Urtero Eurovisionek antolatzen duen kantu sariketa dela-eta, polemika bat sortu da joan den astean munduko zenbait bandera kantaldian debekatu izanagatik. Berrietan jakin dugunaren arabera, horiek dira banderak: Kosovokoa, Nagorno-Karabajangoa, Krimeako biak, Palestinakoa, Transnestriakoa, Zipre Iparraldekoa, Donetsekoa, Daesh erakundearena eta Euskadikoa. Begien bistara lehen lehenik datorkiguna, zerrenda horren heterogeneitatea eta logika eskasa ditugu: horretan agertzen dira, hain zuzen ere, duela denbora gutxi independentzia onartu zaion nazio batekoa (Kosovokoa), beren hizkuntza, kultura eta nortasuna zaindu nahi dituzten nazioetakoak, (Krimeakoa, Euskadikoa), Nazio konkistatzaileek ezarri dituzten kolonen biztanle multzoenak (Krimeako bat; Donetsekoa;Transnestriakoa eta Ipar- Ziprekoa) lurralde batean geratu nahi izateari euste dion biztanleriarena (Nagorno-Karabajangoa, Palestinakoa) eta erakunde fanatiko islamistarena (Daesh-arena).
Logikaren eskasa jarraian aipaturiko puntuetan datza. Kosovoko estatu berria estatu andana batek onartzen du, baina Espainiak onartzen ez duelakoan, Kosovoko bandera ez dukete nahi Eurovisiongo antolatzaileek horren bandera kantaldian ager dadin; ondorioz Espainiari laketzeko edo ez haserretzeko Euskadiko ikurriña ez dukete agertzea ere; baina hala izatekotan zergatik ez dute Kataluniako bandera ere debekatu, kontutan hartuta mugimendu independista azken herri honetan oso azkar eta aurreratua dagoela?
Galdera bera egin daiteke ere Eskozia eta Flandriako banderei buruz.
Krimeari dagokionez Errusiaren eta Ukrainiaren aldeko banderak debekatu dituzte, Krimea ez batena eta ez bestearena izan ledin nahi bailuten.
Palestina dela eta, kontutan hartu beharko lukete aspalditik Nazio Batuetan eta Unesco erakundean Palestinako arabiarrek ordezkaritza bat badutela eta Israel nazio berriaren desegitearen kontra izan arren, zilegi litzateke Palestinako arabiarrek duten ordezkari horren errespetatzeko, horren bandera onartzea.
Sobiet Elkargoa desegin ondoren mendeetan zehar Moskuren uztarripera iragan diren errusiar kolonek estatu berririk errebindikatzea ez zait batere on iruditzen, denboretan zehar Moskuko inperialismoaren onartzea garamatzake horrek.
Gauza bera esan dezakegu Turkiak okupatzen duen Zipreko Iparraldeari buruz. Baina kontraesan handi bat iruditzen zait, kolon ohiak edo ondorengoek lurralde konkistatuetan sortu duten nazionalismoa eta bertako herrien abertzaletasuna edo herritasuna gauza berdintzat jotzea.
Erran gabe doa Daesh-ek egindako sarraskiak, eta pixkanaka mundu guztiari ezarri nahi dioten faxismo islamista kontutan harturik, haien banderak herrien arteko bake giroa ospatu nahi duen jaialdi batean ez duela toki izpirik. Baina funtsamendurik gabe deritzot ikurriña eta Daesh-aren banderak maila berean ezartzeari. Badirudi Francoren mamua mundu osoan ibiltzen ari dela, diktadorea duela berrogei urte fisikoki hil den arren. Daesh-aren banderari aitzi, bakea, demokrazia eta herrien arteko bake giroa islatzen ditu Sabino Arana Goirik asmaturiko ikurrak. Iparraldean kirol ekintzetan, herriko etxetan, hotel eta kanpin gehienetan arazorik gabe agertzen dena, hegoaldeko hiru probintzietako herrikoetxeetan eta hainbat eraikin ofizialetan agertzen dena, Nafarroan arrazoi-gabekeria eta nabarrista espainolisten debekamendu guztiengatik gero eta gehiago agertzen duena, nola ezin sartu Eurovision kantaldian? Ez du esplikaziorik.