Azaroaren 6an, larunbatez, Baionako Chérubins karrikako 13. Chérubinots-en gelan (Marracq auzoan) Biziko Hitza Hitz batzordeak Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko lehen txostena aurkeztuko du COP 26ko eztabaidaren ber garaian. Karia horretara, sari banaketa batek «merezimendutsuak» diren lurraldeko Herriko Etxeak ohoratuko ditu. Larrialdi klimatikoaren aitzinean Herriko Etxe edo Euskal Elkargo mailan ekiteko behar gorriaz konbentzituak diren herritarrak gomitatuak dira janari mahai batekin jarraitua izanen den ekitaldi honetan parte hartzera.
2020ko martxoan, Metamorfosi Ekologikoaren Ituna izenpetua zuten 46 zerrendek hauteskundeetarik landa beren herriko etxeko gehiengoa lortu dute! Hautetsiek Itun hau sinatu dutenean, Herriko Etxe eta Euskal Elkargo mailako hautetsi gisa, zazpi arlo garrantzitsutan jarduteko engaiamendua hartu dute: bakarkako autoaren erabilpenari alternatibak, egoitzetan energiaren menperatzea, %100 berriztagarriak diren energien lurraldea, laborantza eta elikadura tokikoa eta biologikoa, tokiko ekonomia Euskoaren garapenarekin, hondakinen murriztea eta ekonomia zirkularra, eta, Klima Planaren gauzatzea. Hitza Hitz batzordeko begirale ekologikoen herritar jarraipenean ere elkarlanean aritzea eskatzen zaie Herriko Etxeei, herritarrek hautetsiek eman hitza bete dutenez jakiteko parada ukan dezaten.
Larrialdi klimatikoaren aitzinean, Hitza Hitz batzordeak 2.000 biztanle baino gehiago dituzten eta Ituna izenpetu ez duten 10 Herriko Etxeen ekintzen jarraipena egitea erabaki du. 46 sinatzaileetatik 32 Herriko Etxek beren lehen ekintzen berri eman dute. Mapa interaktiboan erantzun duten Herriko Etxeen zerrenda aurki daiteke eta haien erantzun zehatza ezagutzen ahal da.
Begirale ekologikoak ikerketa-lanak egiten ari dira Itun honen funtsezko jarduera-eremuei buruz eta, era berean, deiadarra jotzeko prest dira, klima suntsitzen duten balizko proiektuei buruz edo metamorfosi ekologikoaren kontra doazen neurriei buruz. Lehen Kazeten ondotik eta jarraipenaren lehen emaitzetarik landa, Bizi! elkarteak Hitza Hitz batzordeko begirale ekologikoen jarraipen lana eta Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko lehen txostena aurkeztuko du.
Karia horretara, «merezimendutsuenak» diren Herriko Etxeak ohoratuak izanen dira denboraren kontrako klima-lasterketaren arloan duten engaiamenduarentzat. Hiru sari banatuko dira: urrezko tximeleta metamorfosi ekologikoruntz hegalak gehien mugitzen dituen Herriko Etxearentzat, urrezko karpa bere ekintzei buruz isilena denarentzat, eta urrezko ostruka, larrialdi ekologikoari aurre egiteko hondarrean burua gehien sartua duenarentzat.
Ekitalditik landa, janari mahai batera gomitatuak izanen dira parte hartzaile guziak, ondoko pausuei buruz trukatzeko.
Presente izanen zira? Milesker jarraian izena emateaz: https://bizimugi.typeform.com/to/JRs0Lx7b
Begirale ekologiko bilakatzeko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, klika hemen edo sar zaitez gurekin harremanetan [email protected] helbide elektronikoaren bidez informazio gehiago lortzeko.