Battitta Boloquy
Joanes Goyhenetche, Ezterenzubi Intzaian duela 87 urte sortu zen. Laborantza ingeniari ikasketak Angers-en egin ondoan, Lekorne Garroan kokatua zen laborantza moldakuntza zentroa kudeatu zuen. Hazparneko laborantza eskolan ere kurtsoak eman zituen garaian. Ondotik Etxarriko AFMR (Association pour la Formation en Milieu Rural) zentroan sartu zen eta erretreta hartu arte, BTSeko ikasleak formatu zituen baita ere Frantziako laborantza ganberetan kontseilari zirenak. Europa eta Afrikako herrialde zonbait ezagutu zituen denbora horietan bere eginkizunen karietara.
Chantal bere espos laguna, Angers-en zelarik ezagutu zuen. 1962an esposatu ziren eta bi alaba ukan zituzten. Amikuzerat etorri zirelarik, Ostankoako Genzenian plantatu ziren. Etxarriko lanaz gain, etxaldea Chantalekin ibiltzen zuten.
Bizi politikoan, gazterik engaiatu zen. Enbata mugimenduan parte hartu zuen eta bere bizi guzian abertzale sailean inplikatu zen. Departamenduaren aldeko borroketan ere hor zen. 1997ko diputatu hauteskundeetan bere burua laugarren bozka eremuan aurkeztu zuen Michel Bergouignanekin, Abertzaleen Batasunaren izenean.
Ostankoan, auzapez bezala lau kargualdi egin zituen 2001 arte. Bere bigarren kargualdian, « Hautetsi Abertzaleak » deitu taldea kudeatu zuen; Iparraldean iragaiten ziren gertakizunetaz gogoetatzeko bai eta ere taldearen ikus manerak eta griñak tokiko agintariei ezagutarazteko. Osoki abertzalea zen. Algeriako gerlara deitua izan zelarik, denboraldi minberatsua izan zen beretako, nola ez abertzale batentzat!
CMR (Chrétien dans le Monde Rural) elkartean, luzaz aritu zen baserri ingurumeneko arazoen inguruan gogoetak eramaiten. CCFD kolektiboan ere eskukaldi ainitz eman zituen garapen orekatu baten sustatzeko.
Erretreta hartu zuelarik, bere gaitasunak, nekezian diren laborarien laguntzen mobilizatu zituen SOS Indartu elkartearen bidez. Eritasunak gaina hartu arte borrokatu zen sentsu hortan.
Etxarriko jauberria saldua izan zelarik 2016an, ez zuen onartu bere bizian garrantzia haundia ukan zuen lantokia, Fraternité Pie X elkarte integristak eskura zezan. Donapaleun antolatutako manifestaldian parte hartu zuen salmenta hunen salatzeko.
Kultura haundiko gizona zen. Manex bere anaia zenaren funtsa eskuratu zuelarik, liburuarekin zuen harreman kartsua lagunei erakustea maite zuen.
Bere familian, memento dorpeak jasan zituen hurbileko kide zenbait sobera goizik joan zirelarik mundu huntarik eta hauetan Mattin eta Eneko bere haur ttipiak. Jakin izan zuen Chantal bere lagunarekin, memento gogor horien gainditzen biziari lehentasuna emanez.Ehorzketa egunean, Peio Iralour, Jean Louis Davant eta Mayie Mendibourek beren lekukotasunak ekarri dituzte Joanesen bizi aberatsa goraipatuz. Sineste haundiko gizona zen eta « ikusezinak » diren jende xumeen gerizatzailea. Eztabaidetan, fermuki engaiatzen zen besteen ikuspunduak beti errespetatuz. Joanesen irri eder eta zintzo hura gogoan atxikiko dugu.