Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Lurraman. Berriz ere plazer ukan dugu Biarritzeko Irati gelara itzultzean Lurrama normal baten bizitzeko. Arbonako Lurramak oroitzapen ona utzirik ere, gehiago borroka egun gustuarekin haatik, ez zuen Irati gelako Lurramak ekartzen duen handitasun berezi hori erakutsi. Iduri du Irati gela Lurramarentzat pentsatua izan dela. Lurrama eskaintzean, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak nahi ukan zuen laborantza modelo bat sustatu, berak bultzatzen duen modeloa. Urtez urte, Lurrama Iparraldeko hitzordu nagusi bilakatu da, eta ez bakarrik laborarien hitzordua, herri baten hitzordua ere.
Hiru egunez Ipar Euskal Herriko sektore guziak Biarritzen biltzen dira laborarien sustenguz, baina ez bakarrik, bada beste zerbait. Laborantza beste zerbaiten estakurua bilakatzen da.
Hiru egunez betoizko kubo hura topagune bilakatzen da, non urtean zehar gurutzatzen ez direnak biltzen diren. Batzuetan entzuten da bi mundu direla hor bat besteari hurbiltzen. Bi mundu baino gehiago biltzen eta gurutzatzen dira Lurraman. Kostaldekoak eta barnealdekoak? Laborariak eta hiritarrak? Euskaldunak eta erdaldunak? Mundu desberdin guzi horiek gurutzatzen dira Lurraman eta horrek dio Lurramari ekartzen berezitasuna.
Lehen egunean, haurrek dute lehentasuna, ehunka haur, eskola guzietatik jinak, haurrak lerroan, bat bestearen gibeletik, baserriko animaliak ezagutzen, ikusten, haiei hurbiltzen… batzuetan lehen aldikotz. Lurramari esker haur horiek ezagutuko dituzte beste batzuek soilik liburuetan edo telebistan ikusten dituztenak.
Lehen egunean ere, hautetsiak, alderdi guzietako hautetsiak. Iduri du hautetsi batek ezin duela Lurrama huts egin. Hor izan behar da! Hor izan behar da jendea hor delakotz, hor izan behar da momentu politiko bat baita Lurrama, urteko momentu politiko nagusi bat. Ekitaldi gutitan ikusten ditugu hainbeste. Inaugurazioa egin eta, Lurrama Iparralde ttipi bat bilakatzen da, informazio mahaiek, banderolek, afixek, ulertarazten digute zeintzuk diren gaurko borrokak: etxebizitza, laborantzako lurrak, etorkinak… besteak beste. Frantsesa eta euskara denetan erabilia da, euskara entzuna ere, gauza normala balitz bezala Biarritzen ere, Garazin edo beste edozein herritan bezala. Prezioak txarteletan eta txartelak euro eta euskoetan. Gauza arrunta batzuentzat, deblauki arrotza beste askorentzat. Ikusi behar da zenbat xehetasun ekarri behar izan diren noiztenka, bakarrik egin moldea ulertarazteko.
Alderantziz azpimarratzekoak dira ere usaia aldaketak. Asko dira kartaz edo telefonoz pagatu nahi dutenak, sos idorra erabiltzeko ohitura bazter utzirik. Holako asko izan daitezke kostaldeko hirietan, gutiago barnealdekoetan. Alta Lurraman ziren.
Orokortu gabe, bi bizi molde bateratuak ziren ber lekuan, Lurraman. Lurrama Iparraldeko hitzordu eta besta nagusietako bat bilakatua da.
Antolatzaileen erranetan Lurramak 20.000 lagun bildu ditu aurten hiru egunez, laborantzaren estakuruarekin, baina zerbait gehiagorekin ere. Ikusiz zer nolako giroa sortzen den Iparralde ttipi horretan, pentsa daiteke Iparraldea Lurrama handi bat bilakatu beharko litzatekeela.