5 000 lagun bildu dira Baionako karriketan joan den larunbatean «Estatus bat lurraldearentzat, Estatus bat hizkuntzarentzat» lema pean. Lema berdinarekin beste milaka lagun elkartu dira Montpellier herrian, Korsikan – Ajaccion edo Bretainian – Carhaix herrian ! Iparraldean, leloa egokitua izan da euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko eta Euskal Herri Elkargoaren alde. Azken 225 urteak kontutan harturik, hirugarren aldia da bakarrik aukera erreal bat badela ezagupen instituzional baten lortzeko, tokiko kudeaketa tresna bat plantan jarriz. Frantses iraultzaren biharamunean, Garat anaien iniziatibaren ondotik, 1981an Mitterrand-ek hitz emaite eta hitza jatearen ondotik, horra orain hirugarren aldikoz aukera historikoa, Batera Karabanak pedagogikoki landuko duena Iparraldeko herri guzietan.
Urriaren 24eko Manifestaldiaren bukaeran, « Euskara Hizkuntza ofiziala!, Euskal Herri Elkargoa » aldarrikatzearen aldeko mezua (ikus beherean) honela bukatzen zuten Batera eta Euskal Konfederazioa antolatzaileek :
BAI bozkatzea Euskal Herriko ezagupen instituzionalaren alde,
BAI bozkatzea eskualde erraldoian toki bat eskainiko digun herri elkargoaren alde,
BAI bozkatzea tokiko proiektuak sustengatzen ahalko dituen lehen instituzioaren alde,
BAI bozkatzea lurralde bateratu baten alde, bere anbizioen araberako baliabideak ukanen dituenak, politika publikoen garatzeko biztanleen alde
Euskararen koofizialtasunari BAI ! Euskal Herri Elkargoari BAI !
Ondoko aste eta hilabeteetan, herri honen biztanleengana joanen da Batera Plataforma. Batera Karabanak bidea hartuko du eta herriz herri ibiliko da aurkezteko Euskal Herri Elkargoaren egitasmoa. Ipar Euskal Herriko bideetan, pedagogia lana eginen du. Aintzinetik milesker zuen herrian, Batera Karabanari eginen diozuen ongi etorriagatik. Bakoitzari doakio konbentzitzea familia, lagunak, auzoak, lankideak… elkarteetan, sindikatuetan eta bertze egitura guztietan…