Uztaila hor da. Urte erdia pasa zauku deia eta premonizio karta bezala, aintzineko urteetako uztailak mihatu ditut. Ez dut hortan sinesten, bainan batzuetan beldurgarria da. 1908ko uztailaren 1a, S.O.S. seinalea sortzen da. Seaskaren egoera garbia. Laguntza galde egiten ari eta sos beharrean dago. Nahiz eta borondate anitz baden, batzuetan sosak beharrezko diru-di. Ta aski ez balitz, 2010eko uztailaren 1az geroztik, Pobreziaren Aurkako Eskumuturreko Xuriaren Munduko Eguna da. Bakearen bandera xuria ez dugu aterako, bainan, eskumuturreko hori istante agian. Hendaiarentzat bederen, Julius Zesarrek atera zuen lege bat erabili dute prefeta eta xuhur-prefetak!
Uztailean sartu baino lehen, egin dezagun festibalaren pundu bat. Ez zen giro falta. Gaztea naiz eta garro nago atera zuten lema bezala (tokia bera Garroa deitzen da): antolatzaileak garro izaiten ahal dira. Jende frango hurbildu zen: ola-garroak bere tentakuluekin gauzak lotzen dituen bezala, EHZk zazpi probintziak harrapatzea erreusitu zuen. Ta hitz jokoa ez balitz aski, euskaraz tentakulu erraiteko beste hitza « garroa » da.
Kortsikako hizkuntza ofizialtasunaren galdeari ere ez errana dakote naski. Agian eremua untsa markatzeko, Frantziako Tour-a handik pasarazi dute. Bizikletak tur-boarekin eta herri-prozesuak tur-tur! Bainan dena untsa doa, han berian tur-istak tur-rustan direlarik, tur-rut egin gabe.
Hala ere, baikor izaitea zaila da. Hendaia eta Miarritzeko diru laguntzari ez, lurralde elkargoari ez, horren orde senatur batek proposatu sindikat mixtoari ez(pagnac) eta Españak bake prozesuari ez. Beharrik festibalak H bat baduela erdian. Deus ez uzten! Ez da utz-taila bainan ez-taila!
Orain, karta(k) jokoan, mugak kartetan! Ea nor den nor. Agian Frantzia haundian ttipian bezain nagusi da: errege eta asto!
Hilabetea bukatzeko, 2011tik goiti, uztailaren 30ean Nazioarteko Adixkidetasunaren eguna da, ONU-k (NBE euskaraz) dekretatua. ONU-koek haien karta guziak erabiltzen dituzte, Euskal Herriarekiko laguntasuna ez uzteko: hain lotuak diren nun ez duten bakarrik utzi nahi. Alta euskaldunak alderantziz ari dira eta azken kartara arribatu dira: UNO!