Eguberri garai huntan jostailuen eskaintzea eginbide kasik ezin saihetsia bihurtua da, nahiz irudimen pixka bateri esker ihes egiten ahal diogun errito kontsumista honi.
Orduan, zer jostailu eskaini? Zer irizpide konduan hartu behar dira?
Lehen lehenik zure buruari galdatu ea zinez zerbait «erostea» beharrezkoa den. Zuhaurek, zure eskuekin eta amodioz sortu jostailu bat, dendan erosi plastikazko jostailu arrunt bat bezain atsegin haundiagorekin hartuko du zure haur ttipiak.
Zure inguruan, badira ganer huste, jostailu trukaketa. Molde ekonomiko eta ekoarduradun bat da jostailueei bigarren bizi bat emaiteko.
Halere zerbait erostekotan balinbazira (gutarik gehienak bezala), oinarrizko galderak hauek zure buruari egizkitzu :
- Jostailu honek ekai toxikoak ba ote ditu ? Haur ttipiak, nola denak ahora eremaiten dituen, galdeak bere garrantzia dauka. Batzuek badituzte endokrina nahasleak (phtalatak, bisphénol A), hidrokarburo usaintsuak, goma kantzerigenoak, alergia emaiten duten lurrinak… Arauak, hobetzen badira ere, oraindik eskasak dira. Orduan kasu egin behar da.
- Zoin baldintzetan egina da ? Jakinez % 80-ak Txinan eginak direla, baldintza deitoragarrietan (hilabetesari apalak, ainitz lan oren gehiago, lan kontraturik gabe, eta garbitasun neurri eskasak). Eros tokikoa (egileak gelditzen direno !), eta artesauek sortuak.
- Jostailua iraunkorra ote da ? Erran nahi baita azkarra, konpontzeko gisan eta ber baliatzen ahalko dena. Ez kutsakorra ote dea (kasu pileri) ?
- Sexu estereotipoetan sartzen ote ditu haurrak (neska etxean egoiten da, mutikoa heroi bat da) ala neska mutikoak berdin baloratzen ditu ?
- Ze jokabide laguntzen ditu ? Bortizkeria edo onginahia ? Lehia ala lankidetza ?
- Hezigarria ote da ? Irudimena eta ekimen hartzea bultzatzen ote ditu ala alderantziz geldotasuna ?
Bururatzeko, hitz bat bideo jokoetaz (nahiz ez diren egiazki jostailuak). Mundu birtual batean murgiltzea dute haurrari proposatzen, hain zuzen egiazko munduan dena deskubritzeko duen adinean, ondorioz egiazko mundua konparazionez arruntegi agertzen ahal zaiolarik. Halere, bideo joko batzu ongi pentsatuak dira : gogoeta, behatze sentsua eta erreflexuak bultzatzen dituzte. Eta kasu huntan ere, galdera batzu etortzen zauzkigu burura. Joko hauek elgarrekin izaitea bultzatzen ote dute ala haurra bere hurbilekoen gandik eta ingurmenaren gandik baztertzen ote dute. Zoin da joko birtualen neurri «onargarria» ? Azkenik, osagai elektronikoen gehiena gaizki berziklatua da edo batere ez, osagai elektroniko hauek ekai toxikoak badituzte eta %99-ak Txinan eginak dira dakigun baldintza txarretan.
Jostailu baten erostea, izigarri seriosa da.
Azpimarra dezagun Peuples Solidaires elkarteak abian eman duen izenpetze biltzea Barbie panpinak egiten dituzten Txinako langileen baldintza ezin txarragoak salatzeko. Beren gunea : peuplessolidaires.org