan jinarazi duen Xiberoko maskarada, goizetik barrikadak eginez. Pyrénées ostatuak, berriz, urte bat pasa honetan Pyrénées kantuzekin euskal kantuari egiten dio leku hilabetean behin. Nahiz euskara guti mintzatzen den halakoetan.Baiona soziologikoki aldatzen ari da azkar eta 50.000 bizilagunetara heltzen. Ikus eta entzungarritasun guti du euskaraz den edozein gauzak. Bizkitartean, belaunaldi gazte euskalduna bada Baionan. Sendi da gose bat. Ihauterien inguruko proiektuan parte hartzeko kartsutasun zerbait agertu da, konparazione. Orain da ere ireki Zizpa, Baionako gaztetxe berria. Ikusi beharko da euskarak zer leku hartzen duen horretan.
Zuen aldetik… nor zirezte eta zerk animatu zaituzte pausu berri batzuren emaiterat?
Baionan bizi garen lagun talde bat gara. Baionaren bilakaera ikusirik, ihauteri garaiko adierazmolde umorezko eta jostagarri baten bidez karrikaren epe motz batez baliatzeko gogoa piztu zaigunak. Aldi berean parada bat ikusiz baitezpada elkar ezagutzen ez duten jendeak halako ekimen batean parte harrarazteko. Halakoetan, prozesua baita interesgarriena, hots, euskaraz pentsatu eta muntatu egintza, talde dinamika baten bidez.
Zehazki zer da otsailean egiteko duzuen xedea?
Has gaitezen erranez zer ez den. Ez da libertimendua (hau baita Garazin erabiltzen den hitza artedrama forma horren izendatzeko). Ez da maskarada. Ez dira kaskarotak. Beraz zer da? Baginaki guhaurek ! Otsailaren 27koa, libertimenduaren gisan, dantza, antzerkia eta bertsoa nahasiko dituen karrikako moldea da. Ez denez halako ohiturarik Baionan, ez gara sinbologian hainbeste sartzen. Adierazteko formak gaitu interesatu eta pertsonaien barnago pentsatzeak lan luze eta sakonagoa eskatuko luke. Zirtzilen ideia atxiki dugu haatik. Zirtzilek dute beraz hitza hartuko plazan, otsailaren 27an. Baina lehenago agertuko dira ere: otsailaren 5an. Garazin Santibate eta hainbat lekutan Santa Ageda markatzen den gisan, edo berdin kaskarotak etxez etxe ibiltzen diren bezala, zirtzilen gauaren karietara ostatuz ostatu ibiliko dira zirtzilak eskean. Nahi duen oro gomit da. Zirtzilez beztiturik, haatik. Hitzordua, 19:00etan eman dugu Espainiako atean.
“Ihauteriak guretzat zer dira” gaiaz zer ausnarketa eraman duzue ?
Ez dugu hausnarketa berezirik eraman. Ihauteriez eskuin-ezker ikusi eta irakurriek digute ekarri dakigun apurra. Antton Lukuren Libertitzeaz lan gotorrak, konparazione. Baina ere ikusi libertimenduek, maskaradek ala kaskarotek. Baina gaur egungo gizartean, hirian, halako errituek zer leku izan dezaketen, besterik da. Aipatu forma horiek bizirik dira eta interesa pizten dute, ez da dudarik. Hain segur, ekinez, arra-pentsatzekoak izanen dira urtetik urtera, erranahiak eta formak landuz.
Holako iniziatibak zer jarrera lortu du Herriko Etxearen partetik ?
Arrapostu baten beha gara « espazio publikoaren erabiltzeko baimenarentzat ». Ideia da karriketan ibiltzea goizetik; gero, 11:00etarik aitzina, Baiona Ttipiko hiru plazetan jokoaren egiteko.
Nola antolatzen zirezte horren plantan emaiteko?
Hatsarrean Baionan bizi den lagun taldea, erran bezala. Eta gero ahoz aho aipaturik, ekimenak gogo-berotu dituen pertsonak. Batzuk antzerkirako, besteak dantzarako. Musikari multzo bat ere osatu da espresuki horretarako. Bertsolariak, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart izanen dira. Ez dugu publiko zehatzik hunki nahi. Plaza okupatu nahi dugu, denbora laburrez bada ere, eta euskaraz, garaiko zenbait gairen jorratzeko doia.
Komunikazio arloan zer bide jorratuko duzue zuen berri emaiteko eta begibistan duzuen publikoa hunkitzeko?
Hau ez da kultura hitzordu bat; ez da ikuskizun bat. Herritar multxo baten ekimena baizik ez da, bere xumetasun guziarekin. Ez dugu “komunikazio” planik pentsatu egia erran. Ahoz-ahokoa lehenik. Afitxaño bat eta gero gerokoak.
Ihauteriak Baionan, zenbait xehetasun: Otsailaren 27an, larunbatez, goizetik hasiz : jokoak oro bururatu eta aperitifa eta bazkaria izanen dira Zizpa gaztetxean (Lesseps kaiko 7.). Izenak eman behar dira otsailaren 17ko berantenik zenbaki honetara deituz: 06 88 18 51 72.