Bizi! mugimenduak, frantses Estatu mailako ehunka erakundek bezala, igandean, martxoaren 28an, larrialdi klimatikoaren mailara heltzen den klimaren aldeko funtsezko lege baten alde mobilizatzeko deia luzatzen du. Martxa herrikoi eta aldarrikatzaile batentzat, Angeluko Herriko Etxean,10:30ean, hitzordua finkatua da.
Gobernuak aurkeztu duen Klima eta Erresilientzia Lege proiektua urrundik ere ez da larrrialdi ekologikoaren mailara heltzen. Alta, bost urteko kargualdi honetan, ingurumenari buruz izanen den azken testu legegilea da. Martxoaren 28an, Diputatu Biltzarrean lege testua sartzeko bezperan, Bizik mobilizatzera deitzen du, lege anbiziotsu baten aldarrikatzeko eta Klimaren Aldeko Herritar Hitzarmeneko 150 kideek proposaturiko neurrien defendatzeko.
Klima legea, ez da larrialdi klimatikoaren mailara heltzen
“Klima eta erresilientzia” lege proiektua, Diputatu Biltzarrean eztabaidatua izanen dena, larrialdi ekologikoari eta Frantses Estatuak finkatu dituen helburuei erantzuteko behar den anbiziotik izigarri urrun da. Ainitz erakundek, bai eta ere Klimaren Aldeko Kontseilu Nagusiak, Trantsizio Ekologikoaren Nazio Kontseiluak eta Ekonomia, sozial eta ingurumen-arloko Kontseiluak ere hori azpimarratu dute.
Frantses gobernuak, hainbat gaietan bere burua ukatu ondoren, eta klimaren arloan geldirik egoteaz hobendun bezala ezagutua izan ondoren, azken lege honek berriz hartu behar zituen Klimaren aldeko Herritar Hitzarmenak egin proposamenak baztertu ditu edo serioski ahuldu ditu.
Diputatuak beren erantzukizunei buru egiteko unean
Diputatuek, lege proiektu hau osoko bileran eztabaidatuko dutelarik martxoaren 29tik goiti, beren erantzukizunei buru egin behar dute orain, eta bereziki:
- Lege proiektuko artikuluak indartuz… ekologia arloan anbizio gehiago ukan dezaten, bereziki egoitzen zaharberritze termikoaren arloan, publizitatearen arautzean, ongarri azotadunen erabiltzearen arloan, ostalaritza kolektiboan menu begetarianoen eskaintzean, lurren artifizializazioaren kontrako borrokan, hegazkinezko barne hegaldien mugatzean edo enpresa handien klimaren arloko arduran.
- Lege proiektuko artikuluak indartuz… justizia soziala hobeki konduan hartua izan dadin, eta horren bidez trantsizio ekologikoa denentzat eskuragarria izan dadin.
Igandean, martxoaren 28an, lege proiektuaren azterketaren bezperan, frantses Estatuko ehunka erakundek bezala, Bizik hemen eta saldoan mobilizatzera deitzen du klima eta erresilientzia legearen anbizio eskasa gaitzesteko, larrialdi ekologikoaren mailara heltzen den Klimaren aldeko funtsezko Legearen aldarrikatzeko eta Klimaren Aldeko Hitzarmeneko 150 herritarren gomendioak defendatzeko. Hitzordua finkatua da Angeluko Herriko Etxearen aitzinean, 10:30ean, martxa batentzat, gobernuaren gehiengoko diputatu kide den Florence Lasserre-en diputatu egoitzara joaiteko eta mezu honen ekartzeko. BAB etorbidetik pasatuz, hitz hartze ederretarik harat, ekintza zehatzak fermuki galdeginen dira tokiko erabaki hartzaileen gandik. Gogora araziko da, koronapistak kendu diren unean hainbat hautetsik bizikleta bide iraunkor eta segurren alde erakutsi engaiamendua gauzatzeko premia!
Benetan merezi du halako manifestazio edo elkartze bat egiteak. Nazioarteko biltzarretan eta hemizikletan ele hutsak egiten baitituzte gure politikariek, eta finean nekazaritza industriatsuaren eta fabrika handien buruzagien menpean daude. BAB hortan baita hiri handietan ere zer kotxe trafiko dagoen ikustea aski da zer kutsadura hartzen dugun ohar dezagun. Begira zazue hiri bat gauaz: argi geheigi daude; nire ustez denda bat itxi ondoren, arratseko zazpiak ondoren kasu geheinetan, eskaparateko argi guztiak itzalirik izan beharko lirateke.