1979an lehen Nafarroaren Eguna ospatu zenetik, gauza anitz aldatu dira. Euskal kultura bera ere aldatu da eta etengabeko aldaketan ari da. Gure aldarrikapen katea aldiz, nahiz eta denboran zehar aldatzen den, ez da sekula moztu.
Kateak erasotzeko etengabeko saiakerak gauzatu dituzte azken hilabeteetan. Gure balore kateak suntsitu nahi izan dituzte iaz, Nafarroaren Egunean emaniko LGBTIK+ bandera urratuz. Eskuin muturrak eta faxismoak geroz eta indar eta leku gehiago hartzen duen heinean, kateak lot ditzagun!
Indibidualismoa zabaldu, eta gure arteko kateak hautsi nahi dituzte, baina guk, norberaren etxeko ateak hautsi eta erasoen kontra batzeko deia zabaltzen dugu, elkartasun kateak lotuz. Euskararen kateek nehoiz baino indar gehiago behar dute, gure hizkuntzaren kontrako erasoei aurre egiteko eta dena delako oldarraldiari katez-kateko erantzuna emanez.
Lurrak, bizitzako lehen kateak ere faxismoaz sufritzen du azken urteetan. Geroz eta zentimetro karratu amankomun gutiago eta jabetza pribatu gehiago kateatzeko asmoz, sistema kapitalistaren ateak paretak bilakatzen ari dira.
Kateekin ateak hauts ditzagun, norberaren mugaren ateak eta norberaren nahitik engaiamendu kate kolektibo eta oso bat sortu ditzagun faxismoaren diskurtsoak suntsituz, euskararen kontrako jarrera oldarkorrak salatuz eta lurraren suntsitzea oztopatuz.
Aldarrikapen eta nahi guzi hauek ere kontutan harturik, aurten ere Nafarroaren Eguna antolatu dugu, apirilaren 27an, hain zuzen. Aitzinetik Kulturaldia indartsu jinen da.
GORA NAFARROAREN EGUNA!
GORA EUSKAL HERRIA!
Aurten ere Basaizea elkarteak Kulturaldi berri bat prestatu du. Urte guziz; Baigorriko eskualdean, baina zabalago ere, jendea hitzordu horren beha da, Nafarroaren Egunarekin bukatzen dena. Kulturaldia (garaian Kultur Astea), 1979. urtean sortu zen eta oraino bizi da.
Baigorriko eskualdean orotariko euskarazko ekitaldien eskaintzea du helburutzat: ikusgarri, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta… Eskas bati erantzuteko sortu zen, garaian euskarazko sorkuntzak eta emanaldiak arrunt murritzak baitziren.
Gaur egun, eskaintza aberatsagoa bada ere, ez dugu begi bistatik galtzen euskaraz bizi nahi badugu horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla eta oraino lan handia gelditzen dela euskal kulturak leku ttipiegia baitu gure lurraldean.
Beraz, gure maneran eta gure ahal xumeekin entseatzen gira Euskal Herri barnekaldean kultura biziarazten eta bazterren inarrosten, euskaraz.
Jarraian, Nafarroaren Eguneko (04/27ko) egitarau osoa eta Kulturaldiko Hitzaldien afixak: