Bizi! pozten da sortu berria den Euskal Hirigune Elkargoan trantsizio energetiko eta ekologikoaren ardura ukanen duen lehendakariordetza bat izanen baita. Mugimendu altermundialistak Ipar Euskal Herriko klimaren desafioa altxatzeko, Trantsizio energetikoaren ardura duen lehendakariordetza bat izaitea keinu biziki baikorra dela dio.
Jadanik, Ipar Euskal Herriko herri guziak biltzen dituen horrelako insituzio baten sortzeak berez ahalbidetzen du funtsezkoak diren lan sailetan (lurralde antolaketa, garraioa, laborantza, energía, etab.) lanen eskala egokian eramaiterat. Eskala horrek kostaldea eta barnekaldearen arteko elkartasuna osoki jokarazten ahal du, edo, energiaren neurritasunaren arloan, aterabide orokorrak, koherenteak eta eraginkorrak plantan emaitea ahalbidetzen du.
Euskal Hirigune Elkargoak trantsizio energetikoa bilakaraziz eraikitzekoa den lurralde proiektuaren ardatza, nahasmendu klimatikoaren kontrako borrokan badu eredugarri izaiteko parada. Iparraldeko biztanleek arlo hortan interes argia dute: Bizi!ren izenean egina izan den ikerketa batek erakusten du nola 10 000 enplegu sortzen ahal diren gure lurraldean trantsizio energetikoari eta bertokiratzeari buruz politika handinahi bat eramaiten bada. Ber maneran, holako politika batekin, gure airearen, uraren, elikagaien, ingurumenaren eta osagarri publikoaren kalitateak bai eta Ipar Euskal Herriko bizi kalitateak ere, dena irabaztekoa dute.
Perspektiba horretan, trantsizio energetiko eta ekologikoaz arduratuko den lehendakariordetza baten izendatzea, keinu biziki baikorra da. Gai horietaz ardura eta konpententzia duen hautetsi batek kargu hori ukanez geroz (Martine Bisauta), Hiriguneko zerbitzu guziekin behar luke zeharkako moduan interakzioa ukan, horren bidez “trantsizio energetikoa eta ekologikoa gure politika publikoen izendatzaile amankomunak bilakaraziz”. Hain xuxen ere hori izan da Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakariak, hautagai izendatze hitzaldian, urtarrilaren 23an, argi utzi duen xedea.
Bizi!k txalotzen ditu beraz lehen abisu eta erabaki horiek. Argi uzten dute desafio klimatiko, energetiko eta ekologikoak iduri dutela serioski konduan hartuak direla sortzen ari den Euskal Hirigune Elkargoa den Instituzioaz. Bereziki adi egonen gira segurtatzeko etorriko diren ekintzak eta plantan emanak izanen diren politikak koherenteak izanen direla bihotz-altxagarria den bistaratze honekin.