Krisi ekosoziala agenda politikoaren erdigunean ezarri

Alaitz Ajuriagerra, Ingurumen teknikaria eta Iñaki Barcena, Zientzia Politikoan katedraduna. Biak EH Gune Ekosozialista-ko kideak.
Alaitz Ajuriagerra, Ingurumen teknikaria eta Iñaki Barcena, Zientzia Politikoan katedraduna. Biak EH Gune Ekosozialista-ko kideak.

Gaur egun Hego Euskal Herrian eragile ekologista asko badira ere, hauek tokian tokiko edo sektorekako proiektuen inguruan antolatuak dira. Azken bi urteetan, hegemonia neoliberalaren kontra eta bizitzaren alde, egiturazko eraldaketei bidea irekitzeko xedearekin ekologismoaren inguruan saretze gogoeta eta lanak hasi dira. Trantsizio ekologiko eta sozial justuaren inguruan eta ekologismoaren arloan norberak egin dezakeen ekintzarik hoberena «kolektiboan antolatzea» argi duten Iñaki Barcena eta Alaitz Ajuriagerra militanteak elkarrizketatu ditu Enbatak. «Uhin berde berria» indartuko duen Hego Euskal Herri mailako «Jauzi Ekosoziala» eragile ekologista berriaren ezagutzeko parada.

A-EkotopaketenAurkezpena

Zergatik eta nola hasi zineten Euskal Herri mailako mugimendu ekologistei buruz gogoeta lantzen “Ekotopaketak” egitasmoaren bidez?

Iñaki Barcena: Ene ustez bi izan dira “Ekotopaketak” antolatzeko aitzinkari nagusiak. Alde batetik Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere  larrialdi klimatikoaren aitzinean 2020an eta 2021ean neguko mobilizazio bateratuak, “Aldaketaldia” izenekoak. 2021ekoa Urtarrilaren 30ean ospatu zen Zaldibarreko hondamendia eta urtebete geroago erantzukizunak eskatuz.

Eta beste aldetik aipatuko nuke ekologista batzuek idatzitako gutuna 2021eko Ekainean “Ekozidioa irauli Euskal Ekologismoa berritzeko ekimena”. Horren harira Eibarren bilera/asanblada batzuk egin ziren eta eztabaida pizteko eta hobeki elkar ezagutzeko jardunaldi batzuk antolatzea erabaki zen eta horretarako lan talde batzuk (komunikazioa, azpiegitura eta ekonomia, egitaraua, talde koordinatzaile motorra…) eta modu horretan “Ekotopaketak” egiteko engaiamendua eta desafioa sortu zen.

Zein izan dira gogoeta eta saretze lan horren lehen ondorioak?

Alaitz Ajuriagerra: Ekotopaketak antolatzen 4 herrialdeetako kide ezberdinak ibili gara, anitz aurretik ere elkar ezagutzen ez genuenak. Talde berria sortu dugu eta elkar ezagutu, saretze prozesua hor hasi da guretzat; eta gehienak lanean jarraitzeko prestutasunarekin gaude. Hori guti ez bazen, Ekotopaketei jende berria gehitu zaie eta dagoeneko martxan gaude hurrengo urratsak emateko, mugimendu ekologista berri baterantz lanean dihardugu, sozialagoa eta integralagoa izango dena.

A-EkologiarenGaraia

Irailaren 30, urriaren 1 eta 2ko asteburuan, “Ekotopaketak” hitzordu garrantzitsua finkatu duzue. Nondik heldu da Ekotopaketak xedea?

Iñaki Barcena: 2022ko uda aitzin “Ekotopaketak” “Sastraka” Portugaleteko gaztetxean egitea proposatu zen eta  leku ezin aproposa suertatu zen. Espazio erraldoia eta ongi komunikatua, hasieratik sinbiosi interesgarria sortu zen bertako gazte asanblada eta Ekotopaketen antolatzaileen artean.

Bi egun eta erdiko programa ekosozial anitza  prestatu zen Euskal Herriko gizarte eragile askorekin eta beste herrialdeetarik etorri ekologistekin ere. Hizlari gomitatuen artean (50 hizlari inguru) xede argi bat jarri zen EHko toki guzietarik gomitatuak izateko eta gazte eta emazteak inplikatzeko bereziki. Azkenean Portugaleten 500 lagun bildu ginen, 150 talde ekologistatik etorriak edo jadanik euskal ekologismoaren aktibistak zirenak, eta  beste 350 pertsona talde ekologistetarik apartekoak.

Azaltzen ahal duzue «Azken krisia, gure garaia!»  izenburuarekin «Ekotopaketan» zer adierazi nahi duzuen?  

Alaitz Ajuriagerra: Azken Krisia, krisi handi eta luzean sartzen hasi garelako, gure kapitalismo fosilistaren eta beharbada zibilizazio mendebaldar modernoaren bukaera ere izanen dena. Matrize energetikoan aldaketa bat ekarriko duena, fase aldaketa, ziklo bukaera.

Proiektu berria bada gure ortzimuga berritzailea, ausarta eta apurtzailea behar du izan, transmititu nahi duguna, ardura sortuz. Aldiberean seriostasuna ere adierazi nahi izan dugu; izan ere, ekologismoak duen estigma handienetakoa da ez garela gai seriosez aritzen, baizik eta tximeletez eta hartz polarraz (eta jendearen pertzepzioan horiek ez dira gai seriosak, hippien kontuak baizik). Baina ekologismoan krisiaz, kolapsoaz, langabeziaz, faxismoaz, goseteaz eta abarrez ere aritzen gara.

A-Sastraka

Segurenik transmititzekoa dugun mezu garrantzitsuenetako bat da kolapsoarena (aldaketa klimatikoarekin eta bioaniztasunaren aitzinkaririk gabeko galtzearekin batera), gure jendarteak datozen urte edo hamarkadetan kolpatuko dituen krisi handiarena. Larritasun hori lehen lerroan jarri dugu izen horrekin. Era berean, garaiko zentzu komunarekin bat egiten du. Jendearen ahotan dago krisiaren ideia, edo garai nahasiak  direnarena: « pandemia, orain gerra, prezioak… zer izanen da  hurrengoa? ». Garaiko sentsazioarekin, zentzu komunarekin konektatzea garrantzizkoa da. Hortaz krisia erdigunean jartzea.

Azkenik, ezkortasuna konpentsatzeko estetikarekin jokatu dugu alde batetik eta azpi-izenarekin bestetik. Kasu horretan “Gure garaia!” hautatu dugu, leiho bat irekitzen diolako esperantzari, indarrari, ekintzari eta era berean zerbait sortzera goazela ere aditzera eman dezakelako.

Zein izan dira aurten lehen aldikotz iragan diren Ekotopaketen ezaugarri eta  ondorioak?

Iñaki Barcena: Lehen aldikotz ez. 80 eta 90. hamarkadetan ere Hego Euskal Herrian talde ekologisten Jardunaldiak edo Ekotopaketak egin ziren 8-9 aldiz. Ohitura hori zegoen eta hortik ikasi dugu. Egia da Hego Euskal Herrian ekologismoa anitza dela. Talde, kanpaina eta ekimen anitzen bilduma Amalurrak jasaten dituen eraso pilaren aitzinean erantzunak antolatzeko.

Dibertsitatea eta lokalismoa dira ezaugarri nagusiak eta hori ez da beti txarra. Dena den, egoera sozio-ekologikoaren larritasunak bateratze eta elkarren arteko ezagutza eta saretzea behar izaten du. Elkarrekin lan egin, saretu eta muskulu berria eraiki. Horretan ari gara eta Portugaleteko Ekotopaketak bide horretan erakus lehio ederra izan dira.

Geroari begira, Euskal Herrian uhin ekologista bultzatzeko eta gauzatzeko helburua ezarri duzue mahai gainean. Zer nolako ezaugarriak lituzke uhin horrek?

Alaitz Ajuriagerra: Gai sozialekin konektatuko duen ekologismo berria egin nahi dugu, transbertsala izango dena. Izan ere, gure egunerokotasunean ekologismoak bustitzen gaitu arlo guzi edo anitzetan nahiz eta kontziente ez izan, eta bestelako arazo sozialekin bat egin dezake. Borroka ekologista klasikotik haratago joan nahi dugu eta krisi ekosoziala agenda politikoaren erdigunean jarri.  Helburu nagusia jendartera heltzea izan beharko litzateke, gai ekologikoak bizitzen ari garen krisi honetan eztabaidagai egon daitezen; hau da, egun pairatzen ari garen eskubide, zerbitzu, ekonomia galtzea etab.  ikuspuntu ekologistatik ere begiratu dezagun

Ekologistak aspaldian aktibo badira ere Euskal Herriko hainbat xokotan, instituzio eta agintari politikoek ez dute haien ekarpena kontuan hartzen. Nola alda daiteke hori?

Iñaki Barcena: Erran dugun bezala  euskal ekologismoaren antolakuntza, Hego Euskal Herrian behintzat, maila lokalean eta eskualdez eskualde hedatu da. Eta egia da ere zenbait lekutan elkarlaguntza eta aliantzak izan direla udal taldeekin eta kooperatiba eta  enpresa sozial ttipiekin baina oro har instituzio foral eta autonomikoekin gatazkak izan dira nagusi.

Nahiz eta diskurtso berde eta publizitate ekologikoa izan, azpiegiturak, garraio politikak, energia politikak edo hondarkinenak gatazkatsuak dira oso. Eta gainera eragile instituzional eta korporazio antiekologikoen arteko kolaborazioa nabarmena da. Bestalde instituzioen denbora eta epeak eta mugimenduarenak oso bestelakoak dira. Haiek lau urtean behin egiten diren hauteskundeetan pentsatzen badute nagusiki, ekologistak urte luzeko maratoi batena dihardute. Hor dago Abiadura Handiko Trenbidearen proiektua adibidez, horren froga emateko.

A-JauziEkosoziala1

Ezin uka garai gogorrak datozela eta pesimismoa baztertzea neke zaigu anitzi. Zuek ez duzue sentsazio horretan gelditzeko asmorik. Nola mantendu dezakegu itxaropena eta baikortasuna? 

Alaitz Ajuriagerra: Krisi guzietan gertatu izan den bezala, bestelako ereduak lantzeko eta sortzeko aukerak zabaltzen dira. Sistema ekonomiko berria, gobernantza eredu berriak, eredu produktibo berriak… Gure planetaren muga biofisikoak kontuan hartu eta lurraldearen antolamendu berria denon artean adostu behar dugula uste dut. Hartu beharreko erabakiek, maila pertsonalean zein kolektiboan izan behar dute eta horretarako etorkizun desiragarriagoen bila egin behar dugu arraun elkarrekin.

Garai gogorrak datozela ezin uka, eta aldaketa sakonak datozela ere. Egoera bere osotasunean ulertzeko gai izan behar gara eta alternatibak elkarrekin eraikitzen hasi errealitatetik.

Geroari begira, nola gauzatu eta indartu nahiko zenukete Ekotopaketetan erran dena?

Iñaki Barcena: Prozesuak aurrera darrai. Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako aktibisten arteko sarea martxan jarri da eta herrialdeka ari dira batzarrak egiten ekimen eta mobilizazioak prestatzeko. Batzuek dioten moduan krisialdi sozio-ekologikoaren gaiak oso presenteak dira agenda politiko-mediatikoan baina euskal  ekologismoaren aldetik eragile indartsu bat ezinbestekoa da irtenbide justu, demokratiko eta sustengarriak lortzeko. Dudarik gabe, Ekotopaketak eredu eraginkorra izan dira xede horretarako.

Alaitz Ajuriagerra: Ekotopaketetan bildutako indarrari segida eman eta handitzeko abiatu dugun Hego Euskal Herriko ekologismoarentzako prozesu artikulatzailea da aurkezten dugun dinamika, horretarako izen, marka edo txapel bat sortuz: Jauzi Ekosoziala.

Ez da plataforma, eragile edo erakunde ekologista berri bat, nahiz eta horrelako zerbaiten sorrera ortzimugan dagoen aukera izan.

Hots, Jauzi Ekosoziala norabide horretan, eta Ekotopaketen ondotik, bigarren pausu bat da: hazia ureztatzen jarraitzea.

Etorkizuna desiragarria eta bizigarria izateko trantsizio ekosozial justua eta demokratikoa nahi dugu eta hori lortzeko herritarrekin planifikatu nahi dugu, ekologia kezka sozialen erdigunean jarriz eta pausu errealak emanez.

Dinamika erabiltzen dugu, eta ez eragile, antolakunde…, haren izaera irekia edo bukatugabea azpimarratzeko: prozesu artikulatzailearekin hasiko gara eta ibilian joango gara Ekotopaketetan irekitako aukerari forma zehatzagoa ematen. Horren helburua izango da dinamikaren bigarren fasea.

Erran bezala, dinamikarentzat bi fase proposatzen ditugu:

Lehen fasea uda arteko kanpaina da. Gai sozialekin zerikusia duten ekimenak gauzatzea, energia eta klima gai orokorraren ildotik. Horretarako hilabetero ekintzaren bat egitea dugu adostua.

Bigarren fasea, ordea, uda ostean abiatuko dugun eztabaida fasea izango da; tresnaren inguruko barne eztabaida ematea, alegia. Bertan, tresnaren formaz eta oinarrietaz sakontzeko aukera izango dugu. Oraindik argitu ez den oinarrizko kontua da tresnaren izaera: plataforma, koordinadora, eragile autonomoa… Horri erantzuna emateko, ahal dugun guzia egin gogo dugu eztabaida prozesu horretan, eragile eta agente ezberdinekin bilduz.

Helburu nagusia hau dugu: egun bizi dugun krisi ekosozialari aurre egiteko eta instituzioek ukatzen diguten parte hartze politikorako aukera herritarren eta eragile sozialen ekimenez posible egitea eta bideratzea. Xede nagusia hori izanik, JAUZI ekosozialaren dinamika abiarazi dugu.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).