ELA sindikatuaren aburuz, « Sinestarazi nahi digute legeak Kutxabank-en pribatizatzera behartzen gaituela, baina hori gezurra da ». ELAk argitaratutako « Kutxabank: pribatizazioa ez da komeni zaiguna » txostenan « alternatiba bakarra » dela erraiten dutenek « beste aukerak ezkutatzeko asmoz » jokatzen dutela erraiten du sindiatuak. « Kutxabank kapital pribatuaren esku » uztea sekulako arduragabekeria politikoa litzatekela azpimarratuz. EAJ-ren EBBk agiri batean salatu ditu ELA-k Kutxabank-en etorkizunaz errandakoak.
Kutxabank Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aurrezki kutxak bat egitetik 2012an sortu zen bankua da. Bilbao Bizkaia Kutxak, Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Gasteiz Araba Kutxak osatu zuten banku berria.
ELAren ustez Kutxabank pribatizatzea oso larria litzateke, espoliazio bat, kapital pribatuaren esku utziko bailitzateke 150 urtean osatu den guztion ondare bat. Botere politikoak funtsezko tresna bat galduko luke, Kutxabank zein eratako finantza-erakunde izango den erabakia kapital pribatuak bailuke (inbertsio-funtsak, etab.).
Horrela herriaren beharrizan ekonomiko eta sozialak albora uzten dituen finantza-erakundearen eredua finkatuko litzateke, banku komertzial pribatuaren dinamika alegia. Horrela, ELA sindikatuak azpimarratzen du plantan emana izanen litaiken ereduaren oinarriak ondokoak litaizkela: Kreditua murriztuta etekinak maximizatzea, zor publikoarekin espekulatzea, edo etxe-gabetzeak.
Maiatzaren 6an, ELA eta LAB sindikatuek eta hainbat eragile sozialek deituta elkarretaratzea egin da Bilbon Kutxabankeko pribatizazioa bertan behera uzteko eskatuz. Ekintza honen bitartez, Euskal Kutxak-Kutxabanken izaera sozial eta publikoa neurri politiko eta legislatiboekin indartzea eskatu dute eta erakundearen likidazioa salatu dute.
Mobilizazioaren deitzaileek Euskal Herriari begira sistema finantziero publikoa artikulatzea eta, bide batez, Euskal Herriko produkzioaren garapena, pertsona eta euskal enpresa ttipi eta ertainei lotutakoa galdatu dute. Horrela, aurrezkiak gizartearen interesen alde ezarri behar direla adierazi dute.
Jarraian aurkituko dituzue, ELA Sindikatuaren Kutxabank-i buruzko txostena (1), EAJ-ren EBB-eko iritzia(2), eta ELA Sindikatuaren erantzuna EAJ-ri (3).
(1) Kutxabank : pribatizazioa, ez da komeni zaiguna (ELA Sindikatuaren, Azterketak saileko 29. alea, 2014eko maiatzekoa)
(2)EAJ-PNVren EBBren adierazpenak ELA-STV-k Kutxabank-en etorkizunaz errandako gezurren aintzinean:
(3)ELA sindikatuak bere eskariari eusten dio : Kutxabank ez da pribatizatu behar