2023ko, abenduaren 16an, larunbatarekin, Euskal Konfederazioak Euskara 2050ean Ipar Euskal Herrian Jardunaldia antolatu du. Jarraian Jardunaldiaren bukaeran irakurri zen Manifestua aurkitzen ahalko duzue.
2004 urtean sorturik, Euskararen Erakunde Publikoak 20 urte beteko ditu laster.
EEPren sorrera urrats garrantzitsua izan zen, Euskalgintzak hamarkadetan zehar eraman lanaren ondoan, hizkuntza politika publikoa abiatzeko. 20 urte berantago anitz egin da, eta anitz bada egiteko.
Azken Inkesta soziolinguistikoek gainbehera gelditu eta hiztun kopurua mantentzen dela adierazi dute. Baina kanpoko aportazioen eraginez populakuntza gora doan heinean, euskaldunen proportzioa tipituz ari da. 2006 urtean %22,5 euskaldun zen, 2022an %19. Eta Euskararen Erakunde Publikoak 2050 urterako egin duen prospekzioaren arabera, 2050an %16 petik kokatuko da. Urrun gara hizkuntza baten biziraupena bermatzen duen %30eko heinetik; alta, hori izan beharko litzateke helburua.
Euskaldun kopurua mantentzea lortu den bezala, orain euskaldunen proportzioa garatzea dugu erronka, horren araberakoa izanen baita hizkuntzak jendartean izanen duen tokia eta hiztunek euskara erabiltzeko izanen dituzten aukerak.
2050 urterako kasik ehun mila biztanle gehiago izanen da Ipar Euskal Herrian. Jende berriei harrera egiteko azpiegiturak, etxebizitzak, argindar, ur eta hondarkin sarea garatzeko dozenaka plangintza eginen da eta milioika euro baliatuko dira.
Aldiz, gaur egun hemen bizi diren frantses hiztun elebakarrak eta heldu berriak euskalduntzen laguntzeko ez da inolako plangintzarik aurreikusten. Euskarazko irakaskuntza, haur zein helduen arloan, ez da behar den abiaduraz garatzen edo oztopatua da. Aisialdiak, haurtzaroa, hedabideak, euskararen inguruan orohar ari diren elkarteek ez dituzte behar diren baliabideak.
Erakunde publikoek ezin dute orain arte bezala segitu. Ezin dute ere 2004 aitzin bezala hizkuntza politikaren pisu guzia euskalgintza sozialaren gain ezarri, eragile horien prekaritatea areagotuz. Ez gaitezen engainatu: euskararen etorkizuna ez da euskaltzaleon afera bakarrik, jendarte gai bat da. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko gizarte zibilak behin baino gehiagotan erakutsi du.
Hizkuntza politika publiko partekatua landu, definitu eta obratzea da Euskararen Erakunde Publikoaren betebeharra. Ipar Euskal Herri mailan, bai eta erakunde bakoitzaren baitan. Zein da gaur egun Euskal Elkargoaren hizkuntza plangintza? Zein da departamenduarena? Eskualdearena eta Estatuarena?
● Euskararen Erakunde publikoa, erakunde ezberdinek hizkuntza arloan egin beharreko plangintzen akuilu izan behar du. Hizkuntza politika ausartaren bultzatzaile izan behar du eta ez minimoetara mugatzeko kontsentsu gunea, ez eta bakoitzak egiten duenaren zuritzailea ere.
● Unescoren arabera, hizkuntza baten biziraupena %30ean kokatzen da. Munduan zehar (Hego Euskal Herrian, Quebecen edo beste) eraman diren hizkuntzen berreskurapenerako politikak aztertuko dituen ikerketa bat eginarazi eta arloz-arloko plagintza proposatu behar du.
● Euskararen Erakunde Publikoak gaur egungo %19tik %30ra heltzeko bide orri bat aurkeztu behar du. Eta urtez urte sortu nahi den euskaldun kopurua zehaztu, arloz arlo eta adin mailen arabera. Helburu neurgarriak finkatu ondoren eta denbora aitzina joan ahala hartutako neurriak aski ez direla agertzen bada, beharrezko zuzenketa neurriak hartzeko gisan. Egiazko hizkuntza politika publiko bat behar dugu, transmisioan, irakaskuntzan, motibazioan eta erabileran eraginen duena. Helburuak finkatu, neurgailuak adostu, baliabideak finkatu.
● Euskarak espazio publikoa berreskuratu behar du. Frantziako Konstituzioko 2. artikulua aldatu eta ofizialtasuna eskuratu bitartean, Ipar Euskal Herriak hizkuntza berreskurapenerako esperimentazio lurralde izendapena lortu behar du. Euskararik gabe, ez baita “Euskal” Herririk izanen.
Ez gara gehiago xintxuketan aritzen ahal. Hizkuntza ere larrialdi egoeran da; baina fatalitaterik ez da. Helburu adostuekin, araberako baliabideekin eta lankidetza sendo batekin, lortuko dugu euskarari etorkizun bat ematen. Egiazko etxe finko bat behar dugu. Euskararen sustraiak zainduz, kimu eta landare berriei euskararen baratzea irekiz hizkuntza salbatuko dugu.
Hasiera batean ikuskorrago izan behar du euskarak bide senalaketan eta iragarkarietan. Seinale gutxi elebidunak edo elehirudinak dira Euskal Herriaren bihotzean eta Herri Xarneguan hurrenez hurren. Euskerazko letrak erdarazkoak baino txikiagoak dira ia leku guztietan. Ospitalera edo beste dendetara joaten garelarik, errezago irakurtzen da erderazko testua euskarazkoa baino, gure hizkuntzaz idatzitakoa argiago eta txikiago da. Senalaketan erderaz eta euskerazko herri izenak antzekoak direnean, euskaraz bakarrik agertu beharko luke; adibidez: Hendaia; Baiona; Behobia… baina hizkuntza bietan halakoetan: Donibane Garazi/ Saint Jean Pied de Port; Donapaleu/ Saint Palais; baina beti euskerazko izena gainean. Autobusetan ahozko informazioak leku batzuetan bakarrik bi edo hori hizkuntzatan ematen dira, baina batzutan gaizki ahoskatuak. Ahoskera konponduz gainera, garraioetako ahozko informazio elebidun edo elehiruduna (Lekuaren arabera naski) hedatu behar da. Gabonetan baita beste urteko aroetan ere, supermerkatuetan gehienetan inglesezko musika entzuten da: eta euskerazkoa zergatik ez? Jende « aurreratu » batzuk diotenez, « guztiek ez dute euskara ulertzen » Eta ingelesa ulertzen ahal dute?? Denda batzuetan euskaldun bezero bat sartzen da eta erderaz mintzatzen ari da saltzailearekin, azken horrek euskera dakiela ez dakielako. Baina zergatik ez dute soinean ikurrinatxo bat jartzen saltzaile euskaldunek? Halako ohiturak badira beste herrialde askotan. Arestian proposatuko neurriak naski mail txikiakoak dira, minimumtzat jo behar ditugunak. Gero urratsez urrats koofizialtasunarantz joan behar da.