Gure irratietako berriak entzuten direlarik, harrigarria da zonbat ikusgarri, elgarretaratze, erakusketaren proposamenak izaiten diren. Gure Euskal Herri ttipi huntan asko sortzen da eta besteetan egiten denari ere interesatzen da. Hor ditugu lekuko festibalak.
Kultura aipatzen delarik batzutan iduritzen zauku maila batetako jendeari edo jendeaz mintzo girela. Duela hogeita hamar urte bai, orai ez da gehiago egia. Nahi duena joan daiteke antzerkirat, zinemarat, konzerturat, konferentzia batera, liburutegian liburuak mailegatzerat, erakusketa baten ikustera…. Abonamenduak badira laguntzeko. Pixka bat kario erranen dute batzuk… «Ez kirol talde baten sustengu karta bezainbat!!» erantzunen diet.
Zertako balio du kulturak? Hobeki bizitzen laguntzeko, memento goxo eta eder batzuetan murgiltzeko bakarrik, egunerokotik ihes egiteko, edo ere biziaren zailtasuna beste molde batez erraiteko, besteak bizi duenaz jabetzeko…
Eta zer erran herritarrak elkartzeko estakurua bilakatzen delarik? Pastorala, kabalkada, antzerki talde, kantu talde…
Zinez orai, sekulan baino gehiago horren beharra dugu.
Eta denbora hauetan hainbeste arrengura sortzen duen enpleguari ere erantzuten dio: lanbide ainitz sortzen du kulturak.
Beraz, zergatik hain gutti aipatzen da hauteskunde garaietan? Garatu behar den alor baitezpadakoa da hau ere, jendea hobeki biziaraztea baitu helburu.
Agur,
Zer atsegina! Zer plazerra!
Artikulu bat kulturaz!
Zeren kultura gai bai ote da gaurregun?
Edozein hauteskundetan, edozein hautagaien programetan, hitza bera ezaguna ote da? Ahantzia dukete hain segur edo kultura zazpigarren mailako gai bat bilakatua liteke edo tabu bat…
Euskal Herrian edota Frantzian edota basamortuan…
Azkenean! Kulturarik gabeko gero baikor eta zoriontsu bat!
Etsipenik gabe ikimiliklik!
Txomin Heguy